Itsas zaldian trostaka

100.000 milioetako bat naiz ni. Bihurri eta jostaria, beti elkarri kitzikatzen egoten garen horietako bat naiz ni. 100.000 ahizpekin batera, itsasoko likitsa eta olatuen joan-etorri etengabea maite dugu eta, horregatik, itsas-zaldiaren brankiatan bizi gara. Denak lo daudenean, arnasa hartu eta igerian egiten dut nik eta besteak. Batez ere atzerantz igeri egitea gustatzen zaigu: gibelera, urrunera, behera, sakonera igeri egitea: gorputz atal denak atzera luzatuz, atzean dagoen hori harrapatu nahiko bagenu bezala. Ez da hori, hain justu, zuek gizakiek azkenaldian egiten duzuena (akaso inoiz begiratu al duzue gehiegi sakoneran?), urrun eta sakon begiratu, atzean utzitakoa harrapatzen saiatu; jendeak nahiago du aurrera begiratu, gelditu gabe aurrera jo, aitzinera so, abantzura segi… Finean, gehiegi pentsatu gabe progresuaren uretan murgildu, nahasmendurik eta minik ekarriko ez duen ur gardenetan murgildu. Oraindik ez dut ulertzen zer dela eta nahiago duzuen aurrera igeri egitea atzera baino, goxo-goxo egoten da-eta guregana zatozenean! Itsasoan buruz behera jartzean bezala, gorputza solte, edonora iritsiko zarenaren sentsazioak hartzen zaituenean bezalaxe...

100.000 milio baino gehiagoko familia osatzen dugu, bai, baina bakoitza berera doa hemen. Soilik egun handitan elkartzen gara eta ene, hau festa denak dantzan eta igerian eta solasean hastean… Egun handi horietako bakoitzean, familia handiko familia txikiagoek azaldu egiten duten zertan ibili diren azkenaldian, zerk kezkatzen dituen, zer gogoratzen duten. Adibidez, gutako batzuek maite dute txikitan aitona-amonen etxeak zuen usaina gorde eta gogoratzea, edo ekaitza egin berritan sortzen zen usaina atxiki eta gerora gogoratzea: ongi gordetzen dituzte itsas-zaldiaren ertz batean, eta, halako egun handietan, berreskuratu egiten dituzte usainok zuentzat. Gutako beste batzuek maite dugu entzutea, txikitan izkin batean egindako negar-zotina, udako kontzertuko musika edota gauetan, herrian, hontzak egiten duen ulua. Gutako beste batzuek gogoratzen dituzte azal iluneko lagunaren laztana, gabonetako jantziaren ehundura, joan zitzaigun Txikiren ilearen orrazkera… Eta horrela gertatu zaizkigun gauza guztiekin: guk gordetzen eta sailkatzen ditugu gero zuek, familia osoa elkartzen garen egunetan (zeinek bat egiten duten malenkoniatsu jartzen zareten egunekin), gogora ditzazuen: usainak gogoratzen dituzten ahizpak beretik jartzen dute, soinuak gogoratzen dituztenek beretik, eta horrela ahizpa guztiek zatika gogoratzen dutena bateratu eta zuek izango duzuen oroitzapena berreraikitzen dugu, iraganean gertatutako horrekin ahalik eta antza handiena izan eta ahalik eta gertuen izan dezazuen oroitzapena.

Baina kontuz, jostariak bezain iruzurgileak baikara gu, zeren igeri egitea maite dugu ito-pasadak egitea bezainbeste, egia bezainbeste maite dugulako iruzurra: ikusten duguna zoko honetan, entzuten duguna beste horretan, ukitzen duguna urruneko zoko hartan: disekatu egiten ditugu oroitzapenak, eta gero, berreraiki egiten ditugu zuk osotasunean gogoratzeko. Baina baliteke gutako batek akats egitea (batzuetan nahita, besteetan nahigabe) eta data okerra gogoratzea, edo emozio okerra gogoratzea, edo lagun okerra gogoratzea: eta ez izatea zu txakurra laztantzen duena, edo usaina ez izan aitona-amonera, edo txikitako musu hori ez izatea zuk imajina bezain miragarria, edo are! Ahaztu izana nagusiaren errieta hura… Bai, guri esker egin dezakezu igeri memoriaren itsasoan. Hala ere, batzuetan itsaso horrek basamortu itxura hartzen du, eta basamortuetan nola, oasi lasaigarriak direla uste dugun horiek ez dira ispilatze hutsa baino.

Agian nahiago duzu kontatzen dizudan hau betirako ahaztea eta itsas-zaldia den hipokanpoan gauden neuronen jolas apetatsuaz disfrutatzen jarraitzea, batzuetan tranpa egiten dugula ahaztuz… Beraz, ez dut inon gordeko testu hau irakurri duzunaren oroitzapena ;)
  • Visto: 227