RELATOS

Auto zaharrak

Lehen mementotik oso ondo moldatu ziren elkarrekin. Tabernaren giro beroaren artean, beren solasaldia. Ia mozkortuta zebiltzan. Hosto hori-horiek bidea estaltzen zuten. Alfonbra leun eta busti baten gainetik zihoazen, errekatxo baten albotik. Ihintz tantek ilaran zeuden autoen gainean lo egiten zuten. Behin-behineko aparkalekua argiantzetan aurkitu zuten amoranteek: farolatxo bat nekaturik, oherako bidean. Zerua egusentiak lilaz tindatua. Elkarrizketa bizi-bizia, baten eskuak bestearen gerriari heltzen. Barrez hordiak, bikotearen batek armonia astindu nahi zuen:

- Nirekin lo egitera geratuko zara nire autoan, zein den asmatzen baduzu.
- Txantxetan ari zara!... Benetan?
- Bai, noski! Begira, nirea hemengo autorik zaharrena da.

Han 15 auto zeuden gutxi gorabehera. Ez markarik, ezta modelorik ez zuen ezagutzen, orduan, matrikulek lagunduko zioten.

- Ba, erraza da! Han dagoen gorria da: bere matrikula Bilbokoa da eta AB batek amaituta. Honek hemengo kotxerik zaharrena izan behar du.
- Ba ez. Oker zaude! - burla egin zion.
- Nola ezetz? - irribarre egin zuen - Adarra jotzen zabiltza!
- Ezetz!! Imajina ezazu: hain da zaharra, non zenbaki erromatarrak dauzkan matrikulan. Horretaz gain, zenbaki horiek palindromoak dira eta haien batuketa egiten baduzu, zenbaki lehen bihurtzen dira.

Orduan, bere amorantea barrez hasi zen auto batengana hurbiltzen zen bitartean: Vitoria-Gasteizko matrikula eta V batek amaituta...

Denboraren makina

Denboraren makina

Azkenean, heldu zitzaion Joneri bere etorkizuna markatuko zuen aukera egiteko unea: unibertsitateko matrikula egin behar zuen. “Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua” egitea pentsatuta zeukan, molekulen mailako prozesu biologikoen ezagutza lortu eta osasunean izan zezakeen eragina ikertzeko, baina ez zuen etorkizuna oso argi ikusten. Gainera oraindik ez zuen unibertsitateko onarpen-gutuna jaso. Txikitatik bazekien ondo asko zientziaren alorrean lan egin nahi zuela; zientziaren abantailak gaixotasun larriak sendatzeko erabiltzea zen bere ametsa. Baina, hala ere, bazegoen atzera botatzen zuen zerbait: horretara bideratzen ziren baliabide ekonomikoak oso urriak ziren, eta, urtetik urtera, gobernuak murrizketak handiagotzen zituela ikusten zuen etsipenez. Zenbat ikerketa geratu ote ziren bidean interes ekonomikoak zirela eta! Gainera, entzuna zuen ikerlarien lana oso gogorra zela, gehienetan, emaitzarik gabeko lana baitzen. Amak dudarik ez egiteko esaten zion; zientzia gustuko bazuen, zientziari loturiko zerbait ikasteko. Ikertzailea izatera ez iritsita ere, irakaskuntzan edo beste hainbat alorretan ere aritu zitekeela esan ohi zion. Eta oso ondo zekien zer zioen; izan ere, Joneren amak, zuzenbidea ikasi zuen bere gurasoen ilusioa betetzeko, eta urte askotan abokatu lanetan aritu ondoren, loradenda bat ireki berri zuen orain hilabete. Hori baitzen bere pasioa: loreak. Ez zuen Jonek akats bera egiterik nahi.

Bor-bor sentitzen zuen burua, nahasmena eragiten zioten neuronak elkarren artean talkaka zeudela zirudien. Lo kuluxka bat egiteko etzan zen egongelako sofan, eta telebistako berriak entzunez logura sartu zitzaion. Begiak ixtearekin batera horrela hasi zen aurkezlea: “ Ardashir Bazag zientzialari iraniarrak denboraren makina asmatu duela baieztatu du Espaziotik izeneko zientzia aldizkariak egin dion elkarrizketan. Makina honi esker gai izango omen gara denboran aurrera zein atzera egiteko. Ardashir Bazagen hitzetan… “ Zzzzzzzzzzzz.

