AMETSAK DISEKZIONATZEN


Begiak irekitzean, argi izpi handi batek, foku batetik zetorrenak, erabat itsutu ninduen. Behin kontzienteago nengoela, ingurura begiratu ahal izan nuen argiago. Arrotz sentitzen nintzen, inoiz ez bainintzen hemen egon, lehenago nire oinek ukitu gabe zegoen zoru ezezagun bat zapaltzea bezalakoa zen. Oso nahastuta nengoen arren, birritan pentsatu gabe baso misteriotsu haren sakonera sartu nintzen. izan ere, nire atzean
ezohiko sasiz estalitako horma handi bat besterik ez zegoen. Hamar minutuz leku hartan ibili ondoren, konturatu nintzen dena oso bestelakoa zela errealitatearekin alderatuta. Jiratuta nengoen bitartean, zuhaitzak niri begira zeudela sentitzen nuen eta iluntasun izugarri haren sakonean bazirela silueta bitxi batzuk, etengabe barre txikiak egiten zituztenak, niri barre egiten ari balitzaizkit bezala.

Lurrera begira jarraitu nuen, inolako ezagutzarik gabe, eta bat-batean kolpe handi bat hartu eta lurrera erori nintzen. Talka horren erruz, burrunba egin nuen lurraren kontra; hau hautsi egin zen, baso hartatik askoz beherago zegoen hutsune batera eroraraziz. Denbora tarte baten ostean, gela karratu deigarri samar batean esnatu nintzen, modu sofistikatuan apaindua: koadroz beteta zegoen eta gela erdian, lurrean, giltza bat ikus zitekeen. Birritan pentsatu gabe, giltza hartu nuen eta. sarrailaren baten bila nenbilela, gelaren ezkerreko izkinan zegoen koadro bati erreparatu nion. Bertan, natura irudikatzen zuen emakume baten silueta ikusten zen marraztuta; haren ondoan, elefante bat irudikatzen zen, zori eta itxaropen betikoaren irudi gisa. Margolanari begira nengoen eta ezkerretarantz pixka bat mugitzen ari zela ikusi nuen, pixka bat aldenduta baitzegoen. Koadroa biratu nuen eta lurrera erori zen, kolpe zaratatsu samar bat eginez. Soinu gogaikarri hura alde batera utzi eta atzean zegoenari begiratu nion.

Nire harridurarako, aireztapen-hodi bat aurkitu nuen. Gelako irteera bakarra zen, beraz, ez nuen beste irtenbiderik izan. Atzealdean argi urdinxka bat ageri zela ikusi nuen, eta hoditik labaindu nintzen laborategi moduko batera iritsi arte. Gauza asko zeuden lurrean sakabanatuta; hala nola xiringa erabiliak, kirurgia-tresnak eta medikuen maskarak, identifikatzen ez zekien likido likatsu batek estaltzen zituenak. Laborategiaren erdian ohatila bat zegoen. Hari lotuta zeuzkan sokak, halako moldez non bazirudien norbait lotu ziotela, bere esperientziarik txarrenaren itxura emanez. Egoera horretan pentsatzearen atsekabegatik, burua jiratu nuen gelako eskuineko hormara begiratzeko asmoz. Atzera egin nuen hura ikusi izanak sortu zidan harriduragatik. Kristal garden handi bat zegoen horman. Atzean, agure baten gorputz biluziaren irudia ageri zen, gizon hori oraindik bizirik zegoen, itxura kaskarra eman arren.

Zer gertatzen zitzaion ikustera hurbildu nintzenean, halako bira bortitza egin zuen, non kristala jo baitzuen. Kristala puskatzen ari zela ikusi nuen. Oso izututa nengoen eta irtenbideren bat bilatzen saiatu nintzen, baina aireztapen-hodia desagertua zen. Ezin izan nintzen erreakzionatu, beldurrak geldirik nengoelako, gizakiak kristala apurtzea lortu zuen eta, birritan pentsatu gabe, oldartu egin zitzaidan. Ezkerreko besoa hartu eta bere ahora eraman zuen. Orduan jo zuen halako haginkada, non minak esnarazi ninduen. Begiak zabaldu zitzaizkidan oinaze hura sumatzean. Gizon zahar hark kosk egin zidan gela bera zirudien, eta oraingoan, ohatilari lotuta zegoena, neu nintzen. Minez bihurritu nintzen erizainetako batek xiringa bat injektatu zidanean, lehen ikusi nuen likido likatsua zeukana.

- Jarri lasaigarriago! -oihu egin zuen haietako batek.
- Zer moduz doa esperimentua? Lortu al dituzue proposatutako emaitzak? -bota zuen ahots urrun batek.

Ez, haluzinazio batzuk izan ditu-.

Bigarren ahots hori gero eta hurbilago zegoen. - Oraingoz, ezinezkoa da helburu duen loa maneiatzea.

. Horretan ari gara.
Xuxurlaka, nire belarriaren ahurrean, hau esan zidan:

- Ongi da, seruma eman eta ikus dezagun egoera noraino irits daitekeen.







  • Visites: 93