NATURA ETA ZIENTZIA BATZEN DIRENEAN...

Zenbait urte pasa dira nire bizitzako bidaia hasi zenetik: argizariko har bat naiz. Hemen finkatu baino lehen Kongoko Errepublika Demokratikoan bizi nintzen nire anai-arrebekin. Lurralde gogorra zen hori; bost zentzumenak adi eduki behar zenituen beti. Taldeen arteko hilketek leku hori zer zoragarria izan zitekeen ezkutatzen zuten, jendea miserian bizi zen nahiz eta munduko lur aberatsenetakoa izan. Hala ere gauza guztiek dute bere alde ona. Zuhaitzez beteriko paisaia hori elikagai, ur, animali… azken batean, bizitzaz gainezka zegoen. Landareek igortzen zuten freskurak laztandu egiten ninduen, gorila kumeak jolasten ikusiz gozatzen nuen… Zoriontsu nintzen, oso zoriontsu lehorte handia iritsi zen arte.
Nahiz eta urtaro hezean egon, egunero eguzkiaren diztira gehiego egin eta argi orduak handitu egin ziren. Denborarekin, euri kantitatea izugarri gutxiagotu zen kate hilgarri bat sortuz. Euri faltaren ondorioz, landareak egarriz hiltzen hasi ziren eta hauekin batera animali belarjale eta haragijaleak. Nire bizitzaren eszenatokia izandako paisaia nire oinpean zimeltzen zihoan. Egoera larria ikusirik, nire anai-arreben agintea hartu eta gelditzen zitzaidan ausardia bilduz, nire izatearen erabaki mingarri eta garrantzitsuena hartu nuen: beste lurralde aberatsago batera ihes egitea. Ikaratuta nengoen, baina Kongoko Errepublika Demokratikoan geratzea nire hilobia zulatzea iruditzen zitzaidan. Bidaiarako prestaketak egin eta ibiltzen hasi ginen. Oztopoz betetako bide luze bat genuen aurretik:
Txadeko basamortuan okil baten erasoari aurre egin genion: Denak nekatuta eta egarri ginen, baina ingurune hori uzteko nahia nekea baino indartsuagoa zen, horrek ibiltzen jarraitzera bultzatu gintuen. Orduan, hegazti bat begiztatu genuen. Okilak gu ere ikusi gintuen eta arintasun handiz gure gainera oldartu zen gu bezain gose baitzegoen. Une hartan kide asko galdu genituen.
Aurkitu genuen hurrengo oztopoa mugagabea zen: itsasoa. Tripolin, Libiako hiriburuan, aurkitzen ginen. Hainbeste jende artean desorientatua nenbilen eta kaleetatik noraezean ibili ondoren portura iritsi nintzen. Txalupaz betetako itsaso urdina txundituta begiratzen nuen bitartean, begiak merkantzia ontzi batean finkatu nituen. Itsasontzi hartan ezkutuko bidaiari bezala bidaiatzea zen ikusten nuen irtenbide bakarra. Bi aldiz pentsatu gabe ontziratu egin ginen.
Bi egun igaro ziren nire ahizpak "lurra begi bistan!" esan zuen arte. Santander deitzen zen leku batean lehorreratu ginen. Ondoren, bidaia hau egitera behartu gintuenaren bila joan ginen: ura eta elikagaiak. Mendian kokaturiko erlauntz batean hori, eta gehiago aurkitu genuen. Erleek sortutako argizaria jaten betekadak ematen genituen, ondoan zegoen errekak ur garbi eta freskoa eskaintzen zigun… Nahiz eta Kongoko Errepublika Demokratikoa faltan bota lurralde hartan etxean egongo banintz bezala sentitzen nintzen. Aste batzuk igaro ziren, niretzat ezezaguna zen izaki batekin aurrez aurre topo egin nuen arte. Itxuraz gizaki bat zen, baina azala kolore zurikoa zeukan. Erlauntz barnean aurkitzen ginen etxeko zereginak egiten hau finkatuta zegoen tokitik askatu eta argiak itsutu gintuenean. Ikusmena berreskuratu nuenean, emakume bat abaraxka heltzen ari zen. Nire lehen sentimendua ikara izan zen. Nire buruak ihes egitea eskatzen zidan,baina nire gorputzak ez zuen erantzuten. Orduan, emakumeak ustekabeko mugimendu bat egin zuen: nire familia osoa eta ni hartu eta poltsa batean gorde gintuen.
Etsita nengoen: egun batetik bestera gure etxebizitza galdu genuen eta jada gure sabelak zimurtzen hasiak zeuden. Aste bete igaro zen eta ihes egiteko azken ahalegina egin nuen: poltsa osatzen zuen plastikoa hozkatzen hasi nintzen eta nahi gabe plastiko zati bat irentsi nuen. Hasieran, zapore nazkagarria izango zuela pentsatu nuen, baina kontrako efektua eman zen: goxoa, oso goxoa iruditu zitzaidan. Nire anai-arrebak berdina egitera gonbidatu nituen eta denen artean ihes egitea lortu genuen. Logela ezezagun batean aurkitzen ginen. Une hartan, emakumea sartu zen. Gu ikusita liluratuta zirudien. Bere begirada gugan finkatzen zuen, gero plastikoan eta ondoren gugan berriz ere, horrela etengabe.
Hurrengo egunetan, bisitak etengabeak izan ziren eta gizakiek gu plastikoa jaten ikusita harriturik begiratzen gintuzten. Haien begiak ilusio, emozio eta itxaropenaren islada ziren.
Gaur egun, zientzialariak interes guztia jartzen ari dira gugan plastiko izeneko material hilgarria erauzteko. Nork esango zuen gu, munduan punttu ñimiño bat besterik ez garen izaki batzuk, gizateria osoaren salbatzaileak izan gaitezkela.



“Oraingo honetan badirudi, plastikoaren arazoari aurre egiteko konponbidea naturak eman digula, hori bai zientziaren laguntzarekin.”

“Zaindu dezagun natura, berak gu zaintzen gaituen bezala!!!”


  • Hits: 8

ESCOLA D'ESCRIPTURA

EUSKAL ETXEA

AEELG

EDITORIAL GALAXIA

METODE

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

EL HUYAR

AELC

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

IDATZEN