NIRE ZORTE ONEKO EGUNA!


Astelehena, goizeko zortziak, jaikitzeko ordua! Beti gauza bera, Mikelen iratzargailu zaratatsua… Alarma entzuten dudan bakoitzean, zera galdetzen diot neure buruari: “Mikel nik adina ozen entzungo ditu soinuak?” Ez daukat zer eginik egunean zehar, lo egin besterik ez dut nahi! Alarma entzun bezain laster esnatzen naiz, eta nire jabearen ohera salto egiten dut. Bera poztu egiten da ni ikusteaz, eta eskerrak emateko, egun onak ematen dizkiot aurpegia miazkatuz.

Gosaltzeko ordua da. Goizetan animatzen nauen gauza bakarra gosaria da, baina eguneko hogeita lau orduetan gose naiz; ez dut ulertzen. Nire jabeari, niri ez bezala, zaila egiten zaio esnatzea baina behin altxatuta, ohean denbora luzez esna egon ostean, sukaldera joaten da gosaria prestatzera. Beti gauza bera gosaltzen du, kafea karameluarekin eta ogia urdaiazpikoarekin. “Hey! Nire janaria, nire janaria nahi dut!” Ez dut ulertzen zer gertatzen zaidan komunikatzen saiatzen naizen bakoitzean, beste hizkuntza batean hitz egin eta ulertuko ez balute bezala iruditzen zait. Nire jabearekin komunikatzen saiatu ondoren, minutuak pasa ahala bere aurpegiaren keinuak aldatzen direla ohartzen naiz; goizeko irribarre handi bat izatetik, kopeta zimurtzera pasatzen da, nire hitzak atseginak ez balira bezala... Baina, nire janaria nahi dut, janaria besterik ez! Urte askoren ondoren, (askoren arabera, urteak zazpiz-zazpi igaroko balira bezala sentitzen naiz eta Mikelek orain dela hiru urteko bizitasun berarekin jarraitzen duelako sentsazioa izan arren) eta berarekin bizi izandako esperientzia, nire janaria lortzeko sekretua lortu dut: negar-muzinka hasi. Bai, entzun duzun bezala; haur batek bezala negar egin, nahi duzuna lortzeko. Oraindik ez dakit zertarako balio duen trikimailu hutsezin honek, nire ikuspuntutik hobe baita gauzak ni bezala hitz egiten eskatzea, baina tira… Azkenean nire janaria daukat, beti berdina da, nik maite ditudan bolatxo mota horiek, ez dakit zer duten baina eguneko ordu guztietan gogoa dut.

Orain bai, behin guztia janda, nire lagunak ikusteko ordua da. Mikelek soka moduko bat lotzen dit lepoan, neure indar guztiez gorroto dudana, eta atarirantz arrastaka eramaten nau. Itxaroten dudan bitartean, eta kanpora irteteko pazientzia handiz, nire jabeak bere burua prestatzen jarraitzen du.
Tira Mikel, kanpora atera behar dut, ezin dut gehiago jasan!
Isilik! Banoa! Zaunka egiteari utzi.
Zaunka? Nola zaunka? Zer da hori? Esaldi hori etengabe, "Ez egin zaunka Max", "Sh, bizilagunak molestatzen ari zara", eta ez dut ulertzen zergatik, nire helburu bakarra berarekin komunikatzea da, baina ezinezkoa dela ikusten dut…
Etxetik irtetean Rex ikusten dut, aurreko atarian bizi dena. Beti bere goizeroko energia handiz:
Egun on Max! Zer gosaldu duzu gaur? Ea asmatzen dudan... haragi zaporeko bolak seguru, klasiko bat.
Horixe! Nola zenekien?
Beti txantxa bera, ez da goizero errepikatzeaz nekatzen. Kaletik buelta bat eta nire lagun guztiei agurtu ondoren, etxera itzultzeko ordua da.

Goizeko bederatziak, eguneko ordurik txarrena, nire jabea lanera joaten da eta bakarrik uzten nau egun osorako. Baina gaur, zein da nire sorpresa? Nire jabeak atseden eguna dauka! Berri hau jakinarazi dion deiaren amaieran, korrika etortzen da niregana, pozez salto egiten dudan bitartean. Bazkaltzeko ordua heldu da, eta ohartu naiz Mikelek ohi baino azkarrago prestatzen duela janaria. Detaile hori alde batera uzten dut eta bazkaldu ostean pentsatzen dut nire eguna ezin dela hobea izan, sorpresa zoragarri bat jaso arte... Gaur ile-apaindegiaren eguna da! Horregatik Mikelek presaka zebilen, ordu bete barru hitzordua dugulako! Mikel ile-apaindegira joateko prestatzen hasten da. Ez dut oso ondo ulertzen nire jabearen gustua, beti kolore ilunekin eta tonu berdinekin janzten da, agian arazoa nirea da, ezin ditudala kolore guztiak ondo ezberdindu... Beno itzul gaitezen garrantzitsuenera, gaur ile-apaindegiaren eguna dela. Nire lagunei ez bezala, izugarri gustatzen zait garbitze-saioetara joatea eta dutxa bat hartu, masajea egin eta ilea mozten didaten bitartean, bizitza osoan egon naiteke leku horretan. Gainera,, Hannak, nire gominola gogokoenekin ongi etorria ematen dit. Saioaren amaieran, tristuraz ateratzen naiz dendatik, esperientzia amaitu egin baita. Etxera iritsi ahala, afaltzeko ordura arte lo egitea besterik ez zait geratzen. Behin afalduta, nire jabearen gelara joan eta nire ohean kizkurtu eta lasai lo egiten dut hurrengo egunera arte. Ai neure burua aurkeztea ahaztu zait, Max naiz eta bai, txakur bat naiz. Pozten nau zu ezagutzeak!
  • Visites: 79