AFRIKAKO EMAKUME MIRESGARRIAK

Afrika, 8500 haurren heriotza egunero desnutrizioaren ondorioz.
Afrika, pobrezian murgildutako herrialdea.
Afrika, haurren esplotazioa.
Afrika, etengabeko goseteak.
Mundua, 10 milioi hildako minbizia dela-eta.
Afrika, 2022ko apirila. Mundu osoko egunkarietan, inork espero ez duen berria agertu da: “Ahalegin, esfortzu eta dedikazio askoren ondoren, Afrikako hiru emakume zientzialarik minbiziaren kontrako txertoa aurkitu dute.”

******************************
Flashback 2015ean…

Txikitatik haien zientziarekiko grinari jarraituz, Mangaka Matoetoe, Wangari Maathai eta Aster Tsegaye Abebe, Burundiko (Afrikako herrialderik txiroenetariko bat) laborategian minbiziaren aurkako txertoa aurkitzeko ikerketa lanetan hasi ziren.
Minbiziaz infektatutako bi pertsonen ADN-a (azido desoxirribonukleikoa hain zuzen ere, adenina, guanina, zitosina eta timina sekuentzia) erabiliz hasi zuten ikerketa. Hainbat aste behar izan zituzten gaixotasuna eragiten duen antigeno hori ADN-an aurkitzeko. Behin hori eginda, txertoa prestatzeko beharrezkoak diren bestelako osagaiak gehitu zizkioten: substantzia tentsio aktiboak, txertoaren osagai guztiak nahastuta edukitzeko; txertoan osagai aktiboak ez diren hainbat elementuren kopuru txikiak ( arrautza-proteinak, legamiak edo antibiotikoak, esate baterako); diluitzailea txertoa kontzentrazio egokian diluitzeko; eta, azkenik, txertoarekiko erantzun immunitarioa hobetzeko substantzia (aluminio fosfatoa, aluminio hidroxidoa edo potasio alumbrea). Orduak, egunak, asteak, hilabeteak ere lanean egon ziren osagai guzti hauek ondo nahasteko asmoz. Baina lanak ez ditu beti fruituak ematen eta, tamalez, ez zuten lortu. Oraingoan, behintzat.

Lehenengo saiakuntza: txertoa lortuta, baina, animalia batengan frogatzean, ondorio onik ez. Frustrazioa, tristura…. Baina kemena galdu barik, konposizio aldaketari ekin zioten.

