Skip to main content

Kiropteroen helegitea

Biotrupes

Kiropteroen batzar orokorrak zera adierazten du:
Argi eta garbi aldarrikatu nahi dugu kiropterook ez garela inondik inora saguak. Erabat sinesgaitza egiten zaigu, eta behin eta berriro galdetzen diogu gure buruari ea nola den posible hainbesteko ezjakintasuna egotea gizakien artean. Zeren gauza bat da ez asmatzea, eta beste bat ia mundu guztiak gurekin okertzea. Eta ez hori bakarrik, izan ere, guri esleitutako ia izan guztiei “malaletxe” kutsu nabarmena darie.

Hankasartze nabermenena italierak egiten du; “pipistrello” hitzaren esanahi literala “arratseko txoria” izaki ugaztunetatik ere ateratzen gaitu-eta. Ai ama, non geratu den garai bateko erromatar kulturaren jakinduria.

Beste guztiek, ugaztunak bai, baina saguekin nahasten gaituzte lotsagabeki. Ados, urrunetik edoeta begirada arin batetik ikusita, saguen antza pitin bat izan dezakegula, txikitxoak eta iletsuak garelako. Ez besterik ordea! Hasteko, ez gara karraskariak intsektujaleak baizik, beraz, arestian aipatutako ezaugarriak kenduta ez gatoz inolaz ere saguekin bat.

Eta gero “sagu” izenari lotzen zaion izenlagunarena dator, oraindik ere, aurreko okerra baino iraingarriagoa izan ohi dena. Adibiderik arinena, baina zorigaiztokoa ere, katalanera litzateke. “Ratpenat” hitzak literalki esan nahi du sagu hegaduna. Tira, agian hori izango da benetako esanahia, baina egia da ere bai, “penat”-ek penatua ere esan nahi duela, hau da, triste edo goibela.

Eta hemendik aurrera izen zaurgarriekin hasiko gara. Esaterako, gaztelaniaz (murciélago), galegoz eta portugesez (morcego) itsuak garela leporatzen digute. Egia da, gautiarrak izanik, ekolokalizazioa askoz gehiago garatu dugula, eta horren ondorioz, gure ikusmena bigarren maila batean geratu zaigula. Baina hortik itsuak izatera koska handia dago.


Frantsesarenak ez dauka ez hankarik, ez bururik. Izan ere, “Chauve-souris” hitzak sagu burusoila adierazten du. Hara bestea!! Argi dago ez garela ardiean ezta hartzen parekoak, baina badira beste hainbat animalia gu bezain kaskamotz, edoeta are kaskamotzagoak eta horregatik burusoilak ez direnak ere. Bada gu bai ordea.


Eta bukatzeko, euskaraz ari garen honetan, saguzaharrak esaten digute. Eta guztiz harrigarria bada ere, euskaldunak normaltzat hartu dute, eta antza denez orain arte inork ez du horrelakorik zalantzan jarri. Hau da, antza denez, inolako kontzientzia-kargurik gabe, ez dute inoiz bere buruari galdetu ea zergatik gu kiropterook zaharrak ote garen.

Izan ere, izen hori onartzeak honako hausnarketa honetara eramaten gaitu: Saguak sagu jaiotzen gara, eta sagu izaten jarraituko dugu zahartzen garen arte. Orduan, anfibioen zapaburuen antzera metamorfosi moduko bat pairatuko dugu baina gure kasuan, ez dago ingurune aldaketarik eta prozesu guztia lehorrean ematen da. Haien antzera buztana desagertu egiten da, baina oraingoan aurreko hankak hego bihurtzen dira; begiak txikitu egiten dira eta belarriak, berriz handitu, eta azkenik, hortzeria goitik behera aldatu eta karraskaria zena intsektujale bilakatzen da.

Baita zera ere!!
Eta nor, eta zuek, zuen buruari, inolako apaltasunik gabe, espezie adimenduna esaten diozuen horiek.


Horregatik guztiagatik honako eskaera luzatzen, eta era berean, exijitzen diegu; alegia, gure izena oker duten hizkuntzaren akademia guztiei horrelako izen faltsu eta iraingarriak behingoz eta lehenbailehen alda ditzatela.