SUPERBURUARGIAK

Endika, Leire, Kepa eta Garazi lurrean eserita zeuden adi-adi amona Kattalinen istorioa entzuten:

“Bazen behin, animalia talde bat. Animalia haiek gure antza zuten, baina txikiagoak eta iletsuagoak ziren. Sabanan bizi ziren eta alde batetik bestera mugitzen ziren fruituak eta sustraiak bilatzeko; noizean behin, hildako animaliaren bat ere jaten zuten.

Talde hartan bazen bat beste guztiak baino buruargiagoa zena, eta inguruan zegoen guztiari adi-adi begiratzen zion. Egun batean ohartu zen tximistek batzuetan sua sortzen zutela. Harrigarria egiten zitzaion sua; horregatik, orduak igarotzen zituen hura aztertzen. Azkenean, kontrolatzea lortu zuen. Suak abantaila ugari ekarri zizkion taldeari: alde batetik, animaliak uxatzeko balio zuen, esaterako, lehoiak; eta, beste alde batetik, haragia sutan egin zezaketen, gordinik baino askoz hobeto!

Urteek aurrera egin zuten, buruargia eta bere taldeko batzuk hil egin ziren, eta beste batzuk jaio. Jaiotzen ziren horien artean, buruargiak ere baziren. Hauek inguruan zuten guztian interesa zuten eta guztia ikertzea eta hausnartzea gustatzen zitzaien. Pentsatu eta pentsatu, tresna ugari asmatu zituzten: labanak, aizkorak, jostorratzak… Lehenik harria eta hezurrak erabiltzen zituzten horretarako, baina beranduago burdina aurkitu zuten, eta geroago brontzea egiten ikasi zuten! Naturan erabilgarriak ziren baliagai ugari zeudela ikusi zuten. Zenbat eta gehiago ezagutu naturan zegoena, orduan eta ideia gehiago zituzten eta, beraz, orduan eta material eta tresna gehiago egiten zituzten. Baina ez hori bakarrik, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago jakin nahi zuten. Buruargiei esker, naturan zeuden material ugari nola erabili ikasi zuten eta, horrela, bizimodua errazagoa zen taldearentzat: jadanik ez zegoen alde batetik bestera ibili beharrik jatekoaren bila. Etxeak eraiki zituzten eta etxe inguruan, batetik, landareak ereiten zituzten eta, bestetik, animaliak zaintzen zituzten. Gainera, etxean erabiltzeko, mugitzeko zein komunikatzeko gailu ugari asmatu zituzten. Horregatik, gero eta erosoagoa zen bizimodua. Haatik, bizimodua zenbat eta erosoagoa izan, orduan eta erosoagoa izatea nahi zuten.

Buruargi batzuek jakin-mina soilik zuten, eta gehiago ikasi nahi zutelako ikertzen zuten. Beste batzuek gainerakoei lagundu nahi zieten eta, horregatik ikertzen zuten. Baziren batzuk euren mesedetarako ikertzen zutenak ere, besteei eragindako kalteez arduratu gabe. Hala ere, buruargiek elkarrekin partekatzen zuten ikasitakoa. Modu horretara, gehiago ikasten baitzuten, eta errazago ikertzen baitzuten. Urte asko pasa ziren, eta buruargien jakintza asko handitu zen lehen buruargi hark zekienarekin alderatuta.

Baina eurek egindako lanak ondorio txar batzuk ere izan zituen. Egun batean, buruargi batzuk konturatu ziren, behar adina informazio izan gabe hartutako erabaki batzuek ingurunean kalteak sortu zituztela: lurra, ura eta airea kutsatuta zeuden; animalia eta landare ugari desagertu egin ziren, eta beste asko ez zeuden batere ondo; bizidunen arteko oreka puskatu egin zuten; zaborra edonon pilatuta zegoen; planetako tenperatura igoarazi egin zuten… Konturatu ziren ez bazuten zerbait egiten, arazoak izango zituztela bizitzeko. Eta hori ez zutenez gertatzerik nahi, talde guztiari jakinarazi nahi izan zioten zer gertatzen ari zen. Alabaina, taldeko asko oso eroso bizi ziren, eta ez zuten euren bizimodua aldatu nahi. Ez zitzaien gustatzen buruargiek esaten zutena:
- Buruargi horiek ez dakite zer esaten ari diren – zioten haserre-. Hainbeste urtean horrela bizi izan bagara, zergatik ezin dugu horrela jarraitu?
- Begira, guk datuak ditugu; frogak. Hau benetan gertatzen ari da, eta ez badugu zerbait egiten aldatzeko, gure bizitza erabat aldatuko da urte gutxiren buruan, baina ez zaigu gustatuko etorkizuna!- Buruargiek ez zuten etsi nahi, eta indar guztiak jarri zituzten ingurumenaren alde borrokatzeko.”

Bere bilobei begira geratu zen amona.
- Amona, zergatik isildu zara?- galdetu zuen Kepak.
- Nola bukatzen da istorioa?- jakin nahi zuen Garazik.
- Buruargiek zerbait asmatuko dute dena konpontzeko, ezta?- Leire itxaropentsu zegoen.
- Bai, gora superburuargiak!- oihu egin zuen Endikak.

Amona Kattalinek irribarre handi bat egin eta galdetu zien:
- Superburuargiek esandakoa entzun eta serio hartuko duzue?
- BAI!- oihu egin zuten laurek batera.
- Eta zuek ere superburuargiak izango zarete?
- Bai!
- Nik laborategian egingo dut lan- esan zuen azkar Endikak.
- Ba nik nahiago dut mendian ibili. Txoriak asko gustatzen zaizkit- azaldu zuen Leirek.
- Nik matematikak erabiliko ditut- gehitu zuen pozik Garazik.
- Ba nik... - Kepak zalantza handiagoa zuen- nik kutsadura ikertuko dut!

Amonak are eta irribarre handiagoa egin zuen:
- Orduan, ziur istorioa ondo bukatuko dela.
  • Visto: 64

ESCOLA D'ESCRIPTURA

EUSKAL ETXEA

AEELG

EDITORIAL GALAXIA

METODE

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

EL HUYAR

AELC

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

IDATZEN