BASERRIA 2200

Azkenik iritsi zen arroza biltzeko traktore berria, bizi osoa neraman baserrian lanean baina sekula ez nuen horrelako tramankulu arrarorik ikusi. Nire anaia oso gustura zegoen, aste oso bat eman zuen traktorearen saltzailearekin hizketan: modeloa, maneiua, eta sekula entzun ez nuen hitza… sinkronizazioa.

Kanpotik traktore bikaina zirudien, aurrekoa baino handiago eta saltzailearen arabera, bi aldiz efizienteagoa. Baina traktore hark, ez zeukan bolanterik, ezta azeleregailurik, ez bestelako gidatzeko gailurik. Aurreko aldean, soilik bi eskularru sentsorial zeuzkan… barneanldea kable sinaptiko finez beteriko eskularru beltzak ziren. Saltzailearen arabera, “gizakia eta makinaren arteko sinkronizazio optimoa eskaintzen zuen gidatzeko modu berria” zen.

Nire anaia irrikaz sartu zen traktore berrian eta bi eskularruak jantzi zituen, eskularru hauek hatzetako nerbio amaierarekin batzen ziren harizpi digitalak omen zituzten, hatzen mugimendu txikiekin traktore osoaren kontrola ematen zuena, nere anaiaren esanetan, gidatzean traktorea sentitzeko gai zen eta lanaren osteko nekearen arazorik gabe, honela ordu gehiagoz lan egin ahal zuen.

Lehen frogak egin genituen eta harrigarria zen, nere anaia, traktoreak zapaltzen zituen harri eta zulo guztiak nabaritzeko gai zen bere eskuetan, uzta bilketan jasotzen zituen pisuak traktoreari lotutako betaurreko batzuetan agertzen ziren eta traktoreak zituen arazo mekanikoak "sentitzeko" gai zen, bere esanetan, min moduko bat sentitzen omen zuen. Arraroa zen, oso arraroa.

Asteak pasa ahala, nire anaiaren maneiua gero eta hobea zen, gure arroz ekoizpena bikoiztu egin zen, baina gure bizimodua erabat aldatu zen. Anaiak egun osoa ematen zuen traktorearen barruan lan eta lan irrifarre inozo batekin eta nekearen arrastorik gabe. Nik jada ez nuen uzta bilketan laguntzen, anaia eta bere traktorea nahikoa ziren horretarako, eguna fakturak prestatzen eta lehiotik traktorearen gora beherak ikusten igarotzen nuen. Ondo zijoan gure ekoizpena, baina urtebetera arazoak etorri ziren.

Gure baserri txikian bigarren inbertsio bat egiteko prest geunden urte horretan, eta traktore berriak eman zigun emaitza onak ikusita, bigarren belaunaldiko traktore bat ekartzea erabaki genuen.

Aurrekoa arraroa bazen, honek ez zeukan deskribatzeko hitzik. Sei gurpileko traktorea zen, olagarro besoen moduko uzta bilketarako gailuekin hornituta. Traktore bikaina, baina ezinegona ematen zidan… gidaria esertzeko ez zeukan lekurik. Uurrutiko kontrolekoa zela pentsatu nuen hasieran, baina ez, gidaria beharrezkoa zen eta berarentzat lekua bat zegoen aurrekaldean, “murgilketa bidezko maneiua” deitzen zitzaion eta piszina esferiko itxi bat zen.

Nire anaiak, irrikitan, arropa guztiak kendu zituen eta tanke bateko gidari moduan, esferaren goiko lehiatila bat ireki eta urez goraino betetako piszina erraldoi hartara sartu zen, gero oxigeno tutua ahoan ipini, murgildu eta goiko tapa itxi zuen guztiz.

Bigarren belaunaldiko traktore hauek, gidaria esfera hartako ur epel eta goxo batean zeramaten. Likido ura nano robot eta nano-zuntzez beterik zegoen, eta gidariaren hatz, begi, bizkar hezur eta gorputzeko puntu ezberdinetako nerbio amaieretan lotzen ziren, suge fin batzuk bailiren, azalean eta nerbio sistema zentralean zehar barneratuz… gidariaren eta traktorearen zentzumen guztiak lortuz, gidaria eta traktorea, bat eginez.

Horrez gain, gidariak ahots kordetara zijoazten nano-zuntzen bidez hitzegin ahal zuen, beharrezko hitzak esan eta traktorearen albo batean zegoen bozgorailu batetik erreproduzitzen ziren bere hitzak, metalezko ahots arraro batekin. Bazirudien traktore hura bizirik zegoela.

Hilabeteak pasa ziren, nire anaiak jada ez zuen jaten. Egun osoa traktorean murgilduta eramaten zuen, lana amaitu ostean pasio luzeak ematen zituen traktorearen barruan eta gauean garajean sarztean traktoretik irten, lehortu, eta glukosazko hiru tutu injektatzen zituen afalritarako, bi ordu lo egin eta berriro traktorean murgiltzen zen gau osoan zehar. Nire ohetik traktorearen run-runa entzuten nuen, nire anaiaren arnasarekin erritmo berean zijoan.

Gau batean garajeko zaratek esnatu ninduten, anaia ez zegoen bere ohean. Garajera jaitsi nintzen nire eskopeta hartuta. Garajea hutsik zegoen, traktorea falta zen. Gau euritsua zen eta erraz atzeman nituen traktorearen arrastoak garajetik basorantz urruntzen. Linterna bat hartu eta arrastoak jarraitu nituen.

Basoaren soilune batera iritsi nintzen, lau traktore ikusi nituen zirkuluan bilera baten moduan, gure traktorea hantxe zegoen, barruan nire anaia zuela noski. Jarraian, bileraren erdira gizon bat sartu zen, eskuetan traktore-oilo poto bat zuelarik. Gizona tunika zuri baten moduko batekin goitik behera estalia zegoen, erritual bat zen. Oliotan hatza sartu eta traktore bakoitzari marrazkiak egin zizkien, behin eta berriz hau errepikatzen zuelarik: “Haragia ahula da, burdina betirako da”. “Gaur zuen haragizko gorputza utzi eta burdinezko izakiak izango zarete!!!” eta soldadurazko gailu eramangarri batekin, banan-banan, traktoreen gidariaren sarrera lehilatilak soldatu zituen betirako. Ostean guztiak batera alde egin zuten.

Bi egun geroago, komisaldegian bi polizia elkarrekin hizketan zeuden.

- Eta garaje handi hartako atea ireki genuenean... hantxe topatu genituen traktore haiek geldirik.
- Eta zoroa?
- Bertan zegoen. Argala, tunika zuri zikin batekin traktore haien artean ukenduak igurtzitzen, gurpilak puztutzen, hitz goxoak esaten bere kumetxoak bailiren. Hartu eta hospitalean sartu zuten zuzenean.
- Egia al da traktorearen bakoitzaren barrenean gorpu bat zegoela?
- Bai. Gizarajo haiei batenbatek gidariaren sarrera soldatu zien, zoroa izango zen. Hantxe hil ziren, ezin ateraz eta jan-edanik gabe. A ze kiratsa soldadura kendu eta esfera haiek ireki genituenean!
- Hildakoek familiarik ez al zuten?
- Soilik batek, anaia bat, inguruko arroz ekoizpen bat zuten elkarrekin, baina ez dago anaiaren berirrik, baserria aspaldian utzirik omen dago.
  • Visto: 19