AMALURRAREN ZAINDARI

Sekretu bat kontatzera natorkizue. Zuei, bai, Amalurraren altzoan eroso bizi zareten emakume nahiz gizakume orori. Iritsi da egia kontatzeko garaia. Lezioa benetan ikasi duzuelakoan nago, baina hobe duzue ez ahaztea… Osterantzean damutuko zaizue!

Batzuk ezagutuko nauzue agian, aitona-amonen istorioak entzutetik edo… baina gehienok ez duzue nire berririk izango seguruenik. Gizakiak bere burua munduaren erdigunetzat duenetik ahaztuta geratu naiz, euskal mitologiaren liburuetako orri zaharkituetan. Mari naiz, edo Anbotoko Dama; naturaren erregina, Amalurra bera; eta baita justiziaren jainkosa ere. Zintzotasuna defendatu izan dut beti, eta injustizien aurrean zorrotz jokatu. Baina azken mendeetako gizakiak… ai ene! Antzinan ikasitako laguntasun-lezioak guztiz zapaldu ditu. Zanpatu. Lurperatu. Eta kito.

Horregatik behartu nauzue zorrotz jokatzera eta gupida gabe zigortzera. Saiatu izan naiz sarri, erdibideko ikasbideak ematen, hainbat seinale bidaliz; uholdeak eta lehorteak, lurrikarak zein tsunamiak, ozono geruzaren zuloa, itsas-mailaren gorakada... Baina ez zineten zuen egoskorkeriak itsututako ilusio-mundutik ernatzen. Gogor jokatzea beste aukerarik ez nuen izan azkenean, zuen hondamendia saihesteko. Horretarako bidali nuen Covid-19 birusa zuen artera.

Ni izan nintzen, bai. Eta ez txinatar azpikari batzuk. Ezta bere super-boterea handitzeko edozer egingo luketen goi-kargu amerikar batzuk ere. Ez zuten birusa laborategietan sortu, ezta 5G sareen bidez hedatu ere. Nik neuk bidali nuen gaitz hura, Wuhaneko itsas-produktuen merkatu hartara, baita Italiako iparraldera, Estatu Batuetara edota Charles de Gaulle hegazkin-ontzira ere. Hortik aurrera, zuek zeuek arduratu zineten hedapen azkar bat egiteaz. Nire asmoa 2020.urtea ahaztezina izatea zen; gizakiaren berbideratzea ekarriko zuen unea; Amalurrak berriro arnasa hartuko zuen garaia. Eta hilabete gutxi batzutan nire irakaspenak baliagarriak izan zirelakoan nengoen. Baina zein oker nenbilen!

Urte hura oso gogorra izan zen zuentzat. Bizitza asko urratu ziren. Herioak lapurtu zituen amets ugari. Milioi erdi arima eraman zituen birusak, eta beste hainbat familia utzi lur jota. Milioika etxe geratu ziren gosez; beldurrak gelditu egin zuen etengabeko ekoizpenaren mundua.

Baina sufrimendu-gar guzti horien artean, aspaldian ahaztutako keinu itxaropentsuak ikusi nituen zuengan; onberatasunaren imintzioak. Bere sudurretik haratago begiratu zuen gizakiak azkenean. Etxean geratu zineten halabeharrez. Eta munduari adi begiratu zenioten, Amalurraren edozein seinale entzuteko prest. Elkarri begira jarri zineten, behardunari laguntasuna eskainiz. Txaloen berotasunaz aitortu zenuten denon mesedetan hain gogor lanean zihardutenen ausardia; osasun-arloko langileena, gutxiengo zerbitzuak eskaintzen zituztenena, zientzialariena. Egoskortasunari xake mate egin zenioten.

Eta mundua bere onera itzultzen hasi zen. Txinako airea ikaragarri garbitu zen; Veneziako kanaletan, arrainek ur gardenak apaindu zituzten; Japonian, oreinek Nara hirian barrena gozatu zuten eta Bartzelonan ere basurdeak bere kasa ibili ziren. Eta paradoxetan handiena eraikiz, fisikoki sekula baino banatuago egotera behartuta zeundetenean, inoiz erakutsi gabeko elkartasunaz batu zenituzten indarrak, mundu hobe batera bidean.

