Skip to main content

MUNDU BERRI BAT

Barrow

一 Alexa, prest al zaude?

Lan handia genuen gure aurretik. Bidaia luzea izango zen, luzeegia. Nahiz eta denbora gehiena lotan emango nuela jakin, nire lehen aldia zen horietako suziri erraldoi batean; nire lehen aldia laborategitik kanpo lan egiten, egiatan. Ez nuen Lurreko gizartea ulertzen, gerraz eta pobreziaz beteta, eta horregatik unibertsoko izar eta planetak ikertzen nituen, beste bizitza-motak aurkitu nahian.

Hasieran, denek esaten zuten etorkizunik gabeko ogibidea zela, hobe medikuntza edo zuzenbidea ikastea. Hala ere, 2077an deskodifikaezina zen irrati-seinale bat jaso genuen Kepler-186f exoplanetatik. Handik aurrera, makineria guztia martxan jarri eta espaziora jaurti ninduten, Alexa eta kafeina-iturri amaigabe batek lagunduta.

一 Noski, kapsula kriogenikoa hogeita hamar segundotan itxiko da. 492,3 argi-urtetan elkar ikusiko dugu berriz. Ondo lo egin.

Txikitan, etorkizuna garai teknologiko eta utopiko bat bezala imaginatzen nuen, zeinean denek komunitate loretsu batean biziko ginatekeen, ez zabor ezta oihuen artean ere. Lehenengo gerrak etorri ziren. Lagunak lagunen kontra. Umeak negarrez. Familia osoak sotoan ezkutatuta. Ondoren gaixotasunak agertu ziren. Ikerketa-lan hura gure aukera bakarra zen.


Oraindik ere oihuka esnatzen nintzen. Desberdintasun bakarra txirrinen soinua zen. Batzuek misilak zetozela adierazten zuten; beste batzuek, aldiz, Alexak larrialdi batengatik suziriaren ibilbidea aldatu behar izan zuela adierazten zuten.
Koordenatu ezezagunetan geunden. Leihotik ez zen ezer ikusten, soilik iluntasuna eta isiltasuna. Agian horrelakoa zen heriotza; iluna eta isila. Jaurtiketaren aurretik bidaia honen arriskuak buruz nekizkien, eta prest nengoen zientziaren izenean hiltzeko, baina erantzunak nahi nituen. Erantzunak behar nituen.

一 Zizare-zulo batetik igaro gara. Aurrean dagoen planeta Kepler-186f da. Berrogeita bost segundotan lurreratuko gara.

Ez zen posible. Inondik inora. Hilda geunden. Desintegratuta. Ametsetan, kasurik hoberenean.

一 Alexa, nola da hori posible?

一 Ez dut informazio nahikorik horri erantzuteko. Hala ere, hona hemen zizare-zuloei buruzko informazioa: Zizare-zuloak Einstein-Rosen zubiak bezala ezagunak dira ere. Orain arte hipotetikoak ziren, inork ezin izan baitzuen haien existentzia frogatu. Espazio-denbora tolestura bat bezala ulertzen bada, zizare-zuloa tolestura hori ebakitzen duen fenomenoa da. Teoriei dagokienez, gerta liteke gehiegi konprimatzea. Ondorioz, ebakidura hori desager daiteke eta bere ordez zulo-beltz bat agertu.

Zortea izan zen, besterik ez. Momentu eta leku egokian geunden. Horregatik ez ginen hil. Bizitzak emandako bigarren aukeratzat hartu nuen. Nire egitekoa bete behar nuen.


Hotz handia egiten zuen. Karbono dioxidoz, sufre dioxidoz, nitrogenoz, eta oxigeno gutxiz osatutako atmosfera zuen. Belarra hazia zegoen lurrean, baina guztiz beltz zegoen. Mendi handiak zeuden; guztiak izotzez beteta. Lakuak ere. Nire buruaren gainean geruza fina zegoen. Ez zen argi-izpirik igarotzen planetaren gainazalera. Zerutik eurratsa erortzen zen. Leku horrek behin bizitza eduki izan balu ere, jadanik ez zen garai hartako ezer geratzen.

Ibiltzen hasi nintzen, eta ibiltzen jarraitu nuen nire hankak dardarka hasi ziren arte. Oraindik bizirik zegoen zerbait aurkitu behar nuen. Mikroskopikoa zen zerbaitek balioko zukeen. Baina zerbait behar nuen. Nire bizitzari eta bidaia horri zentzua emango zion zerbait.

Nekeak eta etsipenak gidaturik, lurrera erori nintzen. Negarrez hasi nintzen. Oihuka, agian. Ez nintzen ezer entzuteko edo ikusteko gai. Artifiziala ez zen airea arnastu nahi nuen. Kaskoa kendu eta euri-tantak azalean irristatzen hasi zitzaizkidan. Sentsazioak berriro esnatu ninduen, bat-batean azkura handia nabaritu nuen eta. Ez zen euri arrunta, atmosferako sufre dioxidoaren eta nitrogeno dioxidoaren arteko erreakzioak eragindako euri azidoa baizik.

Aterpe bila nindoala, batere naturala ez zirudien soinuak arreta deitu zidan. Belar beltzaren azpian metala zegoen, tranpol bat. Irekitzerakoan, tresnaz beteriko laborategi batekin topo egin nuen. Mahai gainean, denetariko laginak zeuden; arrokak, harea, ura edota belarra zituztenak, baina are deigarriagoa zen laborategia energiaz hornitzen zuen sistema oraindik funtzionala zela.

一 Sistema zentralarekin hitz egin nahi dut.

一 Mezu hau programatuta dago behin eta berriz errepikatzeko 一gizon baten ahotsak jarraitu zuen一. Gizateria desagerraraztear dago. Ziur nago. Azken astean bi hondamendi natural jasan ditugu. Zientzialariok ez dakigu nola konpondu mundu hau. Arazoa gure burugabekeria izan da. Pentsatu genuen natura gaindi genezakeela; hura ustiatu nahi genuen bezain beste. Baina ez du horrela funtzionatzen, eta orain ondorioak jasaten ari gara一 pausa luzea egin zuen, bere pentsamenduak ordenatzeko modukoa 一. Lagin batzuk bidali ditugu Lur planetara, berriro hasteko nahian, han bizitzeko baliabide oparoak baitaude一 beste pausa bat一. Mezu hau entzuten bazaude, barkaiguzu, baina zure laguntza behar dugu. Ez utzi mundu hau usteltzen, mesedez, Lurrarekin batera oso bitxia baita.

Ezin nuen sinetsi. Guk geuk bidali genuen irrati-seinalea. Guk geuk planeta klima aldaketaz birritan ito genuen. Ni neu itotzen ari nintzen.

Gela hartatik atera nintzen. Gutxienez, eguraldia baretu zen. Ez nekien zer egin. Ezin nintzen Lurrera itzuli. Planeta hau gure iragana eta etorkizuna zen, aldi berean, eta zerbait egin behar nuen nire amaiera ez izateko: zientzialari haren itxaropenari eutsi. Nire irtenbide bakarra zen, eta horregatik nire gaitasun guztiak zeregin horretan jarriko nituen, jende xumeak, ekintza txikien bidez, mundua alda dezaketelako. Halaber, oraingoan, gure akatsetatik ikasiko genuen.

一 Alexa, prestatu makineria guztia. Lan handia dugu gure aurretik.