IKUSPEGI MIKRO-MAKROA

Nire anaia bikiari eta bioi, ingurumen zientzialariek, merkatura atera ziren lente berezizko betaurrekoak oparitu zizkiguten. Bereziak deritzot, eguzki-eklipseak ikusteko aukera bermatzen zituztelako. Opari oso aproposa izan zen, une hartan nire nebarekin Alaskara joan nintzelako, gure lanarekin zerikusia zuten arrazoiengatik. Bidaiaren helburua landaredia eta animalia-espezieak zergatik zeuden klima-aldaketaren mende aztertzea zen; baita ea meteorologia aldaketek ekaitz elektriko gehiago eragiten al zuten ere frogatu nahi genuen. Honez gain, tenperaturaren eragina icebergen urtzean eta itsasoaren mailan, behatzea beste helburu bat zen. Gure egonaldian Alaskan gertatuko zen eguzki-eklipsea. Hala ere, bidaia ez zen atera nahi genuen bezala.

Alaskara heltzean, gure hotelera abiatu ginen atsedenaldia hartzeko hurrengo egunean azken mendeko eguzki-eklipse hoberena gertatuko baitzen. Hurrengo goizean, gure motxilak hartu genituen eguzki-eklipsea ikusteko leku onena hartzeko eta esperientziaz gozatzeko. Ordua ailegatu ahala, gure motxilatik oparitutako betaurrekoak hartzea erabaki genuen. Momentu hartan, imaginaezina zen zerbait gertatu zen. Nire nebari betaurrekoak ahaztu zitzaizkion eta hotelera bueltatzeko aukerarik ez zegoen jada, eklipsea hasteko zorian baitzen. Azkenean, betaurrekorik eduki ezean, eklipsea babesik gabe ikustea erabaki zuen. Honek, ondoriak izango zituen. Hurrengo egunean esnatu ginenean, nire neba ohartu zen bere begian orban ilun bat zuela eta honek ez zion uzten guztiz ondo ikusten. Hau entzutean, Bilbora berehala itzultzea erabaki genuen. Etxera heldu bezain laster, ospitalera abiatu ginen nire nebari frogak egin ziezazkioten eta diagnostiko batera heltzeko. Medikuak ohartu ziren begiko orbanak ilgoraren forma zuela eta eklipsea hor islatzen zela. Honek, begi horren ia ikusmen guztia galtzea eragin zuen erretinan eragindako kalteengatik. Orduan, begi horretaz hobeto ikusteko, burmuinaren azalaren gainazalera elektrodo-multzo baten bidez konektatzen zen bideokamera bat zeramaten betaurrekoak erabiltzea iradoki zioten. Baina, azkenik, lesio larrien ondorioz, begiko ikusmena galdu zuen, eta burmuinean kalterik ez izateko, begia erauzi behar izan zioten.

Aldi batez, nire nebak adabaki bat eraman zuen. Txaplata hori janzten zuenean, itsasontzi pirata bateko kapitaina zirudien. Janzteko kristalezko begiak bazeuden ere, berak gizakienak bezalako begi bat eduki nahi zuen, hau da, bere mugimendu propioarekin. Gainera, ez zitzaion batere gustatzen, txikitan erabiltzen genituen kanikak gogorarazten zizkiolako. Denboraldi bat igaro ondoren, gure lagun Koldok, robotika-ingeniaria. Japoniara egin genuen bidaia batean lagundu zigun, eta han begi-protesiak egiten zituen enpresa bat bisitatu genuen. 3Dko inprimagailuekin egiten zituzten, nerbio optikora konektatuta egotean ia giza begi bat bezala ikus zezakeen begi artifizial bat lortuz eta “ia” esaten dut, letra eta kolore batzuk besterik ezin zelako identifikatu. Honek ez zuen nire neba ere gogobetetzen; orduan, bueltako bidaian Koldok nire nebari begi bat diseinatzea proposatu zion. Amaitu zuenean, erakutsi egin zigun, eta nire nebari asko gustatu zitzaion. Beraz, ospitalera joan ginen, begi artifiziala jar ziezaioten. “Begia” nanokableen bidez nerbio optikora konektatuta zegoen, eta horiek, garunari estimuluak eragiten zizkioten benetako irudiak har eta ikus zitzan.

Ebakuntza arraskatsua izan zen. Ikusmen ezin hobea zuen; “begi” berriak benetako begi baten itxura zuen eta mugimendu berberak egiten zituen, baina bazuen berezitasun bat. Gora begiratzean, begiak teleskopio baten antzera jokatzen zuen, hau da, ilargia eta Eguzki-sistema osoa ikus zitzakeen. Aitzitik, behera begiratzen zuenean, begiak mikroskopio batek bezala jokatzen zuen eta mikroorganismorik txikienak, bakterioak eta abar ikusteko gai zen.

Gertatu zenari esker, Koldok, gure lagunak, urteko asmakizun onenaren saria jaso zuen. Bestalde, nire neba pozik zegoen, berriro ikusi ahal izateaz gain, bere ikusmena zoragarria zelako, eta ez zuelako pirata-adabakia berriro eraman behar izango, jada mozorrotzeko bakarrik erabiltzen zuena. Gainera, berriro eklipse bat ikusiko genuenean, nire anaiak ez luke betaurreko berezirik erabili beharko, bere begi bioniko berriarekin edozein eklipse ikusi ahal izango zuelako, inolako kalterik eduki gabe, baldin eta beste begia ixten bazuen.
  • Visites: 74