Skip to main content

EKAITZ BIOKIMIKOA ETA AUSARDIA

LEIRE

Begien atzean hasten da, amigdala izeneko zelatari txikian. Hark pizten du sua, eta segundu gutxitan, gorputza gerra-zelai bihurtzen da.

Hipotalamoak aginte-makila hartu eta adrenalina askatzen du zainetara. Bularraren kaiolan hegazti baten hego-kolpeak sentitzen ditut behin eta berriro. Zelulak gose dira, oxigenoa behar dute, baina arnasketa moztu egiten da.

Gibelak odola azukrez betetzen ditu. Muskuluak tenkatu egiten dira, ekintzarako prest daude, nahiz eta arriskua begi bistakoa ez izan.

Atzetik dator kortisola, mantsoago baina sakonago. Digestioa eta pentsamendu bareak itzaltzen ditu, indar guztiak bizirautera bideratuz. Mundua estutu egiten da; dena da orain eta hemen.

Barneko sakontasuneko lurrikara honetan, gorputz osoa dardarka daukat eta bihotza kolpeka, ihes egin nahi balu bezala. Une honetan hain zuzen ere, ausardiaren balioa etortzen zait burura.

Orain, inoiz baino hobeto ulertzen dut lau urteko ume nerbioso hura. Igerilekuko eraikinean sartu bezain laster, hezetasun usain hori gorputz guztiaren tartetatik igarotzen zen. Urduritasuna, hura saihesteko ezer egin ezinik, berataz jabetzen zen.

Bere amak astero sinestarazi behar zion normala zela hasieran ezezagunari beldur izatea, baina astero kopla berdinak errepikatzeko arrazoirik ez zegoen. Hala ere, ez zegoen modurik. Eguna iristen zen eta berriro sentitzen zituen tximeleten hegaldi nahasia bere sabelaldean.

Azkenean, ulertu zuen ausardi kontua zela. Amarekin izandako elkarrizketak buruan izanda, sakon hartu arnasa eta pauso bat aurrera eman zuen. Erantzuna bere baitan zegoen.

Hogeita hiru urte pasa dira, baina berriro sentitzen naiz lau urte nituenean bezala. Pauso bat aurrera eman dut, eta orain hemen nago eserita, zerura begiratzen eta laster, zeruarekin bat eginda. Nork esango zidan niri, igerileku hartako ume beldurtiari, gaur izarrak ukituko nituela? Hotzikara bat. Berriro sortu zaizkit korapiloak sabelaldean, baina oraingoan helburua ez da igerilekuko ura, izarren arteko hutsunea baizik.

Ez dago hezetasun usainik, oraingoan material berrien usaina jaun eta jabe da. Mila makina daude inguruan, bakoitzak kolore ezberdineko argitxoekin: batzuk dar-dar egiten dute, nire gorputzak bezala; beste argi batzuk, ordea, tinko daude, segurtasuna erakusten dute, espazio-ontziko gidariaren ziurtasuna bezain inbidiagarria.

Galileo Galilei ere burura etortzen zait. Inkisizio guztia bere atzetik izanda ere, aurrera jarraitzearen erabakia argi zeukan, zientziaren alde, egiaren alde.
Egia ikertzeak, munduak gezurraren erosotasuna nahiago duenean, ausardi ikaragarria eskatzen du. Zientziaren historia buru distiratsuz beteta dago, ezjakintasunaren aurka borrokatzeaz gain, mehatxutzat hartzen zituzten erakunde boteretsuen aurka borrokatu zirenak.

XVII. mendean, heliozentrismoa defendatzea ez zen soilik astronomiaren aldeko jarrera bat, baizik eta garaiko interpretazio biblikoaren aurkako heresia zen.

Galileo Galilei epaitu egin zuten, belauniko atzera egitera behartu, eta bizi osorako etxeko atxiloaldia ezarri zioten. “Eppur si muove” xuxurlatu omen zuen epaitegia bukatu zen momentuan, hau da, “eta hala ere, mugitu egiten da”.

Hala ere, inoiz ez zuen amore eman. Etxean bazen ere, ikerketak egiten eta idazten jarraitu zuen bere alabaren laguntzarekin. Paradoxa bazen ere, bere alaba elizaren zerbitzaria zen baita ere. Paradoxa bat zen, zinez. Galileo, dogmen aurka egiteagatik kondenatua, bere alaba Virginiagan aurkitu zuen babes handiena; elizaren zerbitzari sutsua zen monja batengan, hain zuzen. Virginiak, konbentuan itxita egon arren, bere aitaren espiritu askea elikatzen zuen eskutitzen bidez.

XXI. mendean, Eguzkiaren inguruan bueltaka dabilen gure Lur planeta urdin maitea, inoiz baino kaltetuago dago. Gizakien kudeaketa traketsari esker, aspaldi daude gure planetaren baliabideak agortuta. Orain, beste leku batetatik baliabide horiek lortu eta Lurrari berregiteko denbora eta espazioa emateko momentua da. Galileok zerura begiratzen zuen egia bilatzeko. Gaur, ni naiz zerura doana.

Nire helburua ez da izarrak konkistatzea, Lurra, gure etxe zigortua, salbatzea baizik. Gorputzean piztutako ekaitz biokimikoaren tximistek eta trumoiek ez naute itsutu. Dardara eta beldur ororen gainetik, sentitzen dudan zirrara unibertsoa bera bezain zabala da orain. Adoreak urduritasunaren muga zeharkatu du, eta behin borroka hori irabazita, ilusioa da nire baitan gerra guztiak garaitu dituen bakarra.

Goazen zientziaren eskutik ametsak eraikitzera.