teknologia aurreratuen ondorioak

Bazen behin haur bat, Mikel izenekoa, 10 urte zituena, eta bere ametsik handiena zahartzea eta ikertzaile zientifiko bihurtzea zen. Oso ume bitxia zen, ez zituen gustuko kirolak, gainerako haurrak bezala, bere tarte libreetan liburuak irakurtzea edo gauza berriak ikastea nahiago zuen. Gainerako haurrek barre egiten zioten eta esaten zioten ez zela inoiz ikertzaile ospetsu bat bihurtuko, denbora galtzea zela.

Mikel nagusitu zen, lan gogorra egin zuen, eta zientzietan ohorezko matrikula lortu zuen bere nota bikainei esker. Mikelek Donostiara joatea erabaki zuen unibertsitatean ikasteko, asko interesatzen zitzaion gai zientifikoa, baina batez ere adimen artifiziala. Mikeli sinesgaitza iruditzen zitzaion zelan munduak teknologikoki aurrera egiten zuen, eta esperientzia horren parte izan nahi zuen.
Mikel robotika ikasten hasi zen, uste baino zailagoa zen, baina ahalegin handia egin zuen beti nahi izan zuena lortu ahal izateko.Bere karrera amaitzean, robotetan espezializatutako enpresa batean onartu zuten eta han lan egiten hasi zen. Munduan mota askotako robotak asmatuta zeuden jadanik, hala nola, sukaldean laguntzeko robotak, xurgagailu elektronikoak... baina Mikelek aurrerago joan nahi zuen, lan gogorra egin zuen, gizakiaren gaitasun berak zituzten makinak sortzeko asmoz. Pertsona bat ia identifikatzen zuen robot bat sortzea lortu zuen, arropa arruntez jantzita zegoena, besoak, hankak eta aurpegia ere bazituena. Robot hori gai zen etxeko lanak egiteko, erosketak egitera joateko, beste pertsona batzuekin hitz egiteko... Mundu osoko sormen berritzailea izan zen, eta Mikel oso ospetsu bilakatu zen, oso enpresa famatuetatik deitzen hasi zitzaizkion berarekin kolaboratzeko. Enpresa guztiek ospe handia eta diru asko eskaintzen zioten, eta Mikel berehala konturatu zen enpresek benetan nahi zutenaz. Enpresek nahi zuten gauza bakarra dirua lortzea zen eta pertsonen ordez robotak ezartzea lanbideetan, hala nola garbitzaile, margolari, arkitekto moduko lanbideetan. Mundua oso azkar modernizatu nahi zuten, ekintza horiek izan ditzaketen ondorioak pentsatzen gelditu gabe. Hori gertatuz gero, jende asko langabezian geratuko litzateke, eta krisia areagotu egingo litzateke mundu mailan.

Mikelek ezin zuen horrelakorik gertatzen utzi, pentsatzen zuena mundu osoarekin partekatu behar zuen eta mundu mailan ikusiena zen programarekin elkarrizketa bat eskatu zuen.
Elkarrizketa gaueko bederatzietan hasi zen, hasieran aurkezleak eta ikusleek hainbat galdera egin zizkioten: “robota fabrikatzeko zenbat denbora behar izan zuen, ideia nola bururatu zitzaion, laguntzarik behar ote zuen, ea erreplikak egitea eta saltzen hastea pentsatu ote zuen...“ Galdera guztiak erantzun zituenean, programa amaitu aurretik zerbait esan nahi ote zuen galdetu zioten, eta berak baietz esan zuen. Kameretara begiratu eta hizketan hasi naiz. "Niri zuei adina ilusio egiten dit horrelako robot bat egitea lortu izanak, hori da txikitatik amesten dudana, baina inor ez dago pentsatzen robotek mundura ekar ditzaketen ondorioetan. Oso ondo dago robotek pertsonei laguntzea, baina robotek ezin dituzte pertsonak ordezkatu, robotek inoiz izango ez duten zerbait dagoelako, zuen sentimenduak. Bai, egia da robotek perfekzioan lan egiten dutela eta gizakiok ez bezala akatsak egiteko oso aukera gutxi dituztela, baina pertsonok gauzak sentimenduekin egiten ditugu, eta askoz garrantzitsuagoa da akatsak egitea eta gauzak ondo egiten ikastea, gizakiak robotekin ordezkatzea baino. "
Entzuleak mutu geratu ziren eta aurkezleak azken galdera bat egin zion: zer esan nahi duzu honekin?
“Esan nahi dudana da ez diodala robota inongo enpresari salduko eta ez dudala bere fabrikazio modua azalduko.”
Egindako elkarrizketa horren ondoren, Mikel lanetik kaleratu zuten. Bazekien bere ametsik handienari uko egin bazion ere, egin behar zuena egin zuela, hortaz, zoriontsu geratu zen.
  • Visites: 85