Bat-batean zerbaitek aztoratu zuen. Begiak irekitzeko saiakera egin zuen, baina egongelako leihotik sartzen ziren eguzki-izpiek ez zioten horretan askorik laguntzen. Nagiak ateratzeko besoak luzatzean zerbait bota zuen lurrera. Gutun bat zirudien. Eskuetan hartu eta bere izenean zetorrela ikusi zuen baina ez zen agertzen igorlearen daturik. Nork bidali ote zuen? Jakin-minez irrikan, eta oraindik ere begiak erdi itxita zituela, ireki zuen kartazala. Honela zioen:

“ Jone maitea:

Atrebentzia handia izan dut zugana zuzentzean. Gauza askoren berri izan dezazun idazten dizut, inoiz hitz hauek iritsiko zaizkizun ziurtatu ezin dudan arren.

Ni naiz idazten ari natzaizuna, edo zu urte batzuk beranduago… Ez dakit ongi nola azaldu.

Harri eta zur geratu zara, ezta? Oraintxe zeure buruari galdetzen ariko zara nola arraio ote den posible zuk zeuk idatzitako gutun bat jasotzea. Ez da magia kontua, badakizu denak duela azalpen zientifikoa. Etorkizunetik ari naiz, noski.

Urte hauetan guztietan, buruan bueltaka izan dut zuri idazteko ideia, eta, azkenean, eman dut pausua. Labur-labur azalduko dizut esan nahi dizudan guztia:

Hamaika kontu konta diezazkizuket zure bizitzari buruz; dena den, labur esateko, aipatuko dizut osasun arloan ikerketak egiten ari den zientzialari preziatua bihurtu zarela, baina ez dizut etorkizunean biziko duzuna gehiago argituko.

Azken finean, eskerrak ematea da gutun honen xedea. Hemen nago, eta zugatik da guztia; erabaki onak hartu dituzu bizitzan. Harro nago zutaz. Entzun beharreko jendeari entzuteak eta hartutako erabaki zuhurrek bide onetik eraman zaituzte .

Amaitzeko aholkutxo bat emango dizut: egin ezazu beti bihotzak eskatzen dizuna, buruari kasu handirik egin gabe, eta bizitzak berak eramango zaitu amesten duzun lekura. Ustez zarena eta izan nahiko zenukeena gaur egun zarenetik ez dabiltza oso urrun, beraz, argi izan, nahi duzun hori izatera iritsiko zarela.

Muxu handi bat!

Jone

Etorkizunetik, 2035eko maiatzaren 2an.”


Telebistatik zetorkion iragarki baten musika ozenak iratzarri zuen. Ametsa izan zen guztia; arinegi desagertu zen ametsa. Gogoan zuen denboraren makinaren berria entzun izana eta horrek eraman zuela amets arraro horretara! Gutun hark hain erreala zirudien! Benetan jakingo bagenu etorkizunak zer ekarriko digun, beste modu batera jokatuko genuke… Nagiak ateratzen hasi zen eta eskuarekin zerbait ukitu zuen. Gutun bat zen. Amak utziko zion magalean. A zer kasualitatea! Ia zer zioen, bada:


Zientzia eta Teknologia fakultatea

Jone Agirre Etxebeste:

Atsegin handiz jakinarazten dizut hurrengo gradua egiteko onartua izan zarela:

Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua

Matrikula egunak: Maiatzaren 20, 21 eta 22

Adeitasunez,

Maite Bengoa Zurutuza
Harrera koordinatzailea

Pozez txoratzen sentitu zen Jone! Onartu egin zuten unibertsitatean. Gutuna irakurtzearekin batera amaren hitzak ekarri zituen gogora; baita ametsetako gutuna ere. Seinale bat izan zen: erabakia hartzen lagundu zion etorkizunetik iritsitako seinalea. Zientziaren bidea jarraituko zuen, bai horixe! Gehienetan emaitzarik gabeko lana izango zen, bai, baina aurkikuntza txiki bat nahikoa zen alferrikako lana ez zela frogatzeko . Agian bera izango zen minbiziari irtenbidea aurkituko zion ikerlaria. Eta, ze demontre! Bestela, beti izango zuen atzera egiteko aukera zientzialari iraniarrak asmatutako denboraren makinari esker.

Ur hura

Hiltzear nengoela hartu nuen lana uzteko erabakia. Beste edozein une bezain egokia iruditu zitzaidan hil aurreko hura.

Olatu batek harrapatua ninduen, bere zurrunbiloan irentsia eta itsasoaren barrenera ninderaman. Nire birikiek ezin zuten gehiago eutsi, eta barnean gordetzen zuten oxigeno eta nitrogenoa, jadanik CO2 bilakatua, kanporatu zuten. Burbuilek inguratu ninduten eta, goialdea eta behealdea bereizi ezin horretan, hilko nintzela ulertu nuen. Konortea galduko nuela suposatu nuen, eta mingarria izango zela baita.

