EGIA ALA EZ

Akademiaren hirugarren hegalean zegoen kokatua ingeniaritza eskola. Bertatik irteten ziren kontinentera gizartearen eta norbanakoaren arazoak konpontzeko jakituriaren jabe ziren adituak. Asmakari eta metodologia berriak zabaltzen zituzten herrialde guztietara, probetxu publiko zein pribaturako noski, adituak bai, baina aberastasunaren pilatzaileak ere bai kasu askotan.

Markus ez zen halakoa, bera ere ingeniarien atalean kokatzen zen baina ez zuen inolako intentziorik mundu zabalera irteteko. Berak ez zuen inolako nahirik agertzen besteen bizitzak edo gizartearen arazo konplexuei konponbideak ezartzeko, ez bederen era konkretu batean. Bera ezberdina zen. Adituetan zirkulu txiki batekoa. Txikia bezain bitxia. Adituen artean ere ez zuten ulertzen, aurrera zeraman ikerketa, ikerketa zenik ere ez zioten onartzen, berezia eta propioa zen.

Metodologia? Arau guztien gainetik kokatzen zen bera. Oinarriak? Zertarako? Oinarri finko zuen oro zalantzagarria zen beretzat. Teoria? Milaka teoria ukaezin denboraren poderioz beren pisuaz erortzen zirenak teoria ukaezin berrien truke. Eta hala, noiz arte? Markusek berak, egia aztertzen zuen.

Zorotzat zuten akademian bere kide akademikoek, alde guztietatik jasotzen zituen iritzi eta ukazioak. Egia froga zientifikoz erakusten dela, esperientziak erakusten digula egiaren bidea, egia absolutua giza adimenagatik irits ezina dela… jainkoa zela egia bera entzutera iritsia zen ere! Zenbait ideia entzun behar izatea ere! Teologia zientziarekin nahasten zuten jakintsuak ere jasan behar zituen bere alboan.

Ez, Markus ez zen miretsia ezta preziatua ere lankideen aldetik. Ikasleek ere ez zuten gehiegi aintzat hartzen. Zientziaren ezagutza abstraktuen inguruan helburu jakinik gabe hitz egiten zien agure bizarduna zen Akademiara iristen ziren gazte berrientzat. Askorentzat garai zaharretatik gordetzen zuten fosil berezia zen Markus.

Horrek guztiak ordea, ez zuen Markus kikiltzen, lankide eta ikasleen esperantzak eta nahiak ezagutzen zuten errealitatera mugatuak zeudela uste zuen. Askok lan interesgarriak eta proiektu berritzaileak egingo zituzten, zalantzarik gabe, baina ez zuten lagunduko izatearen inguruko jakintzaren barnean iraultzarik sortzen.

Markus beti izan da bitxi xamarra, izatea beraren legeak eta funtzionamendua definitzea zuen helburu. Ez arazo bati irtenbidea eman edota gizabanakoaren bizitza errazteko tresnak garatzea. Unibertsoaren errealitatea ulertu nahi zuen, zientziaren bitartez, izatearen ordena edo anabasa konprenitzea, hori zen bere nahia eta helburua.

Berak argi zuen sekula ez zela iritsiko izateren zantzu txikiena urrunetik sumatzera ere ziurrenik, eta bere atzetik etorri zitezkeen hamarnaka zientzialari nabarmenek ere ez zutela askoz gehiago lortuko ere. Noizbait ordea, hortaz ziur zegoen, belaunaldiren batetan, zientzialari baten eskutik etorriko zen teoria sinesgaitzena. Non giza ulermenaren oinarriak ostiko batez historiaren zaborrontzira bidaliko zituen eta gizakia ulermen maila berri batera goratzea ekarriko zuen. Nahiz eta egia bera, izatearen egia, urrun egoten jarraitu.

Hori zen Markusen lana, zientziaren azterketari bide berriak irekitzea. Kanonek ezartzen zituzten metodoak pikutara bidaltzea, analisi zientifikoarekin ipurdia garbitzea, modu txar eta kaletarrean esanda. Bere eginkizuna ahalik eta perspektiba ezberdinena garatzea zen, izateari pentsaezinezko bideetatik so egin ahal izatea, errealitatea angelu guztietatik behatu eta ezagutu ahal izatea.

Edo hori zen bere baitan hausnartzen zuen egia, ezagutza benetan ezagutzeko ahalik eta perspektiba ezberdinetatik eta zentzu zabalenetatik eraso egin behar zitzaiola. Bera izango zen bide nahasienak zabalik mantenduko zituen zaldun zientifikoa.

Errealitatea eraldatzea eta bizibideak erraztea lagungarria zen gizakiarentzat zalantzarik gabe. Baina ezagutza gorenaren bidea zen benetan gizakia goratuko zuen ibilbidea, eta horretarako Markusek ezarritako prozedura, ordena, lege, analisi eta aspektu zientifiko guztiak zaborretara bota nahi zituen; zaborretara baino gehiago, ezarritakoaren mugak apurtu eta giza pertzepzioa landu gabeko maila guztietara zabaltzea zen helburu bakarra.

Ziurrenik Markusen bizitza osoko lanak ez zuen ezertarako balioko, ez baitzuen hamarkadetan bera asetuko zuen perspektibarik lortu, baina bere barrenean, bazekien etorriko zirenen artean egongo zela zientzialari kuxkuxeroren bat zeinak ezarritako dogma guztiak apurtzen jarraitu nahiko zuen.

Zeinek daki, agian ezinezko lana izango da Markusek planteaturikoa, eta sekula ez da gizadia ezagutza gorenera iritsiko. Ametsek ordea eta norberaren gurariek, ekinaren ahalaz lor dezakete barruko desio preziatuenek oihartzuna edukitzea. Amesten ez duenak, inguruan duenarekin konformatzea izango baitu bide bakar, segurtasunaren barruan eroso mugitzea izango da bere bidea.

Markusen saiakerak lur azpian amaitu eta gero, bera ere lur azpian bukatu eta gero. Ezin esan ez zuenik ondarerik utzi. “Duguna ezagutuz ez duguna ezagutzera egin beharreko bidaia da zientzia” izan zen Markusek utzitako ondarea Akademiako ondorengo belaunaldietako zientzia liburuetan. Berak esandako esaldia zenik ezin froga zitekeen, baina zeinek daki!

  • Visto: 70

ESCOLA D'ESCRIPTURA

EUSKAL ETXEA

AEELG

EDITORIAL GALAXIA

METODE

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

EL HUYAR

AELC

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

IDATZEN