Txorien txorrotxioa

Tea hartzera atera zen balkoira. Lana, ohea; ohea, lana. Besterik ez zuen etxeratzea agindu zutenetik eta balkoira ateratzea zuen egiteko ezberdin bakanetakoa. Estatiko bihurtu zuen txirrindula zaharrean ordubete aritutakoan atera ohi zen hidratatzera eta bidez batez bere espiritua alaitzera: trafikoa isildu zenetik txoriak hasiak ziren kantari eta doinu festa hori berria zen beretzat. Zein ozen ari ziren! Zein anitza zen txorrotxio andana!
Trafiko etengabea eta zaratatsua zuen etorbidean bizi zen. Bere eskaratzatik atera eta ezker eskuin hamar metro eginda, bost autobus geltoki zituen, bai hiri barnekoak, bai eskualdeko osokoak. Irudika dezakezue zenbaterainokoa eta norainokoa zuen trafiko zarata aste buruzuri arruntean. Itsasoa berrogeitamar metrotara edukiagatik, Eguberri egunean soilik entzun zezakeen, hots, garraioa ez zebilenean.
Kutsadura akustikoa omen da hirietan gehien ematen dena eta orduan ulertzen hasia zen zer esan nahi zuen baieztapen horrek. Ezin zuen sinestu txori guzti horiek hortxe bertan zeudenik. Zein ederra zen natura entzutea.
Tea zurrutada txikietan ari zen edaten. Txoriak haien artean komunikatzeko erabiltzen zuten tonu eta intentsitateek liluratua zuten. Irakurri zuenaren arabera ez omen dago argi ea trafikoa dagoenean txio-txio egitez amore ematen duten txoriek eta horregatik ez ditugun entzuten edota etengabe gainjartzen zaien garraiobide-zarata nazkagarria. Zentzumen-maskararatzea gertatzen omen da, hots, legokiekeen baino intentsitate handiagoan egiten dutela kantuan ingurugiro zaratatsuetan, edota ez dagokien tonuetan eta frekuentzia altuagoetan baizik (trafikoa frekuentzia txikikoa baita, hari aurre egitearren). Estresa jasaten dute txori gizajook, haien artean ezagutu, informazioa pasatu, lausengatu eta elkartzeko sistema baitute edota alderantziz, harrapakari edo mehatxuren berri emateko.
Hura abesti festa! Hura bai naturaren edertasuna. Hunkitua zegoen eta etxeratzea gaizki bazeraman ere, trafiko eza eta txorien txorrotxioaren etorrera beragatik sekula-sekulorum luzatu nahiko lukeela egoera hura nabaritu zuen. Beste abereei legez, berari ere hobera eragiten zion kutsadura hura ezabatu izanak.
Arnas sakon hartu zuen. Nola izango ote zen bere hiria ehun eta hogei urte lehenago, lehen berebila etorri baino lehen? Zein ederra izango zen hondartza iztieta horretan, horrelako ilunabar gorrietan, txorrotxio artean. Edertasun horrek berak sendatuko zuen bat baino gehiago, bere espiritua zuzpertarazten ari zen modu berean.
Ordu arte trafikoa kearekin, karbono monoxidoarekin, azufrearekin... eta partikula kutsakorrekin lotu zuen. Egurats kutsatzailetzat zuen. Etxealdia abiatu zenetik, berriz, trafikoaren soinu dramatikoaz jabetu zen ezustean, aurrekoa bera bezain makurra zela koturatuz. Burukomina eta urduritasuna sortzen zion trafikoak nahiz eta ez zen horretaz ohartu.
Zeru ortzera jaso zuen begirada. Ez zen hegazkin arrastorik. Hegalekuetako txoriek hegazkinen lurreratze eta irteera orduak ikasi eta orduan isilik, baina ondoren edo aurretik abeslari egoten zirela ikertua zuten. Hori horrela, egunsentiak eguna urratu baino askoz lehenago ekiten omen zioten hegaleku inguruetan abesteari, hegaldiak hastean ez zutela soinu hura gainditzerik jakin bazekitelako.
Itsas ortzera eraman zuen begirada ondoren. Ia kiskaltzear izan zuen tea epeldua zuen ordurako. Katilua amaitzeko gutxi gelditzen zitzaion, lauzpabost zurrutada. Guztiz ilundu arte jarraituko zuen balkoian, kukubilko eta goxo-goxo, orkestra sinfonikorik ederrena jotzen entzuteak baino poz handiagoa sortzen zion txorrotxio sinfonia eder horren erdian entzule eta bihoz-aringarri.
Luxu hori, bai zela luxua, itxialdi-etxealdiak eragindakoa.
  • Visto: 45

ESCOLA D'ESCRIPTURA

EUSKAL ETXEA

AEELG

EDITORIAL GALAXIA

METODE

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

EL HUYAR

AELC

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

IDATZEN