Amets egiten

Txikitatik jakin izan dut: ama izan nahi dut. Horrexegatik, oso adi egon nintzen zikoinako ipuina kontatu zidatenean lehendabiziko aldiz, “Gure gorputza” izeneko liburua oparitu zidatenean ondoren, eta azkenik eskolako anatomiako saioetan. Dena prest, beraz. Momentua iritsiko zenean, jakingo nuke zer eta nola egin.

Urte ugari ondoren, momentua iritsi da. Bikotekide maitakorra eta egonkorra aurkitu dut eta saiatu egin gara. Ez dugu lehenengo saiakeran lortu, bistan da. Berriz saiatu gara, eta ezer ez. Berriz ere saiatu, berriz ere huts egin. Hilabeteak pasa orduko, ginekologoenera noa, kezkaturik. Badator zaplastekoa: ez naiz hain emakume emankorra.

Frogak hasi dira. Odol, gernu, hormona, zelula eta DNA analisiak. Anatomiako liburuetan agertzen ez ziren hitzak ikasi behar izan ditut: ekografia, zitologia, histeroskopia, erresonantzia, biopsia, histerosalpingografia, laparoscopia. Pijama urdindunek nire gorputza miatzen dute, ni ohetilan etzanda. Xiringen, orratzen eta kamaren festibal horretan, laginak hartu eta aztertzera bidaltzen dituzte. Gizakia ala laborategiko sagua al naiz? Jarraitzeko, diagnostikoen turrusta: hormonen desoreka, endometriosia, hidrosalpinx. Agian erreserba obariko baxua ere bai. Diagnostiko bakarra nahikoa ez balitz bezala.

“Lasai egon, tratamenduak badaude”, diote bata zuridunek. Bikotekideari begietara begira, ez dakigu ea ongi ulertu dugun. Hala ere, aurrera. PCR negatibo eman, tratamenduari ekin. Ebakuntza-gela hotz eta esterilizatuan sartu eta “Aupa neska, bikain ari zara” diote pijama urdindun eta arrosadunek. Berriz ohatilan, erdi biluzik, bakarrik. Berriz orratzez eta xiringaz josita. Lokartzen naute. Esnatzerakoan, ez zait iruditzen bikain ari naizenik. Mina dut, gorputzan ebakuntzagatik, eta bihotzean beste arrazoi batengatik: antzua naiz, behin betiko. Ezin izango dut haurdun egon batadunen laguntzarik gabe.

“Ebakuntza bikain atera da. Obarioen estimulazioarekin has gaitezke”. Berri on bat, azkenean. Ala ez hain berri txarra, hobeto esanda. “Tratamendu hormonalarekin hasiko gara, talde multidiziplinar baten laguntzarekin”. Endokrinologo, nutrizionista eta psikologoari buruz ari da. Berri ona, ezta? Bakar bakarrik sentitzen naiz eta.

“Tratamendua ongi doa, obarioak prest daude. Egindako esfortzuak nabari dira. Orain obulo-ateratzearekin jarraitu dezakegu, eta in-vitroari ekin”. PCR negatibo eman, obuloak atera. In-vitroa martxan dago, eta enbrioiak azkenean prest. Ebakuntza-gela hotz eta esterilizatuan sartu. Xiringen festibala berriz. “Dena ongi joan da”, dio pijama berdedunak, baina begiekin kezka mezua bidaltzen dio pijama urdindunari. Zer gertatzen da oraingoan? Zergatik ez dit inork ezer esaten? Pijama urdinduna ohartu da ohartu naizela, eta bihotzetik ateratzen zaion ahots gozoenarekin botatzen dit belarrira: “Lasai egon, ez dira atera espero genuen bezain beste enbrioi bideragarri, baina ez du inporta; bakarrik enbrioi on bat lortzearekin, nahikoa da”. Itxaropenez betetako hitz horiei eusten diet negargura kontzen dudan bitartean.

Egunak itxaron. Haurdunaldi froga etxean egin. Hiru minutu luze. Pultso neuronalek argiaren abiadurarekin zeharkatzen dute garuna eta bihotzen taupadek saihetsak apurtzeko saiakera egiten ari dira. Bakarrik enbrioi on bat lortzearekin, nahikoa da. Erlojua begiratu, hiru minutu azkenean. Negatiboa. Ez ez, PCR-a da negatibo eman behar duen froga. Froga hau ez! Ez da posible… Dena egin dut ondo, bikain ibili naiz. Esan didaten guztia egin dut. Ez dut ezer ulertzen.

Egunak igaro dira eta hutsunea baino ez dut sentitzen. Dolua egin behar dudala esan didate gertukoek, baina nebulosa batean nago, ez dut ongi ulertzen esaten didatena. Bikotekidea ni animatzen saiatzen da, nahiz eta berak ere nik sentitzen dudana sentitu. Elkarrekin itzuli gara ginekologoaren kontsultara. Itxaron gelan gaudela, pentsatzen hasten naiz. Ez dakit zer esango digun. Agian zerbait hobe egin nezakeela leporatuko dit? Ez, hori nik neuk leporatzen diot nire buruari. Beldurrak irentsi eta kontsultan sartzen gara. Gorputzan gelditzen zaidan indar apurrarekin, bata zuridunaren begietara begiratzen ausartzen naiz. Begirada bat, milioi bat hitz. Hurbiltzen zaigu, ezer esan gabe, eta bere besoetan jasotzen gaitu. Une horretan COVID-19ak ez du axola eta estutu egiten gaitu. Orduan konturatzen naiz berak ere guk senan dugun sentimentu latza bera garatu duela. Malkoak ere badaude, auskalo norenak. Denonak. Besarkada askatzen dugu eta esertzen gara. “Oraindik aukerak badaude; nahi izanez gero, prozesua errepikatu dezakezue”. Etxera goaz, lorik ez, eta goizean erabakia hartzen dugu: aurrera.

Berriz hasten dugu zikloa. Zikloa baino, espirala ematen du. Bertan beherantz, iluntasunerantz noa, umerik gabe ematen dudan egun bakoitzean sakonago. Nire inguruko jendea ohartu egiten da, langile batadun eta pijamadunak ere bai. Estimulazio hormonalarekin hasterakoan, ginegologoa eta psikologoa hurbildu egiten zaizkit: “Egon lasai. Hemen gaude, zu eusteko”.

In-vitro fekundazioa, bigarren aldiz. Oraingoan ez dut etxeko haurdunaldi frogarik egin nahi, ez dut sinisten haurdun egon naitekeenik. Horren triste nago non gorputza gaixotzen hasten zaidan. Txikitan bezala, arimako minarekin batera, tripa ere kexaka. Egunero nauseak okerrago... Egunero nauseak okerrago?

Ginekologoarenera goaz. Ohetilan etzanda nagoela, denak ekografoari so, medikuaren eta erizainen irrifarreak erraldoiak dira. “Enbrioi on bat lortzearekin nahikoa izan da!”.
Bata eta pijama koloredunen taldearen laguntza ere bai. Ez dut zalantzarik: beraiena bezain gurea izango da gure Amets.
  • Visto: 147