Baina ez nintzen hil. Eta ez zuen minik egin.

Urak nire birikien barrenera egin zuen eta dena bete zuen, baina ez zituen nire birikiak gelditu. Nola-hala hura prozesatzeko gai izan ziren eta uraren hidrolisia egin zuten, oxigenoa aprobetxatuz eta hidrogenoarengandik bananduz. Uraren oxigenoa arnasten hasi nintzen. Zaila da atomo lotura horiek apurtzea, zaila hiru atomo horiek bata bestearengandik banatzea. Ez da aireko nitrogenoa ez erabiltzearen parekoa, airean nitrogenoa eta oxigenoa ez baitaude lotuta, urak duen hidrogenoa eta oxigenoa ez bezala.

Banaketa horrek, gainera, beroa sortu zuen, bero itzela, eta itsasoaren magalean sentitzen hasi berri nintzen hotza gainditzen lagundu ninduen. Ez dakit nire gorputzak sortzen zuen beroa edota nire biriketan gertatzen ari zen erreakzioak sortzen ote zuen beroa, baina han zen.

Eta uretatik irtetea lortu nuen, eta berriz ere airea arnasteari ekin nion, ezer gertatu ez balitz bezala.

Inor ez nuen zain ur ertzean, inork ez zuen gertatu berri zitzaidana ikusi, baina bizitza aldatuko zidala ulertu nuen. Sinisten nuen guztia, egi zalantzaezintzat nuen hura, gezurra zela.

Gero uretara egin nuen berriz. Ura gerri inguruan izan arte oinez barneratu nintzen, eta orduan ur azpira egin nuen.

Eta ura arnasten hasi nintzen berriz.

***

Ikerketa zentro batean egiten nuen lan. Kimikaria nintzen. Sustantzien arteko loturak ulertu nitzakeen, atomoak haien artean nola lotzen diren nire golko barnean ikus nezakeen, elektroiak protoi eta neutroien inguruan biratzen irudikatu nitzakeen, Schrödinger-en paradoxa ulertzeko gai ere banintzen, Einstein-ek onartu ezin zuen quantum-a uler nezakeen. Eta ez nintzen bakarra: mundu horretan murgilduta bizi ziren askoz inguratua nengoen.

Eta, hala ere, banekien nire lankideetariko batek ere ez zuela gertatu berri zitzaidana sinistuko. Ez edo onartuko. Banekien.

Saiatu nintzen, bai. Ez gehiegi, laster jarri baitzizkidaten trabak, baina ahalegina egin nuen.

–Aurpegi ona duzu! –esan zidan nagusiak atetik sartu bezain pronto. Bere bulego erosoko aulki handi horietako batean nengoen bere zain, gertatutakoa elkar banatzeko asmotan– Zer duzu kontatzeko? Larrituta zenirudien telefonoan…
Eta gertatu zitzaidana kontatu nion. Hurrengo egunetan egindako froga guztiak baita, eta nire gertaeraren inguruan hartutako neurketa guztiak (nire gorputzaren tenperatura zelan aldatzen zen, nire pultsuan egon zitezkeen aldaketa eta halakoak) ere bai. Adi-adi entzun zituen guztiak, eta amaitu nuenean isilik geratu zen. Behera begiratu zuen une batez, eta gero leihotik egin zuen so. Minutu bat behar izan zuen berriz hitz egiteko.
–Ea zelan azaldu diezazuket… Benetan uste duzu gurea bezalako zentro entzutetsu batera etor zaitezkela eta zientziaren mundua hankaz gora jarri?
–Baina… –saiatu nintzen protestatzen.
–Gure zentroa zientziaren barregarri izatea nahi al duzu?
–Baina ni…
–Diru laguntza guztiak galtzea nahi duzu? Hori al da nahi duzuna? Jendeak bere enplegua galtzea al da bilatzen duzuna?
–Baina ezin dut…
–Berdin zait zer ahal duzun eta zer ez. Irten ate horretatik eta har itzazu egun libre batzuk behar izanez gero. Baina honen ingurukoei buruz tutik ere ez ezazu aipatu gela honetatik kanpo, mesedez.

Antzerako erantzunak jaso nituen beste kide askorengandik. "Zerbait edan duzu ala? Mesedez!” zioten zenbaitek, edo “frogak?!? Horrek ez du frogarik behar! Ez, ez dut frogarik ikusi nahi!” “Argitaratu diozu… Halakorik argitaratuko bagenu zentro honen izena zikinduko genuke!" besteek. Baziren “utzi iezaiozu tontakeriak esateari eta hasi lanean!" leporatu zidatenak.

