ENARAREN ZIENTZIA ESPERIMENTUA

Udaberriko eguraldi atsegina zegoen arratsalde hartan. Eguzkiak giroa goxatzen zuen, eta haize leun goxoa zegoen. Enara eskolatik ekarri ondoren, etxean erabiltzen zituen arropa zaharrak jantzi, baita eguzkitik babesteko kapela urdina ere, eta lorategiko loreak ureztatzen ari zen Irati. Lehenik lilipak loratu ziren, udaberriaren hasieran adierazten zuten lore hori politek lorategian. Ondoren etorri ziren urkitzak. Iratik gogoko zuen ikustea nola loreek ireki aurretik zuten kolore arrosa, ireki ondoren zuria bihurtzen zen. Ostargi-belarrak ere ederrak zeuden; lorategia zuriz eta morez janzten zuten. Kalak, petuniak, ilena... kolorez beterik zegoen lorategia.
- Baina zertan ariko da Enara etxe barruan? Ez ote du atera nahi?
Ureztagailua bere lekuan utzi eta etxe barrura sartu zen Irati.
- Enara, zertan zabiltza?
Egongela nahaspilaturik zegoen, dena bere lekutik aterata, liburutegia ere hustu samar zegoen, eta bertatik Enararen logelaraino liburuak lurrean, bidea erakusten ari balira bezala.
- Enara, lapurren bat sartu al zaigu etxean?
- Ez dakit, ama.
- Egongela hankaz gora dago, zure logela ere bai... pentsatu dut agian lapurren bat sartu dela.
- Ez! Ni izan naiz! - liburu bat hartu, begiratu, utzi eta korrika beste liburu bat hartu zuen Enarak, hau ere segituan utzi eta beste bat hartu; geratu gabe zebilen hara-hona.
- Ea, esango didazu zer gertatzen zaizun? Gaur ostirala da, eguraldi zoragarria dago eta zu, hemen, liburu artean?
- Astelehenerako zientzia esperimentu bat egin behar dut, gelakideei aurkezteko. Ez dakit zer egin!- Negarrez hasteko zorian zegoen.
- Tira, nik baduk ideia bat!
- Bai? Zer pentsatu duzu?
- Ogia egin dezakezula.
- Ogia? Zientzia esperimentu bat egin behar dut! Ez sukaldean!
- Ba ogia egitea zientzia esperimentu bat da. Nitaz fidatzen zara?
- Ba... bai.
- Has gaitezen, ba, lanean!
Sukaldera joan ziren biak, Enara apur bat mesfidati, oraindik ere, eta eskuak garbitu ondoren, amak hozkailutik beirazko poto bat atera zuen. Barruan kolore arreko ore likatsu bat zegoen.
- Aj! Zer da hau?
- Orantza. Leku batzuetan berantzagia ere deitzen diote. Honekin egingo dugu ogia. Orantza hau egiteko ura eta irina nahasten dira. Baina garrantzitsuena ikusten ez den osagai bat da.
- Zer da ikusten ez dena?
- Legamia. Guk ikusten ez ditugun arren, airetik legamiak barreiatzen dira; hauek bizitzeko ura eta jatekoa behar dute, kasu honetan, irina jaten dute. Beste batzuek, sagarraren azukrea jaten dute, eta zer sortzen da horrela?
- Sagardoa?
- Hori da! Potetxo honen barruan legamiak ditugu. Hozkailuan lotan egoten dira, beraz, lehenengo lana esnatzea izango da. Oso erraza, leku epel batean jarri, sukaldean ondo egongo dira, eta ura eta irina nahastuko dizkiogu orantzari. Lotara joan aurretik gauza bera egingo dugu eta gau osoan lasai utziko diegu legamiei esnatzen joan daitezen!
- Nik botako diet ura eta irina!
Hurrengo goizean Enara gogotsu zegoen ogia egiteko.
- Zeinen usain ona duen honek! Zer egin behar dugu orain?
- Orain orantza aktibaturik dagoenez, nahi dugun ogi kantitatea egiteko behar ditugun ura eta irina gehituko dizkiogu.
- Zein osagai gutxi behar diren ogia egiteko! Ura eta irina, besterik ez!
- Halaxe, da. Gatz apur bat ere botako dugu. Eta ez ahaztu legamiak hor daudela, eurek egiten dute lan handiena! Primeran! Orain eutsiozu oreari mutur batez, tira kanporantz... hori da, eta tolestu erdirantz... eman buelta oreari eta berriro egizu gauza bera... jarraitu oratzen!
Enarak orea lantzen jarraitu zuen.
- Dibertigarria izan da!
- Bai, eta orain bai oreak eta bai guk atsedena behar dugu. Zapi busti honekin estalita utziko dugu eta legamiei lanean utziko diegu lasai-lasai.
- Denbora luzez?
- Ba orain ordubete utziko dugu, gero ogiari forma eman eta gero lau-bost ordu gehiago utziko dugu.
- Eta sukaldean ez du bero gehiegi egiten?
- Ez! Epelean lan gehiago egiten dute! Eta bukatzeko labean sartuko dugu ogia.

Aitorrek harro bukatu zuen bere azalpena.
- Eskerrik asko, Aitor. Interesgarria izan da zure esperimentua. Dilistekin bezala, beste landare batzuekin ere egin dezakezue proba, hazitik landarea nola sortzen den ikusteko. Pipak nola irekitzen diren ikustea, izugarria da! Ea, Enara, zure txanda. Zer ekarri duzu?
- Amaren laguntzarekin egin dudan ogia.
- Hara! Azaldu iezaguzu pixka bat.
- Ogia egiteko bi osagai nahiko dira, ura eta irina. Tira eta gatz apur bat. Baina garrantzitsuena legamiak dira. Legami batzuek hartzidura alkoholikoa egiten dute. Prozesu honetan glukosatik etanola eta karbono dioxidoa sortzen dira. Azkeneko hau, gasa denez, zabaltzen hasiko da orearen barruan eta ogia harrotu egiten da. Labeko berotasunarekin, berriz, etanola lurrundu egiten da. Ogia egiteko legamia erosten dugunean, hartzidura hau egiten duten legamiak soilik izaten dira. Baina ogia egiteko orantza erabiltzen badugu, hauez gain, badira beste legami mota batzuk ere, hartzidura laktikoa egiten dutenak, hain zuzen ere. Hartzidura honetan laktosa eta maltosatik abiatuta glukosa eta azido laktikoa sortzen dira. Honi esker, guk errazago digeritzen dugu ogia. Jogurta esnea baino errazago digeritzen dugu bezalaxe.
- Oso ondo, Enara! Etxean ere zientzia ugari dago eta bikain azaldu diguzu ogiarena. Dilistak, ogia... zuek ez zarete goseak hilko, ez horixe!
  • Hits: 103