Harro sentitu nintzen zuetaz egun haietan. Instant goxoa izan zen hura niretzat. Baina hasperen bat bezain iheskorra. Konfinamenduaren eta bestelako segurtasun neurrien bidez, gutxinaka biztanleria sendatzen joan zen. Zientzialariak etengabe lanean ari ziren munduko laborategi ezberdinetan, gaixotasunaren agerraldi berriak ekidin ahal izateko. Txina eta Estatu Batuak elkarrekin lehian, birusaren aurkako txertoa nork lehenago lortuko. Gizateria guztia beraien zain; bere lanaren balioaz jabetuta behingoz. Eta lortu zenuten; korrikalari azkarrak izan zineten koronabirusaren mehatxu haren aurrean. Beldurrak uxatu zenituzten. Baina beldurrarekin batera, haren irakaspenak ere aldendu ziren zuen oroimenetik.

Gaitzari oraindik guztiz irabazi gabe zeundetela, hasi zineten jadanik elkarri mokoka. Politikariak, errudun eta mendeku bila. Bizilagunak, aldekoen akatsak salatuz, zeuenak ezkutatzen zenituzten bitartean. “Normaltasun berri” deituriko eguneroko ezagunera itzuli nahia. Naturaren melodia garbia berriro urratuko zuen iskanbilaren hasiera. Futbolariek zuen egongelako pantailan bere lekua berreskuratu ahala, mediku eta zientzialariengan hilabete haietan pizturiko argia itzaltzen joan zen. Eta itsasoak negarrez entzun nituen. Eta basoetako zuhaitzak eta animaliak deiadarka. Txinako airea birusak jo aurretik bezain zikin zegoen. Uretan plastikozko eskularruek eta maskarek arrainak itotzen zituzten.

Ez zaituztet sekula guztiz ulertu. Arrazoi osoa daukate, harri berarekin estropezu egiten duen izaki bakarra gizakia dela diotenek. Eta horregatik itzuli nintzen 2025ean, lehen baino indartsuago zuek zigortzera. Azken urtetan, Covid-19aren agerraldi bakoitzean, zientzialari adituek sortutako txertoari esker kontrolatu zenuten gaitza. Baina hauen lana guztiz ahaztu zenuten.

Hau ikusita, 2025ean, ekaitzez bete nuen lurra gau oso batez, eta birusa mutatu zedin agindu nuen. Oraingoan, kolpe latzago bat emango zion hark zuen zibilizazioari. Covid-25 deitu zenioten. Eta aurreko boladan batez ere zahartzaroa kolpatu zuen birusak ez bezala, bigarren honek jende gazte eta indartsua erraustu zuen. Miliora iritsi zen hildakoen zifra. Eta berriro eten zen mundua. Negarrak. Malkoak. Beldurra. Ezjakintasuna. Orduan bakarrik berpiztu zen gizakiaren jarduna bideratuko zuen argitasuna. Elkartasuna.

Ez zenuten beste erremediorik izan; ulertu zenuten azkenean. Benetan garrantzia daukanari erreparatu zenioten. Elkarri entzun zenioten berriro eta adi begiratu naturari. Zientziaren mirariak Amalurra bere onera itzuli zedin erabiltzeko premiaz jabetu zineten. Laborategietan txertoak sortzeaz gain, mundua zaindu eta mimatzeko baliabideak bilatzen hasi zineten. Eta zientziari benetako balioa ematen; berau naturaren eskura jartzen. Baita zuen artean laguntasunez jokatzen ere.

Ordutik hemen daramatzat beste zazpi urtez, Anbotoko kobazuloan, zuen portaerari so. Badirudi ikasi duzuela behingoz, baina badaezpada, ez dut guardia jaitsiko. Lurreko biztanle guztiak nahi zaituztet ikusi, Amalurraren zaindari.
  • Visto: 70

ESCOLA D'ESCRIPTURA

EUSKAL ETXEA

AEELG

EDITORIAL GALAXIA

METODE

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

EL HUYAR

AELC

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

IDATZEN