Medikuengana egitea ere alferrikakoa izan zen. Nire istorioa entzun bezain pronto ez ninduten aztertu nahi izan, eta atsedena gomendatu zidaten. Sikologo baten helbidea eman zidan lagun batek. Beste lagun askok zenbait opor-egun har nitzala gomendatu zidaten baita.

Eta hiltzear nengoela hartutako erabaki hari eustea erabaki nion. Agian hasieratik jakin nuen hura gertatuko zela, baina erantzun haiek jaso behar nituen erabateko ziurtasuna izateko.

Lana utzi nuen.

***

Zientziak ezin zuen azaldu gertatu berri zitzaidana, edo ez behintzat nik ezagutzen nuen zientziak, bizitza guztian ezagutu eta ikasi eta ulertu nuen horrek. Horrekin ezin nuen lan gehiagorik egin, jadanik ez bainuen hartan sinisten. Baina aldatzeko egin nituen ahaleginek ere kale egin zidaten: zientzi hark ez zuen egia nahi, subentzioak eta lan egonkorrak eta soldatak nahi zituen zientziaz inguratua nengoen. Errealitateari uko egiten dion zientziaren inguruan ez dut lanik egin nahi, nik beste zientzia batean sinisten nuen.

Eta lana utzi nuen. Eta beste hainbat gauza baita.

Orain gustura bizi naiz hemen azpian. Birikiek sortzen didaten beroak ere ezin du estali zenbaitetan hemen egiten duen hotza, baina inork ez nau molestatzen. Ura geroz eta kutsatuago dago, metalak nabaritu ditzaket, baina kanpoko airea ez dago garbiagoa, eta NOx-ez nazkatu naiz. Berriz hil artean hemen jarraituko dut. Zientziatik urrun, hemen jarraituko dut. Inork aurkitzen banau ere, ziurrenik ukatu egingo du. Zientziaren izenean. Edo haien zientziaren izenean, behintzat.

AMAIERARAINO

Orain dela hiru urte hasi zen istorio hau. Batxilerreko bigarren maila hasteko prest geunden; udako bukaera heltzen ari zen eta nire lagunei kontatzeko milaka gauza neuzkan, batez ere Izarori (nire lagun mina). Berarentzat idazten dut kontakizun hau; Izarorentzat eta hura bezalako borrokalarientzat, inoiz ez dutela galdu ez esperantza eta ez irribarrea.

2013ko irailaren 9a zen, kurtsoaren hasiera. Oraindik ez dut nire burua aurkeztu: Alazne Goenaga naiz. Nire ikasgai gustokoenak? Dudarik gabe: matematikak, biologia eta fisika eta kimika. Agian arraroa iruditzen zaizue, baina txikitatik argi izan dut medikuntza ikasiko nuela.

Institutuko atean ikusi nituen nire lagun hoberenak: Aitor, Naroa, Iker eta Izaro. Elkar ikusterakoan, guztiok, Izaro izan ezik, gure udako bidaiak kontatzen hasi ginen, oso pozik eta irrifar eginez. Arraro egin zitzaidan Izarok ez hitz egitea; nire koadrilan gehien hitz egiten zuena zenez. Bera nire kontrakoa zen: altua, ederra, dantzari ona… Asko maite nuen arren, inbidia pixka bat nion, eta bera bezalakoa izan nahi nuen… perfekzioa zen! Edo hori zen garai hartan pentsatzen nuena…

Etxerako bidean bakarrik geratu ginenean, galdetu egin nion ea zerbait gertatzen zitzaion, oso isilik zegoelako. Ezetz esan zidan arren, kezkatuta geratu nintzen. Izan ere, Izaro oso ondo ezagutzen nuen eta jarrera hori ez zen batere normala: hain triste eta burumakur zegoen… Gau hartan ezin izan nuen lorik hartu nire lagun minean pentsatzen.

Egun batzuk igarota, kurtsoan kontzentratuagoak geunden eta oporrak ia ahaztuak genituen. Gainera, gure zientzietako lehen proiektua binaka egingo genuen. Nire bikotea? Izaro, noski.

Gure proiektua errusiar mendia zen, Newtonen teoria egiaztatzeko. Proiektu hori egiteko hilabeteak pasa genituen, eta denbora horretan Izarorekin egon nintzen. Egun batean, mareatu eta lurrera erori egin zen, konortea galduz. Aste batzuk pasata, sudur hobietatik odola ateratzen hasi zitzaion, sukarra ere edukiz. Azkenean, egun batean hau esan zidan:

-Alaz, gertatzen zaidana kontatu behar dizut…

Nik arnasa oso azkar hartzen hasi nintzen, banekielako gauza larri bat esango zidala…

-Minbizia dut -Izaro negarrez hasi zen.- Leuzemia. Udararen bukaeratik daukat eta kimiora hartzen bost aste daramatzat. Horregatik orain ahulagoa nago, pisu dexente galdu dut eta, bira -Izaro bere ilea ukitu zuen.- Ilea erortzen ari zait!

