Iragana present

IRAGANA PRESENT
Irakaslea gelara sartu denean, guztiok isildu gara bat batean. Errespetua inposatzen du bere jakinduriak eta aldi berean, dakien guzti hori guri igortzeko daukan prestutasunak. Gure jakinminari neurria hartzen ikasi du eta ikasle hain ona izateagatik, da hain irakasle ona: ikasleongandik ikasteko duen erraztasunagatik.
Bere jarrera oso aurrerakoia bada ere, zenbait gauza ez dira aldatu azken hamarkadetan. Ikasgelako lekurik garaienean kokatu nahian, begi-kliska batekin laser-irakurgailua aktibatu eta bera aurkitzen den plataforma altxa egin da.
Beti izan da ikusmira zabalekoa gure irakaslea.
- Badakit munduko makinarik perfektuena zein izan den jakiteko irrikaz zaudetela. Zuen arteko eztabaidak gogotsu jarraitu ditut ikastetxeko atarian, ciborg-ak,errobotak, automatak edo beste edonolako izaki multifuntzionalen artean nor gailenduko litzatekeen jakin nahi duzue. Bada nik, erantzuna orain eta hemen dakarkizuet: hauxe da.
Eta beste begi-kliska batekin, gure parean bost dimentsioko holograma bat zabaldu du segidan. Goi-teknologiarekin zerikusia zuen figuraren bat azaltzea espero genuen baina tximino itxurako zeozer azaldu da luze-zabalean, pausoka pausoka inoranzko bidaia batean; geldirik mantentzen dela.
Argi gelditu da beste behin ere, denbora makina jada asmatua dagoela eta ikasketak direla!
- Unibertsoak orain arte garatu duen teknologiarik aurreratuenaren parean zaudete, ikasle maiteok!
Barre algaren artean urtu da gure ikasgela osoa.
- Teorizazio eta uste guztien aurka, perfekzioa ez du etorkizunak ekarri, iraganak baizik… Iraganak, hobetzeko marjinak baditu ere, perfekziotik oso hurbil egon litekelako kasu batzuetan.
Nire ondokoak zur eta lur begiratzen dio irakasleari. Hark, ez du guk egin dugun algararik ere egin. Begiak soilik irakaslearentzat eta hark esaten duenarentzat dituela dirudi, zirkinik egin gabe hari begira jarraitzen baitu.
- Badakizue gizakiak bost zentzu dituela, teorian behintzat…baina geroago frogatzerik izan dugu beste funtzio batzuk garatzeko mekanismo itzelak asmatu zituela: Oreka, tenperatura, kokapena…ez dakigu zehazki nola baina horiek denak menperatzeko gai da. Milioika neuronen arteko konexio eta harremantzeko eran omen dago sekretua, hain begi bistan egonagatik oraindik ere guztiz deskubritu eta azaltzeko gai izan garena. Adibidez, ikusmenarena izugarrizko teknologia aurreratua da: irudia, lehenik alderantziz sartzen zaigu erretinan, ondoren begiko foto-errezeptoreetan islatzen da, gero zelula fotoboltaikoetara pasa eta oraindik alderantziz dagoenez, burmuinean irudiari bira eman eta guztiz zuzen uzteko. Prozesu zehatz eta berezi hori, 13 milisegundutan garatzen da, etengabeki. Izugarria da giza-gorputzak duen xehetasuna eta perfekziorako joera.
Gelakide batek eskua altxatu du eta errespetuz, erantzun nahi izan dio irakasleari.
- Baina belaunaldi berriagokoak garenok, perfektuagoak gara eta askoz ere huts gutxiago egiten ditugu.
- Perfektuagoak gara, bai baina…soilik zerbait exekutatzeko orduan! Baina gizakiaren intelijentzia artifiziala osoagoa da, inprobisatu ahala eta bat batean, funtzio ugari aurrera eraman ditzake. Eta gero, guzti hori osatzeko zientziak azaldu ezin duen senaren aplikazio hori dago.

Nire ondokoak zur eta lur jarraitzen du, txundituta bezala. Nik, irakaslearen maisutasuna zalantzan jartzeko baliatu dut.
- Eta orduan, zergatik desagertu ziren gure planetatik? Belaunaldi berrikooi lekua uzteko?
- Ez, betirako irautea ere perfektuegia zatekeelako agian… Eta perfektuegi izatea, gizakien ikuspuntutik,akats bat zelako aldi berean. Halako kontraesanak, filosofia deitzen zen jakintza ez-zientifiko batean azaldu ohi dira aintzinako liburuetan.
Maisua nigana hurbildu eta klase guztiak entzuteko moduan eman du bere sententzia.
- Horregatik, gu ez gara haiek baino hobeak, gure lehenengo belaunaldiak haien eskuek egin baizituzten. Eta molde inperfektu batek, nekez sortuko du berritasun perfekturik.
Begi-kliska niri luzatu dit, oinen azpiko suzko propultsoreak piztu eta hegan, ikasgela uzteko prestatu den bitartean.
- Informazio guzti hau eta beste milaka xehetasun, zuen aurreko mahaian dagoen mikrotxip horretan prestatuta utzi dizuet, gaurko ikasgaia azalean txertatu eta ikasgaia barneratu dezazuen.Eta bide batez, XP250, konpondu itzazu niri begira dagoela dirudien ZM890ren silizezko zirkuituak, berriro martxan jarri dadin.

  • Visto: 47

ESCOLA D'ESCRIPTURA

EUSKAL ETXEA

AEELG

EDITORIAL GALAXIA

METODE

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

EL HUYAR

AELC

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

IDATZEN