RELATOS

Iluntasunaren aztarnak

Kanpoan ekaitza zebilen arren, bero itogarria sentitzen nuen hezetasuna zela eta. Edo ez. Agian sentitzen nuena ez zen beroagatik, baizik eta nire barnean pizten ari zen ekaitz bortitzagatik. Agian eguraldia nire pentsamenduak antzeman zituen eta nire egoera areagotzeko asmoz ekaitza bidali zuen. Agian, agian… Hipotesi gehiegi eta baieztapen gutxi.
Ezin dut horri buruz pentsatseari utzi. Izan ere, hiri gris eta goibel hartatik joan egin nintzen nire beldurretaz eta nire iragana betetzen zuen iluntasunaz ihes egiteko asmoz, bizitza berri bat eraikitzeko asmoz, baina ez dakit erabaki egokiena izan zenik.
Momentuz, ez dut uste ezer aldatu denik. Aitzitik, badirudi nire iraganeko mamuek nirekin etortzea erabaki dutela. Beharbada iluntasunak eta nik bat egiten dugu, eta hori aldaezina izan liteke, ekaitz honek gogorarazten nauen bezala.
Euria udan kokatzen ez den bezala, baliteke nik ere ezin izan kokatu inon, ez hirian, ez kostaldean, ez bizitza honetan. Baliteke soberan egotea. Izan ere, inor ez da konturatu Bilbotik joan naizela. Norbaitek ohartuko luke nire falta, gaur bertan nire buruaz beste egiten badut? Ez dut uste.
Gogorik gabe, soka ikusezin batek tiratuko banindu bezala, sukalderantz abiatu naiz. Ez dakit zergatik, gutxitan sartzen naiz gela honetan eta. Bidetik nire burua ikusten dut ispiluan. “Gero eta lodiago zaude. Utz ezazu jateari.”- esaten diot ispiluan islatzen den neskari. Gorrotoz beteriko hitzak dira, pozoitsuak, mingarriak. Munstro baten bihurtu naute, eta orain guztiz bakarrik nago, bai fisikoki bai psikologikoki. Ezin dut nire burua irainik gabe deskribatu, eta amorru ematen dit hain depresio larria pairatu behar, amorrua eta mina ez dudalako merezi. Filmetako printzesa zoriontsuak bezala izatea gustatuko litzaidake behingoz, baina hori dira, filmetako printzesak. Hori ez da benetakoa. Hori errealitatean ez da existitzen. Filmetan printzesek ez dute ez anorexia, ez bulimia, ez depresioa. Filmetan dena printze baten musuarekin konpontzen da.
Irribarrea sorrarazten dit pentsamendu honek. Izan ere, ni egoera honetan nago “printze urdin” bati esker. Izan dezagun zintzoak; errealitatean, edo borrokatzen duzu zure ingurunekoekin eta, batez ere, zure barnean dauden etsaiekin, edo jai daukazu.