Ni negar egiten hasi nintzen Izarori besarkada handia emanez. Dagoeneko banekien gertatzen zitzaiona eta lagundu behar nion, kosta ahala kosta.

Inoiz ez dut ahaztuko batxilerreko bigarren maila, nire bizitzaren zorrotzena izan da. Nolanahi, ezin nintzen triste egon; eta geratzen zitzaizkidan indarrei gogor eutsi behar nien.

Kurtsoaren bukaera iritsi zenean, Izaro gurekin graduatu zen. Kimioterapia sesioak gogorrak izan arren, oraingoz jasan ahal zituen.

Uda igaro zenean, unibertsitatea hastera gindoazen. Fakultateko ikasketa bezala medikuntza aukeratu genuen Izaro eta biok; Aitor, Iker eta Naroarekin batera. Bostek Bilbon pisu bat alokatu genuen, egunero ez bidaiatzeko. Nire lagun minak kimioterapia hartzen jarraitu zuen Bilboko ospitalean. Dena den hobeto zegoela iruditzen zen, nahiz eta oso ahula jarraitu.

Guztiok batera laborategi batean egiten genituen praktikak; eta gure helburua minbiziarekin bukatzea zen, bereziki leuzemiarekin. Gorka Mendizabal gure irakaslea zen, eta kimioterapioaren bidez minbizia sendatu nahi zuen, kimioak zituen akatsak zuzenduz: kimioterapiak zelula txarrei eta onei erasotzen zien, eta berak lortu nahi zuena bakarrik txarrak hiltzea zen.

Zoritxarrez, Izarok ezin izan zuen gurekin bukatu kurtsoa, bat-batean asko gaixotu zen eta gure herrira bueltatu zen.

Azkenean, Izaro udararen amaieran hil egin zen. Nahiz eta ez salbatu, beti bere irrifarrarekin gogoratuko gara. Horregatik guretzako gure proiektua bukatzea hain garrantzitsua da; nahiz eta gure Izaro ezin izan salbatu, beste gaixoei lagundu ahal izateko. Nolanahi ere, Izaro gurekin ez egon arren, gure artean zegoen oraindik.

Gaur egun proiektua lantzen ari gara. Proiektu hau garestia da, froga asko egin behar dira eta; baina uste dugu lortzearen oso hurbil gaudela, baina ez gaude oso ziur. Baina, seguru ez dugula INOIZ esperantza galduko!

chip hiltzaileak

2200. urtean gabiltza, egun eguzkitsua egiten du. Hondartzan eguna pasa gabiltza eta bero handia egiten du.
Jaterako ordua iritsi zaigu eta uran gauza arraroak susmatzen ditugu. Ez genion inportantzia asko eman, jaten garraitu genuen baina momentu batean lurra mugitzen hasi zen. Pauso batzuk bezalakoak ziren, gero eta gertuago nabaritzen genituen. Bat-batean uretan zegoen emakume batek oihu handi bat bota zuen. Hondartzan geunden jende guztia begiratu genion, emakumea korrika bizian atera zen uretatik. Denok harrituta ez genekien zer gertatzen ari zen eta. Uretara begiratzen geratu ginen eta momentu horretan konturatu ginen zer gertatzen ari zen. Arrain itxurako robot batzuk ateratzen ari ziren.
Baina, baina, ¡zer da hori!
Denok harrituta korrika atera ginen hondartzatik. Gero eta robot gehiago ateratzen ari ziren. Baina gizon bat ez zen mugitzen, susmagarria zen. Baina korrika atera ginenez ez genuen ezer gehiago ikusi.

Etxera bueltatu ginen eta ez genuen ezer gehiago jakin. Aste bat pasa eta gero supermerkatura erostera joan nintzen eta bat-batean ambulantzia bat hildako bat eramaten ari zen. Kale erdian zegoen eta arraro xamarra iruditu zitzaidan. bainanik erostera sartu nintzen. Yogurten pasiloan nebilen eta alarma jotzen hasi zen. Korrika atera ginen erosketa egin gabe. Kalera atera eta duela bi aste ikusi genituen arrain formako robotak kaletikan zebiltzaten. Beren aurretik aurkitzen zuten guztia hiltzen zuten.
Lehen anbulantzia eraman zuen pertsona segur aski robot ikaragarri hauek hil egin dute. Esan zidan supermerkatuko kutxazainak.
Gure atzetik robot bat zetorren. Kutxazainari hil egin dio, korrika dendara sartu nintzan eta izozkailuan sartu nintzen. 4 minutu pasa eta gero hotz handia neukan eta hortik atera izanbehar nuen.

