BURUA ETA GORPUTZA BAT EGINIK

Begiak ireki nituen, non nengoen jakin gabe. Argi zuri eta distiratsu bat aurrean neukan. Hots batzuk entzuten nituen, baina ez nintzen gai ahots horiei aurpegia jartzen, ez baitnituen ezagutzen.

- Badago, esnatu da! – horietako ahots batek oihukatu zuen. Nitaz hitz egiten zegoen, ni esnatu nintzen bai, baina non? Eta zergatik zegoen hainbeste jende nire inguruan, nire zain.

- Kontuz, poliki-poliki egin behar dugu. Atera guztiak, mesedez. – Ahots leun batek guztiak kanporatzera gonbidatu zien, eta nirekin bakarrik geratu zen. – Nola zaude? Zelan sentitzen zara?

- Ondo… baina non nago?

- Zer da gogoratzen duzun azken oroitzapena?

- Ba… - egia esan, ez nuen ezer gogoratzen. Hotzikara batek gorputz osoa zeharkatu ninduen. Kezkatuta, urduritasuna nire buruaz jabetu zen.

- Lasai, normala da, pixkanaka-pixkanaka oroimena berreskuratuko duzu. Orain zure logelara eramango zaituzte. Ospitalean zaude, nire izena June da, eta edozertarako hemen nauzu, medikua naiz eta zure ebakuntzaren arduraduna izan naiz. - Beste azalpenik eman gabe, nire ohea mugitzen hasi zen, eta logela batean sartu ninduten.

Nire garunari zukua ateratzen saiatu nintzen, indar eta ganora guztiarekin gogoeta egin nuen, ia zeozer gogoratzen nuen. Ezer ere ez. Ez nuen lortzen. Kostata, zutunik ipini nintzen. Gela bueltaka hasi zen nire buruan, zorabiatuta nengoen. Hala ere, komunera hurbiltzea erdietsi nuen. Ispilu aurrean ezezagun bat ikusten ari nintzen. Nor zen hori? Nor zen bera?

Ohera bueltatu nintzen, lehertuta nengoen. Nekez heldu nintzen, eta behin oheratuta, begiak itxi eta lotan gelditu nintzen berehala.

Ametsetan, flash moduko batzuk agertu zitzaizkidan: Ume batzuk jolasten eta barreka, gizon bat nire lepoa musukatzen, olatuak hondartzaren kontra behin eta berriro jotzen. Bat batean esnatu nintzen, bihotzaren taupadak topera neuzkan. Nortzuk ziren ume horiek? eta gizona? Beraiekin amestu banuen, horrek esan nahi zuen ezagutzen nituela.

Buruari gogor eman nion, eta irudi berdinak ikusten nituen: umeak barreka, gizona musuka, hondartza… Behin eta berriro. Orduan, medikuak logelan sartu ziren; June, beste bi gizonekin.

- Nola zaude gaur? Hobeto? Zeozer gogoratzen duzu? – Junek galdetu zidan.

- Bai. Hiru umerekin eta gizon batekin amestu egin dut. Beharbada, zeozer esan nahi du horrek. – Ohartu nintzen nola begiratzen ziren beraien artean.

- Nire izena Igor da, eta ospitaleko psikologoa naiz - eskumaldean zegoen gizona hitz egiten hasi zen.

– Zure ametsetan ikusitakoak, zure familia da, senarra eta hiru sema-alabak. Kotxe istripu batean hil ziren guztiak orain dela zazpi hilabete. Zu larri atera zinen istriputik, baina bizirik. Koman egon zara denbora guzti honetan zehar. Medikuek lortu dute azkenean, teknika berritzaile bati esker, zure burua salbatzea.

Hirugarren gizonak ispilu bat eskaini zidan.

- Ezagutzen duzu zure aurpegia? – Junek galdetu zidan.

- Ez. – Berriro begiratu ziren beraien artean. – Zertan datza erabili duzuen teknika berritzaile hori? – galdetu nien jakinminez, umeen eta gizonaren aurpegiak burutik kendu ezinik.

- Zera, - hasi zen Igor – orain arte egin ez den transplante bat egin dizute.

- Zure garuna beste gorputz batean transplantatu dugu – bukatu zuen Junek, harira, beste itzulirik eman gabe.

Hitzik gabe gelditu nintzen. Zer?

- Zure egoerak ez zeukan itxura onik, eta teknika honekin, nahiz eta zure gorputza ezin salbatu, zeren eta zure bihotzak ezin zuen bakarrik lan egin, zure garunak ondo funtzionatzen zuen, beraz, paziente ezin hobea zinen proba honetarako.

- Proba? Hori da ni naizena? Proba bat?... – Ni, biokimikan lizentziaduna nintzen, eta zientzialari moduan, ikerketen alde nengoen, baina ez edozein preziotan. Non zegoen bioetika kontseilua kasu horretan?

Ezer esan gabe, eta nire haserrea antzematen, hiru medikuak gelatik irten ziren. Hurrengo egunetan hainbat mediku, erizain, ikertzaile, psikologo, kazetari… sartu ziren, baina nik ez nuen inorekin hitz egin nahi. Azkenean, alta eman zidaten, eta nire etxera joaten utzi ninduten. Ordurako, dena gogoratzen nuen. Ezagutzen ez nuen gauza bakarra, nire gorputz berria zen.

Kaletik, pausoz pauso, aurrerantz joaten nintzen, nire oinetara begira, lehenengo hanka batekin, gero bestearekin. Noren hankak ote ziren horiek?

Ametsetako hondartzara heldu nintzenean, olatuak ailegatzen ziren ertzeraino hurbildu, eta hortxe eseri nintzen. Nireak ez ziren begiekin, iluntzea ikusten gelditu nintzen; nirea ez zen sudurrarekin, itsasoaren usain bereizgarria sentitzen nuen; nireak ez ziren belarriekin, olatuen hotsa entzuten nuen; nireak ez ziren oinekin, ura sentitzen nuen atzamarren artetik sartzen… Bizitzan aurrera egiteko gai izango nintzen nirea ez zen gorputz batean?
  • Visto: 65

ESCOLA D'ESCRIPTURA

EUSKAL ETXEA

AEELG

EDITORIAL GALAXIA

METODE

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

EL HUYAR

AELC

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

IDATZEN