Darwinismo ilustratua

DARWINISMO ILUSTRATUA
- Zientziak ez du mundua salbatuko baina agian, zure txikitasunean eta zure modura, zuk salba dezakezu zientziaren mundua…
Hala bota zidan orain dela 37 urte kimikako irakasleak, kurtso amaierako festan. Institutoko soinketa-gela dantzaleku bihurtu genuen egun hartarako eta kanpora zigarro bat erretzera irten nintzenean, hantxe topatu nuen bere bakardadean. Musugorrituta eta kantari ari zen irakasle hura, parrandan ere maisu izan zitekeela otu zitzaidan. Bere ikasgaia 5 bateko notaz estu-estu gainditu ostean, zergatik esan ote zidan hori itaundu nion.
- Ez zara onena, argiena edo jakintsuena… baina zure inguruari ederki egokitzen zara! – bota zidan eta balantzaka, berriro sartu zen soinketa-gelan; festa berriro serioski ospatzen jarraitzeko asmoz.
Eta nire burua zalantza berri haiei egokitu nahian, festari jai ematea erabaki eta etxerantza abiatu nintzen, hark nigan zer ikusi ote zuen ulertu ezinik. Denek zekiten letretan hobea nintzela eta zientzietako nire emaitza zehatz bakarrak, nire zalantza eta duda-muda infinituak zirela. Hitz batean, gizateriaren hasierako izaki zelula-bakar haiek baino buru gutxiagorekin ikusten nuela nire burua.
Unibertsitatera salto egin nuenean, antropologia eta biologia ikasteari ekin nion. Eta unibertsitateko fauna hartan, berezko selekzio naturalak bere lana egiten zuela ohartu nintzen: institutoko ordutegi zehatz, ziur eta baldintzatutik, unibertsitateko kaos kontrolatura denok ez genuen, antza; jauzi bera egin. Batzuk jauzi eta beste batzuk, jausi egin zirela, alegia. Norberaren askatasunaren jabe izateak, arduraren menpeko gisa jokatu behar izatea ekartzen duelako. Eta hala, institutoko notarik altuenak ateratako haiek eguneroko parranda eta diziplina faltan nola galtzen ziren ikusi nituen, nik nire bidea lurra lehenengo aldiz zapaltzen duen narrastiaren baldartasun sigi-sagatsuan egiten jarraitzen nuen bitartean. Bidean, behin lizentziatzen nintzenean, nahi adina parranda egiteko lizentzia izango nuela agindu nion nire buruari.
Behin lizentziatuta baina, ikerketa munduan sartu nintzen eta bertan, laborategiko xaguak ikertzaileok ginela konturatu nintzen. Batzuetan, gizarteak mespretxatzen gintuela iruditzen zitzaidan, munduak gure sentimenduekin esperimentatzeko joera zuela. Ikerkuntza oso inguru zaila zela ohartu nintzen, guk etorkizuna orainaldira ekartzen genuelako baina gizarteak ez zekielako hori estimatzen. Ikerketan buru-belarri jardutea baino, hobe zela denen buru, belarria jartzea hobetsi nuen: bekak noiz irtetzen ziren jakiteko, diru-laguntzak nola lortu ikasteko, merituak non eta nola egin… Aire goxorik gabeko inguru zurrun bat begitandu zitzaidan burua oraindik haizez beteta zuen ni bezelako gazte batentzat. Brankien bidez lehorrean nekez arnasten ikasi zuten lehenengo arrain-ugaztun haien antzera, hura ez zela nire testuingurua konturatu nintzen.
Beraz, irakaskuntzara salto egin eta nire buruaz “beste” egingo nuela otu zitzaidan: nire burua besteei eskainiko nien irakasle modura. Eta ikasgela, nire eta nire ikasleen eboluzio pertsonalaren laborategi bihurtuko nuela; belaunaldiz belaunaldi pasatuko ziren ikasleen bilakaera aztertuz.
Eta egun, hamarkada batzuk irakaskuntzan igaro ostean, esan dezaket XX eta XY kromosomadunak berdin garatzen direlako, neska-mutilek bilakaera bera izaten dutela; eta nire garaiko akatsak berdin berdin errepikatzen jarraitzen dituztela belaunaldi berriek. Hominido modernoenek ere, nerabetzaroko tximukeriak egiten jarraitzen dute, batez ere XY kromosomadunek. Y horren formak adierazten duen bezala, haietako asko bidegurutzean daudelarik ez dute asmatzen norabide egokia hartzen eta bidegurutzea, gurutze-bide eterno bat bilakatzen zaie, aukeratu duten inguruari egokitzen asmatzen ez dutelako; unibertsitatea kasu.
XX kromosomadunei berriz,X formadun gurutzeak leku okerretan iltzatzeko itzelezko gaitasuna izaten dute eta haietako batzuk, euren etorkizunari ateak ixten jarraitzen dute, antza oraindik, XXI.mende honetan, uste dutelako hainbat lanbide ez daudela emakumeen DNA-n txertatuta.
Eta nik esaten diet, DNA ez dela DeNA. Haietako batzuk, eurek propio inguruneak aukeratu baino; inguruneak berak aukeratzen ditu haiek.
Niri dagokidanez, nire irakasle laneko ibilbide bukaeran aurkitzen naizen honetan; homo-sapiensaren moduan tente ibiltzen ikastea baino, arazoen aurrean ez makurtzen jakitea garrantzitsuagoa dela ikasi dut.
Gure inguruari egokitzeko, gugan sinistu behar dugulako lehenik, gero aurrerapausoak emateko. Makurtzea, atzeranzko aurrerapaso bat delako, inora eramaten ez gaituen bidezidorra. Eta sentimentu enpirikoen bidez frogatu ahal izan dut, bihotza dela guzti hori lortzen laguntzen digun zati arrazionala.
Nire ile-urdinduak dantzalekuetara joateko zahartuegia nagoela esaten didan bitartean, orain kongresu eta simposium-etara joaten hasi naiz. Bertan, bere buruaz zalantza egiten duen gazte bat topatu eta hauxe esan nahi diot: “Zientziak agian ez du mundua salbatuko baina agian, zure txikitasunean eta zure modura, zuk salba dezakezu zientziaren mundua”.

XALO