Kotxea hartu eta etxera bueltukonintzen. Kaleak basamortubatbezalakoak ziren. Gende batzuk kale herdian hildak zeuden baina bat-batean gizon batkale erdian zegoen pistola antzeko zerbaitekin. Robotak ikusten zituen eta pistola horrekin disparatu eta hiltzen zituen. Ikaragarria iruditu zitzaidan baina nik etxera bueltatu nintzen beldurrez.

Telebista piztu eta notiziak jarri nituen eta kalean zegoen gizona robot guztiak hil zituela esan zutenean oso lasai geratu nintzen.
Bizitza normala egiten jarraitu nuen. Sekulako sustoa izan nuen robotekin.

ZIENTZIAREN GARAPEN HANDIA

Egun eguzkitxu bat zen. Markel oso pozik esnatu zen, eta bere gosaria prestatzen zuen bitartean, sukalde osotik dantzatzen eta abesten zegoen. Aiba! Ahazten zitzaidan… Markel, zazpi urteko mutiko bat da. Markelek pilotarekin jolastea maite du, baina gehien maite duena… bere aitona da. Markelek ez du aitarik, orduan, bere aitona da bere aita bazala, bezala kenduz. Goiz guztiak bezala, Markel bere aiton-amonaren oherara joaten zen, egun onak emateko.
-Egun on Markeltxo! –esan zuen aitonak.
-Maite zaitut aita! –Markel, hau esanez gero, musu potolo bat ematen dio.
-Egun on amona! –amonak barre egiten du.
Gosaria bere sabelera eraman, eta…
-Ama! Busa galduko dudala, oinekoa jarri iezadazu azkar mesedez!! –Markelek barre egiten du.
-Banoa Markel, soberan iristen zara eta. –Amak erantzun zuen.
-Eskerrik asko ama, kriston pila maite zaitut! –Markelek begirada oso polita botatzen dio, bere begiak, oso disdiratsuak, esanez bere ahoa isiltzen zuena, asko maite zuela notatzen zen bere begiradan.
Markelek eta bere ama busa itxoitera joan ziren. Busa etortzen zen bitartean, pixa sartu zitzaion. Bere etxera bueltatu zen, eta pixa egin zuen. Etxetik atera aurretik, bere aitonari musu bat ematea ala ez pentsatu zuen, baino ez zion garrantzia handirik eman, eta musurik gabe geratu zen. Etxetik atera eta gero, geltokira joan zen. Ia ia busa galtzen du.
Eskolan gai desberdinei buruz hitz egiten egon ziren, ala nola, nola sortu zen mundua, edota nola sortzen da papera zuhaitzetik atera eta gero… Baita oso garrantzitsua zela familia maitatzea. Momentu horretan, Markeli bihotza gelditu zion.
Bere buruan…
-Ez diot musu bat eman, orain nirekin haserretuko da… Aitona barka nazazu, maite zaitut…
Markel etxera Joan zen oso triste…
-Markel! Zer moduz eskola? Amona eta biok zurekin hitz egin behar dugu. – esan zuen amak agurtze moduan.
-Kaixo ama… gaur ez dut oso ongi pasa, aitona nirekin haserretuko da goizean musurik eman ez diodalako… -Markelek negarrez hasten da.
-Markel, tontua ez izan, bera beti maiteko zaitu. –Markel besarkatzen du.
-Eskerrik asko ama, oraintxe bertan hamar musu emango dizkiot. –esaten du Markel ez oso konbentzituta.
-Ehh… Beno, Markel, aitonak Jupiterrera Joan da oporretan. –esan zuen amak ez oso pozik.
-NOLA?! Orain nun dago? –garrasi zuen Markel
-Oraintxe Martetik pasatzen ari da. Hurrengo ordutan selfie bat bidaliko digu, teknologia berri hauen bidez. –esan zuen ama barre egiten.
-Ongi da. Selfie-a iristean abisatu mesedez. Maite zaitut. –esan zuen Markel oso haserretuta munduarekin.
-Beno ba… makarroiak jan itzazu, eta gero aitonaren berri bat badago abisatuko zaitut. –esan zuen amak, oso larrituta.
-Eskerrik asko. –erantzun zuen semea.
Amaren pentsamenduen artean:
-Nola esango diot Markeli, bere aitona hil dela? Oso kolpe larria izango da berarentzat, plan bat asmatu behar dut.

