Jostailu-ikerlaria

Bizkarrean eguzki-plaka zuen jostailu tamainako eguzki txirrindula hartu nuen eskutan. Soseguz ari zitzaien oinpekoei ematen: horrats! Egun horretan eguzki printzak hodei artean ari ziren barreiatzen, ez ziren txirrindulariaren bizkarrera heltzen ari. Argi zegoen horren printza gutxirekin ez genuela bero saparik izango.
Presioa makilez erakusten zuen fraidea begiratu nuen hurrena: erdi-erdian zuen besoa goraka altxatua, beraz, aldaketa handiegirik ere ez genuen izango. Txaketa orlegia nahikoa nuen kalera ateratzeko.
Irribarre egin nuen. Esperimentuz betea nuen etxea eta senarra eta haurrek nire grina bera zuten. Ura hartu eta balkoian genituen udareondoak ureztatu nituen alai: “fotosintesia, denok behar dugun oxigenoa sortzea, hau bai misterioa eta ez nik eraikitzen ditudan babukeriak”. Kaio baten hegaldi perfektuak areagotu egin zidan nire konbikzioa.
Zientzialaria omen nintzen, baina zientzia nire inguruan zegoena interpretatzen jakitea zela zen nire leloa. “Eman hegoak zientziari” esaten nien “Eguneroko zientzia” irratsaioan entzuleei. Ni “zuhurtzia jauretsi, zientzia erdietsi” eta halakoekin hasita ere, leloetan leloena zen “eman leloak zientziari” erantzun zidaten isekari etxekoek.
“Bota lehen leloa!” esan nien behin batean erretxinduta eta “zu zeu lehena!” izan zen etxekoen erantzun abila abailan. Ez neukan hor ezer asko argitzerik eta nire buruaren neuronen konexio abiadura ez zegoela nire esku argi sumatu nuen larruazalean. Amore eman nuen haiekin eztabaidan.
Bi txalo egin nituen eta ogi-txigortua nahiz kafetera piztu nituen zapatak jantzi ahala. Senarraren muxu hezeak aztoratu ninduen berriki eta anatomia-kimika loturak ekarri zidan plazera irudimenera. Sukaldaritzan ematen den kimika edo gure hormona erreakzioetan, ezin uka.
Zorabioa sentitu nuen. Lanparak balantza batzuk egin zituen. Lurrikarek Añarbe urtegia lehertuko balute Donostiako erdiguneko etxeen 4. solairura iritsiko zatekeen ura.
“Eremu magnetikoak ez dira aldatu azken milioika urteetan, baina gure hanka-sartzeko gaitasuna areagotzen ari gara etengabe, limite ezezaguna duen serie baten antzera. Eta limitea gero eta gertuago, gu gero eta ahulago... agintari-mariek eta sasi predikatzaileek esanak esan” ahapeka hitz egin nuen nire ahalketasuna askatu beharrean.
Eta orduan berriz ere errealitate gordin-samurrera ekarri ninduen alabari begiratu nion. Delleman sindromearen ondorioz lehen sei asteetan gaizki garatu zen gizajoa, baina hura bai pertsona osoa, ezer faltan ez zuena, burmuineko hemisferio erdia ezik. Ez zen sekula ni bezala pentsatzeko gai izango, ezta lan egiteko ere... baina, karanba! Nik bezala ludian sakabanatuak zeuden uhinak hartzeko gai zen: optikoak, soinu-uhinak... eta dena gune orokorrean prozesatzeko.
Besarkatu egin nuen eta hark musu bat eman zidan. Hozkailuan zeuden imanekin ari zen jolasten bere lau urte bete berritan. “Pegatzen ez den kola” gisa azaldu zidan imanen ahalmena. Zergatik ez? Zientzia nola azal genezake ea sinple-sinplean bestela...
Kafetera eta ogi-txigortzailea bere kabuz itzaliak ziren eta esku mugimendu batez jangelako argia piztu nuen. Mahaia prestatu nuen elkarrekin gosaltzeko, ez baitzegoen eguna ondo hasteko denen berotasuna eta maitasuna baino zientzia hobeagorik eta...
“Ama, noiz deskubrituko duzue eremu magnetikoekin jostailurik?” Laster, haurra, laster.
Nire haurrentzat munduan dagoen profesiorik zoragarriena nuen, jostailuak egiten zituen zientzialari ikertzailea bainintzen. Eta irribarre egin nuen, ogi txigortua esnetan nola biguntzen zen zientzia-prozesua erreparatuz...