Zergatik

Lanera noa, egunero bezala, ausardia nondik atera jakin gabe. “Ausardia zure barruan duzu” esaten zidan amak, “urrun iritsiko zara”, aitak. Urrun geratu dena garai hura da, adorea nondik lortu nuenekoa. Baina aurrera begiratu behar, aurrera espazioan, ez denboran. Nora noan, ez nora iritsiko naizen. Eta lanera noa, begirada irmo aurrera, ez gaituztela zapalduko adieraziz. Ez dagoela egia suntsitzerik. Ez dagoela gu ixilarazterik. Hitz egiten dugu orain, eta hitz egingo dugu etorkizunean. Hitz egin ahotsik ez dutenengatik, ahotsa kendu dietenengatik; hitz egin hondamendi guzti honengatik, mundu hobe bategatik. Egia da azken finean garaile bakarra, azken hitza duena, azken barrea. Egia da ukatu ezin dena, istorioen hariarekin josten duena.

Jakituria boterea omen da, baina nik nahiko ahul ikusten dut nire burua, zer egin ez dakidala. Nork pentsa lezake ezer ez dakigula esatea hain arriskutsua izan zitekenik? Nork pentsa kartazko gaztelu batean biziko ginatekenik, egia hain gorrotatua izango zenik? Nork pentsa halako mundua eraiki genezakenik, eta bertan bizitzea zegoenik?

Aurrera noa, jende artean. Batzuk behera begira daude, besteak aurrera, baina benetan begiratu gabe denak, denok. Bakoitza bere pentsamenduetan dabil, bere munduan. Leku beretik gatozen arren hain bide desberdinak aukeratu ditugu, hain begirada desberdinez ikusten dugu dena, hain desberdin pentsatu, sentitu, bizi… eta hain mundu partekatuan bizi gara…

Lanera noa, azken urteotan bezala, jende artean galduz, itzal artean biziz. Ez da erraza aukeratu dugun bidea, gero, baina zerbait egin behar, ezin eserita geratu. Erantzunak bilatu behar. Erantzunak, inoiz galdetu ez diren galderei, eta inoiz erantzunik jaso ez dutenei.

Egia. Hain da garrantzitsua, izkina bakoitzean etsai bat duela. Hain da sakona, milaka urteren ondoren mundua azal diezagun erregutzen jarraitzen dugula, eta, aldi berean hain da gertukoa, hurbila, gure izanaren zati dela. Egia bilatzen dugunok ere hor gaude, amildegia alde batera eta arantzaz beteriko bidea bestaldera, baina aurrera egin behar. Aurrera gugatik, eta munduagatik.

Ametsak ere egiaren pareko daude gaur egun. Ez omen dute arazoak sortzeko besterik balio. Egia da arazoak ezker-eskuin banatzen direla hemen (zer besterik espero). Egia da ametsek arazotan sartzen gaituztela. Diotenez mundua ongi dagoelako. Diotenez behar ez gaituztelako. Jendeak jakingo balu bakarrik… jendeak jakingo balu. Gure lana, hori da gure lana. “Balu” hori “du” bat bihurtzea.

Urteak daramatzat honetan, esango nuke txikitatik, eta bai, uzteko gogoa izan dut hainbatetan, onura gutxi eta kezka asko besterik ez zidala ekartzen ikustean. Baina gaur egun handia da, egun handiak besterik ez baitaude aske denarentzat. Agian ez gara nahi duguna egiteko aske, baina bai pentsatzeko aske. Esan dezatela nahi dutena, kostako zaie hori ere kentzea. Ez diegu lana erraztuko, behintzat.

Eta ahaztu dezakete beraiegatik egin dugun guztia, egin ditzakete mundua atzo sortu zenaren plantak, sinetsi dezakete nahi badute, eta gorrotatu gaitzakete, saia daitezke jakituria suntsitzen, baina denok dakigu, azken finean, asko sinestuagatik ere bi gehi bi bost dela, inoiz ez dela izango. Denok dakigu egia, erlatiboa bada ere, ez dela ez sinestearekin bakarrik aldatzen. Edo jakin beharko genuke. Oraindik lana dugu egiteko.

Eta lanera noa, gaur ere egun berezia izango dela jakinda, maite duzun lanean egun denak direlako bereziak. Eta lanera noa, kezkak ahaztu nahian, bizitzaz gozatu nahian, zergatiak galdetuz. Zergatik dira gauzak horrela? Zergatik da egia hain konplexua? Eta, batez ere, zergatik izango ote da hemen gaudela? Zergatik orain? Zergatik gu? Zergatik…


–Zientzialariren batek, noizbait.
  • Visites: 89