-Ama, ama!! Jada bukatu dut, aitonak zerbait bidali du?
-Ezba… mm… Markel… ez dugu berriro aitona ikusiko. –esan zuen ama negarre egingo zuen mutilari begiratzen.
-Z…ze…zeb…zeba?! –umea, negarrez hasi zen.
-Marterren galdu delako, orain, zeru politan dago, izar batean exerita zu ikusten, begiratu hantxe bertan, eta kaixo esan. –esan zuen amak umea konbentzitzeko.
-K…kai…kaixo aitona… hemen behar zaitut, mesedez, bueltan etorri… -lurrera bota zen negar egitera.
Amak, eszena hau ikusterakoan, mutilarekin negarrez hasten da.
-Ama… seguru inoiz bueltatuko dela? –esan zuen Markel tiritatzen.
-Ba… ba bai, seguruenik han geratuko dela, hortik bizitza politakoa ikusten dela esan ohi da. –erantzun zuen amak.
8 urte eta gero…
-Ama… duela 8 urte Joan egin zela... benetan, zer gertatu zitzaion? –galdetu zuen orain 15 urteko mutila.
-Beraz, Markel, aitonak gaixotasun handi bat zeukan, eta… bere momentua iritsi zen. Arnasteaz utzi zuen, eta, anbulantzia ez zen denborara iritsi, ordurako, bizirik ez zegoen... –esan zuen amak negarrez.
-Orduan… aitonak abandonatu zigun… Zergatik ez zenidan lehen esan? –esan zuen mutikoa, konfundituta.
-Oso txikia zinen Mark…
-BAINO! ZER DA HAU! ESKUSA HORI JARRIKO DUZU?! NIRE AITA HIL ZEN, ETA UME BAT NINTZEN? URTE ASKO EGON NINTZEN BERE BUELTAREN ITXOIPENEAN. –korrikaz Joan zen bere gelara.
-Kakazaharra! –garrasi zuen amak.
Markel, hasi zen bere “aitarekin” argazkiak bilatzen, eta, bere txikiko diario sekretua aurkituz gero, irakurtzen hasi zen. Atentzioa deitu zion parte bat irakurri zuen, hauxe esaten zuena:
“Ai, aiton maitea, nun zaude? Zure buelta itxoiten ari naiz, ansia askorekin… Aita, maite zaitut, hemen behar zaitut… Zure besarkadak behar ditut, aurrera jarraitzeko, zure musuak, barrea ateratzeko, eta zu, nik izateko. Hoberena zara aita. Oxala nire aita birsortu ahal zenuke, mundu laztana.”
Orduan, Markeli bonbila piztu zion. Zientzen adarratik joango zen, horrela bere aitonak zeukan gaixotasunaren eta beste gehiagoren aurka gauzak asmatuko zuen, beste pertsonak sufrimendu berdina ez pasatzeko.
20 urte eta gero… (Markelek, 35 urte ditu)
Markel, famatua egin zen, bere aitonaren gaixotasunaren aurka medizinak asmatu zituelako, eta konferentzia pila bat egin zituen, baita doktore internazional bat bihurtu zen.
Markelek, gauean:
-Aita, badakit zu nitaz harro zaudela, kriston pila maite zaitut. –musu bat botatzen du zerura, konkretuki, Martera.

BIZITZAREN INERTZIAK

Ohetik jaiki, eta lehenengo pausua eman bezain pronto, makulu harturik eta ordezko hortzak ahoan ipiniz, leihora abiatu naiz. Bizitzea gogaikarri bihurtzen ari zaidan bizitzaren etapa honetan, egunsentiaren lehen arnasa dastatzera irten naiz, eguzkiak mendiko baserri guztiak banan-banan argiztatzen dituen bitartean.
Hor, arnasarekin batera etorri zait pentsamendua burura, ez ote nauen korronteak gehiegi eraman. Bai, bizitzak sortu dizkidan egoerak aurrera eraman ditut, ezertan pentsatu gabe. Korronteari kasu egin diot, inertzia hutsa izan da nire bizitzaren zentzua. Konformismoak urteak aurrera azkar pasatzearen madarikazioa ekarri dit.

