Kaiola ikusezina

Ni eta nire bikotea erdigunetik gertu bizi gara. Hemendik iskanbila handia dugu beti, gehien bat bero egunetan, horregatik dut gustuko. Denak presaka dabiltza, alde batetik bestera, ziztu bizian, ondokoari begiratu ere egin gabe. Beti izan dut buruan noizbait istripuren bat izango dugula, baina ez, azkenean ez da ezer gertatzen; azkeneko momentuan batzuek eta besteek elkar eskibatzen dugu, nanometrora neurtuak ditugun mugimendu zehatzak erabiliz. Berarekin, nire bikoteaz ari naiz, bizi naizenetik, mundutik isolatua sentitzen naiz; ez dugu beste lagunik, ez datorkigu inoiz inor bisitan. Aspertuta nabil, deprimiturik esango nuke. Hala eta guztiz ere, onartu beharra dago, hemen ez dugula gonbidatuak modu egokian antolatu eta eroso sentiarazteko lekurik. Hau da erdigunean bizitzeak daukana, etxebizitzak oso txikiak direla, eta, hiru, jendetza dela dagoeneko. Suposatzen dut aspaldi ohitu nintzela berarekin bakarrik bizitzearekin, indar ikusezin baina boteretsu baten eraginpean elkarri erakarrita, eta dena popatik hartzera bidali eta nire bizitza beste leku batean hasteko erabakia hartu ezinik.
Goiko bizilagunak denboraldi luzeak botatzen ditu etxetik kanpo ordea. Valentziakoa omen da, hori diote behintzat, eta bereak bisitatzera joango dela suposatzen dut. Behin, bi urtez egon ginen bera ikusi gabe; bidai luze bat egingo zuen ziurrenik, leku berriak ezagutzen. Hau bai zorte ona madarikatu horrek duena, bere kabuz joan-etorrian ibili daitekeela, ni kaiola ikusezin honetan harrapaturik nagoen bitartean.

Barkatu, barruan nuen guztia bota dizuet eta orain konturatu naiz zakar hutsa naizela, ez bait dut nire burua aurkeztu. (2pz)2 da nire izena. Sodio atomo batetako 2pz orbitaleko bigarren elektroia. Hori uste dut behintzat.