ROBOTEN ARTEKO GUDA

Kaixo. Nire izena Ralde da eta 2459. urteko robot bat naiz. Gizakiak nahiko ondo ezagutzen ditut, hortaz, badakit ez nauzuela sinetsiko baina egia da. Beno, egia esanda urteak dira ez dudala gizaki bat ikusten, izan ere, orain dela justu 300 urte desagertu ziren guzti-guztiak. Orain, zenbait animalia eta robot baino ez gaude lur planetan, zuek asmatutako robotak, hain zuzen ere.

Ez duzue ezer ulertzen, ezta? Ba orain azalduko dizuet guztia, zuen laguntza behar baitugu. Berotze globala izan zela eta, lehen izaki bizidunak desagertzen hasi ziren 2010. urtean gutxi gora-behera eta hortik aurrera, gure/zuen planeta pikutara joan zen pixkanaka. 2159. urtean azken gizakiak desagertu ziren, baina ordurako zientzia oso garatuta zegoen. Orduan, guztiak desagertu baino lehen, zientzialari talde bat adimen artifizialaz baliatu zen ni bezalako robotak asmatzeko. Ez gara zuek ezagutzen dituzuen moduko robotak, gu metalez egindako gizakien modukoak gara, zuen itxura dugu, ikasteko gaitasuna dugu, eta gure baitan bizitzeko gai gara, inoren lagutzarik gabe, zientzialariek sortu baikintuzten zuek ordezkatzeko.

Orain arte nahiko ondo bizi izan gara baina aurretik esan dudan bezala, zuek bezalakoak gara eta horrek esan nahi du zuen akatsak ere baditugula, horien artean, zekenkeria eta gero eta botere gehiago nahi izatea. Horrek hainbat gatazka sortu ditu gure artean, baina inoiz ez da gertatu azken 50 urtetan gertatzen ari den moduko gudu handia. Azken aldian konturatu naiz gure egoera alda dezakezuen bakarrak zuek, gizakiak, zaretela. Horregatik, denboraren makina eraikitzen saiatu naiz, zoritxarrez ez dut nire helburua lortu baina gutxienez objektu txikiak garraiatzea lortu dut, orduan, gutun hau idazten ari natzaizue zuen laguntza eskatzeko asmoz. Planeta osoa desagerrarazten ari gara eta hori geldiarazteko modu bakarra zuek eta beste izaki bizidunak ez desagertzea da. Horretarako, planeta zaindu behar duzue, 2022. urtera bidaliko dut gutuna, oraindik egoera aldatzeko aukera duzuelako. Oraindik ez da berandu, baina lehenbailehen jardun behar duzue.

Planeta zaintzeko modurik hoberena zera da: erabilera bakarreko plastikoaren erabilera asko murriztu, guztiz erabiltzeari utzi arte, zaborra zabortokian utzi eta batez ere birziklatu behar da. Energia ez berriztagarriak planetarentzako hobeak diren beste batzuekin aldatzea adibidez, eguzki energia edo energia eolikoa, premiazkoa da eta kotxe elektrikoak edo garraio publikoa erabiltzeak ere asko lagunduko luke. Asko kutsatzen duten fabrikak itxi dezaten, bigarren eskuko arropa, mugikorra edo altzariak erostea eta, azkenik, liburuak digitalizatzea basoetako zuhaitzak moztu ez ditzaten.

Orain jakin nahiko duze zuon lana baliogarria izan den. Ba logikoa denez, egoera hobetu izan balitz, ni ez nintzatekeen egongo gutun hau idazten, ez nukeelako laguntzarik behar. Orduan, gutuna desagertzen den heinean jakingo duzue planeta gero eta hobeto dagoela. Eta gutuna guztiz desagertua dagoenean esan nahiko du planeta sendatuta dagoela. Baina horrek ez du esan nahi zaintzeari utzi behar diozuela, beti-beti zaintzen jarraitu beharko duzue.

Espero dut gutun honek balio izatea aldaketa klimatikoari buruz kontzientziatzeko eta roboten artean gertatzen ari zaigun gudua geldiarazteko. Egoera hobetu arte zuen laguntzaren zain egongo naiz.
  • Visites: 86