Arrazakeria digitala

–Esnatu zaitez, X3X, berandutuko zaizula bestela!
Ahotsaren kutsu metalikoa jasanezina zen. Horrenbeste urtetako eboluzioa, eta teknologiak ezin behar bezala erreproduzitu giza ahotsa. Goizetan zitzaidan bereziki gogaikarria: robot batek esnatzea munduko torturarik zitalenetarikoa iruditzen zait.
–Banoa, banoa… baina utzi nazazue bakean, makina alaenak!
Zerbaitek esaten zidan ez nituzkeela horrela tratatu beharko, baina badakit ez zaiela apartekorik gertatuko. Horiek eta okerragoak jasateko diseinatuta daude. Gainera, ez dut beste robot baten beharra garaiz esnatzeko.
Lantokira garaman tren-bidaia robotez inguratuta egiten dut. Beraien prozesadoreak hibernazio egoeran egon ohi dira, ahalik eta energiarik gutxien kontsumitu dezaten. Baten bat, hala ere, Sarera konektatuta doa, informazio eskuratzen edota robot batek bakarrik uler dezakeen aisialdia gozatuz. Ez dira gutxi izan beraien programazioan aukera-askatasun hori mantentzeak sortu dituen eztabaidak: robot batek aisialdia behar izatea oraindik iritzi kontrajarri asko sortzen dituen gaia da gurean.
Xelebrea da gizarte-zientzien inguruan dugun ezagutza eskasa, batez ere zientzia teknologikoekin aldaratuz gero.
Gizakiz inguratuta bidaiatzen nueneko garaiak faltan ditut. Egia da gizaki gehienek beraien mugikorrei so eta irakurtzen eta entzuten eta jolasten eta komunikatzen eta erosten eman ohi zutela bidaia, baina gizaki batek soilik izan dezakeen bakantasuna zuten, gizaki batengan eta beste inon ez aurkitu daitekeen ezustekotasuna soma zenezakeen haien keinu guztietan. Beste garai batzuk ziren haiek. Garai hobeak seguruenik, edota nik hobeak bezala oroitzen ditudanak behinik behin.
–Egun on –opatu zidan Y4Z7k lantegiko sarreran.
Ez nion erantzun, ondo bainekien hitzek ziotena ez zela bere nahi zintzoa: gerturatzen zen orori harrera arretatsua eskaintzeko zuen programazioa baino ez zen. Eta nik benetako sentipenak baino ez nituen baloratzen. Banekien, gainera, Y4Z7 robotik hilgarriena izan zitekeela beharra agertuz gero, harrera lanpostukoek programazio bikoitza zuten-eta. Hobe halakoengandik urrun mantentzea.
Makinekin lan egiten nuen nik. Gauzak eraikitzen nituela esan nahiko nuke, baina egiatan makinek gauzak nola fabrikatzen zituzten kontrolatu baino ez nuela egiten aitortu behar dut. Zientzia eta teknologiak, aspaldidanik, gauza birtualak sortzen baino ez digu uzten; gauza fisikoak sortzea makinen esku dago.
Eta hala ere, sarri, makinak eta robotak bereizteko ezintasuna agertzen dut. Erraza da gizakiak robotengandik bereiztea, baina makina eta roboten arteko mugak lausoak dira sarri. Agian horregatik ezinezkoa dut bata zein bestearengatik inolako enpatiarik sentitzea. Nahiz eta, egia esan, robotek nazka gehiago sortzen didate, edozein makinak edo izakik baino askoz gehiago. Apika, ondo pentsatuz gero, bai bereizi ditzaket.
–Atseden ordua dugu –entzuten da orduan bozgorailuetatik–. Ez ahaztu 30 minutu barru produkzioa abian jarriko dela berriz, beraz ordurako zuen postuan bueltan egon beharko duzue.
“Robotek zerbait ahaztu ahal izango balute bezala esaten dute egunero esaldi hori. Ez dakit zertara datorren hau antzezteko beharra!” pentsatu nuen, baina ez nuen halakorik ozen esan, badaezpada.
Eguerdiko orduak atsedenaldi izaten jarraitzen zuen. Aspaldiko ohitura, nonbait. Gizakiek bazkaltzeko zerabilten ordu hori robotek bateriak kargatzeko eta prozesadoreak arazteko erabiltzen dute. Ez da gauza bera, baina nolabait mundua aldatu ez dela agertzeko behar horretan laguntzen du. Nik, egia esan, atseden une hori eskertzen dut.
–Gaurko produkzioa aurreikusitakoarekiko desbideraketarik ez du! –esan zuen T1Mek atseden hartan. Zenbait robotek horrelako elkarrizketak mantentzeko beharra agertzen dute, bere garaian gizakiek egin ohi zuten moduan.
Beste robotek irribarre bat izan nahi zuena agertu zuten, eta buruarekin baiezko keinua egin zuten, T1Mren hitzek ospatzeko zerbait ekarriko balute bezala. Jadanik ezaguna ez zitzaien datu bat ekarriko balute bezala.
Giza konportamenduak akatsez beteriko modu batean antzezten zuten robotak baino ez nekusan nik. Bizitza antzezteko ahalegin traketsak baino ez. Begietara so egin nien, edo begiak izan nahi zuten kamera haietara. Ez nuen batere atsegin ikusten nuena.
Ez zen lehen aldia. Egunero gauza bera sentitzen nuen, egunero esaldi huts haiek jasan behar. Halakoetan isilik geratzen nintzen, baina egun hartan ezin izan nion gehiago eutsi.
–Lelo hutsak zarete! Datu horiek axola zaizkizuela bezala egiten duzue, eta hori baino gezur handiagorik ez da!
Isiltasuna egin zen orduan, eta begirada guztiak (edo kamera guztiak) nigana itzuli ziren. Harridura, gaitzespen eta ezusteko “aurpegiz” inguratuta nengoen. Baina berdin zitzaidan, bost axola niri robot lelo haien zirkuituetatik zebilena. Robotak gorroto nituen, eta haiek gabe bizitza hobea zatekeela argi nekusan.
–Zenbaitetan, X3X –esan zuen orduan T1Mek ahots patxadatsuaz–, zu ere robot bat ez bazina bezala hitz egiten duzu!
Eta nire programazioak ahalbidetzen zidan gorroto guztiarekin gorrotatu nituen.