IRATIREN AMETSA





Irati hamalau urteko gaztea da, ibili ezin dena. Hala ere, bere bizitza zoriontsua da, senide eta lagun askorekin. Egia izanda, bere betiko ametsa ibiltzea izan da. Horregaitik, egunero lan gogorra egiten du amets hori betetzeko. Nahiz eta Irati batzuetan itxaropena galdu, ideia txarrak baztertzen ditu berriro eta aiton-amonek esaten diotenez, jo ta ke, irabazi arte.

Gaur astelehena da eta beti bezala Irati ikastetxean dago. Astea zaila izango da, azterketa asko egongo baitira. Irakasleak, mundua aldatu duten asmakizunei buruz hitz egiten du. Irati adi-adi dago, gai hau asko gustatzen zaiolako. Hala ere, hamar minutu beranduago, azalpenaren haria galtzen du konturatu gabe. Buruari ideia asko etortzen zaizkio. Gehien gustatuko litzaiokeena da ibiltzea lortzeko zerbait asmatzea. Iratik ideia hori buruan izaten du egunero.

Arratsaldean etxera heltzean, Iratik ez du berriro gaiaz pentsatzen, gauza asko egiteko baitu. Afaldu ondoren, gurasoek berri on bat ematen diote. Iratik entsegu kliniko batean parte hartzea proposatu zieten. Haiek oso pozik zeuden baina azken hitza Iratirena dela uste dute. Iratik erabakia hartu behar du. Iratik entseguan parte hartzea onartuko balu, oinez ibiltzea lortu ahal izango luke. Orduan, berak pentsatu gabe ontzat ematen du.

Asteartea da. Irati ezin da klasera joan, ospitalean mediku talde batekin bilera bat du. Oso urduri dago baina, aldi berean, poz-pozik. Medikuak dauden areto batera sartzen dira hirurak: aita, ama eta Irati. Gaur egun hainbat saio kliniko abian daudela eta bera horietako batean parte hartzeko aukeratu izan zela esaten diete medikuek. Dena zertan datzan azaltzen diete. Une horretan Iratik zer egin erabaki behar du, bestela zerrendan dagoen hurrengo pertsonari deituko diote. Baietz esaten du eta orduan medikuek egingo diotenari datu gehiago ematen dizkiote. Baimena sinatu ostean, ospitaletik oso pozik ateratzen dira. Astebete barru ebakuntza egingo diote eta bere bizitza betiko aldatu ahal izango da. Arratsaldean, Iratik lagunei berria ematen die eta guztiak oso alai daude eta maitasun handia transmititzen diote

Iratiren bizitzako asterik luzeena da, baina azkenean igandea da. Familia osoarekin jatetxe batera joaten da. Guztiak oso hunkituta daude eta Iratientzako desio onenak dauzkate. Arratsaldea lagunekin ematen du. Ebakuntzari buruz hitz egiteaz gain, dena ondo ateratzen bada, egin dezaketen guztiaz ere hitz egiten dute.

Berriro astelehena da. Berria eman ziotenetik astebete igaro da. Egunean zehar orduak astiro igarotzen dira, baina dagoeneko arratsaldeko seiak dira. Irati gurasoekin ospitaleko gelan dago. Bihar egun nagusia izango da.

Asteartea da. Iratiren gurasoak oso urduri daude baina bera ez; oso lasai dago. Musu eta besarkada askorekin gurasoei agur esaten die. Ebakuntza gelara eramaten dute. Ebakuntzak 12 ordu irauten du. Operazio konplexua da, garunean txip bat ezartzen baitiote.
Gaueko hamarrak dira Irati ZIUan esnatzen denean. Gurasoak ohearen ondoan daude, irribarre handia daukate aurpegian. Irati berriro lo geratzen da eta hondartzaren ertzetik korrika doala amets egiten du.

Azteazkena da. Ia konturatu gabe eguna amaitzen da. Medikuek froga desberdinak egiten dizkiote eta arrakasta handiko ebakuntza izan dela esaten diote. Iratik zutitzen saiatu nahi du, baina hurrengo egunera arte itxaron beharko duela esaten diote. Berriro gaua da. Irati lo geratzen da eta berriz hondartzako amets bera du.

Osteguna da. Irati esnatu egiten da, bere ametsa laster egia bihurtzeko irrikan.
Iratik ospitalean hilabete osoa ematen du. Egun guztiak berdinak dira. Goizero, ordubetez, medikuek garuneko txipa ordenagailu batera konektatzen dute doikuntzak egiteko eta gainerako goiz eta arratsaldean Iratik errehabilitazioa egiten du.

Azkenean alta emateko eguna heltzen da. Iratik bi hilabete gehiago ematen ditu lan gogorrean baina familia eta lagunen laguntzari esker, bi hilabete horiek azkar igarotzen dira.
Lan gogorra, ahalegin asko eta sei ebakuntzaren ondoren, Iratik beti nahi izan duena lortzen du, ibili ahal izatea. Hori guztia egia bihurtu da, aurrerapen zientifikoei esker.

Larunbata da. Irati hondartzan dago lagunekin eta bere ametsa egia bihurtzen ari da. Oraindik ezin du korrika egin, baina hondartzaren ertzetik ibiltzen da. Bere aiton- amonek beti esaten diotena gogoratzen du: Jo ta ke, irabazi arte. Kasu honetan, Jo ta ke, ibili arte.

Eider Mugarza
  • Visites: 68