Bigarren saiakuntza: Munduko laborategirik garrantzitsu eta boteretsuenetariko batekin,“La suiza Roche”, alegia, egin zuen topo gure emakume zientzialari taldeak. Elkarlana? Laguntzeko asmoa? Ez, guztiz kontrakoa! Afrikako "Manwanas" laborategia hankaz gora agertu zen goiz ilun batean… Zer dela eta? “La Suiza Roche”-ko ikertzaileek txertoa lapurtu nahia. Ez zuten lortu, Wangari Maathai bertan zegoelako lanean eta garaiz konturatu zelako, baina zoritxarrez, prestatutako nahaste guztia lurrera bota zuten eta hauspeakin ontziak, saihodiak… apurtu ziren. Frustrazioa berriro ere. Haserrea. Amorrua. Europa ez al da zibilizazioa, aurrerapena, baliabide guztiak dituen kontinentea? Zergatik, orduan, gure laborategi txiki eta ziztrin honen kontra jokatu?
Galdera hauek alde batera utziz, berriro lanari ekin behar…Oztopo berri bat oraingoan: dirua. Afrikan “esponsor” izenekoak lortzerik ez baita erreza….Baina tira… baliabide gutxiago izanda ere, ez zioten lan egiteari utzi, ikerketekin aurrera jarraitu zuten eta akatsak nondik zetozen ulertzeko gai izan ziren. Esaterako, ez zuten txertoa kontzentrazio egokian diluitu eta gainera diluitzailea txertoa jartzerako orduan bota behar zela ohartu ziren.
Aurreikusita zuten epemuga luzatu zitzaien diru murrizketaren ondorioz, baina denak dauka bere alde ona, eta urte horietan, Afrika eta herrialde aurreratuetako minbizi kasuei buruzko ikerlan zientifiko sakona egin zen eta garrantzi handiko ondorio bat plazaratu zen: gosetea zegoen herrialdeetan minbizi kasuak gutxiago zirela. Gure emakume zientzialariek honen zergatia bilatzeari ekin zioten, eta ADN-an aurkitu zuten arrazoia, gosea pairatzen zutenen inmunitate-sistemak, minbiziaz babesteko gene bat sortzen baitzuen. “Hor dago koxka!” pentsatu zuen gure hirukoteak. “Hau ikusita, gene hori erabiliko dugu txertoa eragingarria izan dadin!”.
Eta, berriro ere, amorerik eman gabe, ilusioz eta itxaropenez beterik lanari ekin zioten.
2020rako txertoa eginda zuten, jendearekin frogatzea falta zen soilik. Ez zen gutxi, baina!
Urtebete frogak egiten eman ondoren, behingoz oniritzia eman zitzaion txertoari!!! Ikaragarria une horretan gure emakumeen sentimenduak: alaitasuna, poztasuna, ondo egindako lanaren harrotasuna…
Mundu “zibilizatuaren” erantzuna, ordea, ez zen izan haiek espero zutena. Nola da posible minbiziaren aurkako txertoa Afrikako laborategi ziztrin batean lortu izana?? Eta 3 emakumek lortu dute gainera?? Eraginkorra izango da txerto hau?? Azpigaratutako kontinente batez fida gaitezke??
Berriro ere frustrazioa,egoneza, haserrea, tristura.
Mesfidantza hau gure hirukotearentzat mingarria izan arren, kemena mantendu zuten. Benetan miresgarria! Baina hain harro zeuden lortu zutenaz, ezen indartsu sentitzen ziren mundu guztiari helarazteko.
Horrela, 2022ko apirilean, azkenean,txertoa mundu osora zabaltzea lortu zuten. Une horretatik aurrera, Europak eta gainerako herrialde “garatuek”, Afrikaren laguntza beharko zuten minbizia kasuak jaisteko. "Manwanas" laborategiak baldintza bakarra jarri zuen bere txertoaren formula elkarbanatzeko: herrialde bakoitzak Afrika pobreziatik irten ahal izateko ekarpen txiki bat egin zezan.
******************************
Flashforward: 2025 urteko Nobel Sarietako galan…

- Orain ikerketaren Nobel Saria banatuko dugu. Sari hau 3 emakumeentzat da, Mangaka Matoetoe, Wangari Maathai eta Aster Tsegaye Abeberentzat, zailtasun guztien gainetik, minbiziaren aurkako txertoa asmatzea lortzeagatik. Gora emakume zientzialariak eta gora zientzia!

Gure hirukotea, gertatzen ari zena sinetsi ezinik, aho bete hortz geratu zen. Emakumeen sentimenduak adierazi ezinak ziren, sentitzen zuten poza ikaragarria haien aurpegietan isladatuta. Burundiko jantziek kolorez eta alaitasunez bete zuten urte horretako gala!

Sari horrek, saria bera baino haratago, gauza garrantzitsu bat adierazi zion munduari: Marie Curiek, Barbara McClintock-ek edo Rachel Carsonek beste garai batzuetan erakutsi bezala, zientzia ez dela soilik gizonezkoentzat eta dirudunentzako, ezta herri garatuentzako. Kemena da sekretua. Lana. Ilusioa. Gure hirukotearentzat amore ematea ez baitzen inoiz aukera bat izan, eta beti aurrera jarraitu zutelako, egun latzenetan ere eguzkia agertuko zela sinetsiz.
Benetan miresgarria!

******************************
Flashforward 2030 urtea

Mundu osoko egunkarietan:
“Afrikak pobreziatik irtetea lortu du, minbiziaren aurkako txertoaren eta munduaren laguntzaz”
“Minbiziak eragindako heriotzak 0 izan dira eta minbizia kasuak %50 jaitsi egin dira 2022 urtetik hona”

Albiste hobeagorik egon daiteke?
  • Visites: 147