Urteak pasatu dira, baita hamarkadak ere, baserria aurrera eramaten jarraitu dut, baina seme-alabek ihes egin didate hirira. Eta nik zer egin dut horren kontra? Jada zelai osoko belarra jatea kosta egiten zaie ditudan lau ardiei. Orain konturatu naiz, nahiz eta inertzia izatez ez den ezer, eta berataz gauza asko esan ezin den arren, une batez pentsatzen jarrita, bizitzan aurrera jarraitzeko joera zikina besterik ez dela. Inolaz ere gelditu gabe, izan ere, inertziak harrapatzen bazaitu, zureak egin du, nirekin egin duen bezala. Horregatik botatzen diot errua berari, orain, nire begiekin ikusten dudan pertzepzioak, inertziaren eragin indartsua frogatzen duelako. Horretan erreparatzeak, gauza asko azaltzen dizkit.
Egunero amestu izan dut, eta ametsak izan ditut buruan. Bai, ameslaria izan naiz, inoiz betetzen ez diren ametsen ameslaria. Nire barnean ez da inoiz ilusiozko helmugarik egon, oinak betik lurrean eduki ditudala esan daiteke. Ametsez gain, izan ditut borrokak ere buruan, baina nire ahoa ez omen dago injustiziak salatzeko edo barreneko egonezina azaltzeko egina. Emaztea maitatu izan dut, maitasuna izoztu eta denboran galdurik gelditu zen arte, eta nik, nire konformismo ustelagatik, aurrera segitu dut, trenean zutik doan bidaiari bezala, trena gelditu eta gorputza aurrera eramateko mugimendu kontrolagaitza jasaten duenean bezala. Eta bai, oraingoan trenaren kristalarekin bete-betean jo dut, kristala apurtu da eta trenbidearen errailetan botata gelditu naiz. Momentu batean hausnartu, eta geltoki egokian jaitsi izan banintz, zer litzateke nitaz? Ausarta banintz, eta trena nik gidatzearen ardura hartuko banu, zer litzateke nitaz?
Makulua erortzen sentitu dut, lurra geroz eta hurbilago, egunsentiaren lehen arnasa motz geratu zait, eta trenak jada ez nau inora eramango. Inertziak ordea, toki zehatz batetara heltzen lagundu dit, inoiz ezagutu ez dudan tokira, amaierara.

Inspiratu

Inspiratu eta jarri da ordenagailuaren aurrean Irene. Zabaldu du laneko postontzia. Hara, lehiaketa baten berri ematen duen berria dago botilan: http://www.inspiraciencia.es/eu/. Arnasa hartu du, inspiratu. Segituan irudikatu du ipuina. Azken boladan, zenbait ikerketa zientifikoren harira, buruan darabiltzan zenbait ideia orriratzeko nahiz burua husteko aukera paregabea. Aurreko hitzak idatzi ondoren, berriro itzuli da helbidera, sarien berri jakitera, saria sari, idazteko aitzakia ere badela jakinean. Gainera, batek daki, izan liteke denboran bidaiatzea: Julio Verne-k urpeko itsasontzi elektrikoaz idatzi zuen, oraindik asmatu gabe zegoela. Bestalde, maite ditu zientzian inspiratutako filmak, Tú que sabes, kasu; orobat, esperimentu zein ikerketa zientifikoen berri ematen dituzten dokumentalak, bideoak, Masaru Emotok urarekin egindako esperimentu biziki inspiragarria, besteak beste, aurrerago azalduko dena atzera. Ideia horiek ehunduaz, neurona konexio harrigarrien bidez, ea zer nolako ipuina sortzen duen. Meta literaturarako joera duenez, erabaki du meta literaturarekin ere jolastea, hizkera zientifiko xamarra ere tartekatuaz han hemenka.
Aurkeztuko duen ideia denboran aurreratzen den horietakoa izango ote da? Horrela izanez gero, zenbat urte barru egiaztatuko edo frogatuko da?
Galderak aurreko paragrafotxoan idatzita, azken aldian aurkitutako berri zientifikoen berri emateari helduko dio, gogoan dituen beste bizpahirurekin batera, berak gauzatu nahiko lukeen esperimentu-ikerketaren aurrekariak nahiz osagarriak izan litezkeenak zelanbait. Bukaeran azalduko du bere ideia; ipuinetan, jakin minari, misterioari eustea komeni dela diote-eta. Ipuinarekin ere esperimentatu egin nahi du.
Ipuinak 800 hitz izan behar duenez gehienez, inspirazio iturri izan diren ikerketen berri ematen duten artikulu zein bideoen lauzpabost esteka erantsiko ditu: laburtzen eta ideiarekin duten lotura azaltzen hasiz gero, 800 hitzetik gora idatziko bailituzke. Irakurleak egin beza bere lana, otu zaio, beti ere jakin mina baleuka, jakina. Hona ikerketa zientifikook:
https://www.youtube.com/watch?v=gUyqfUut8lA
http://www.livescience.com/43250-mind-controlled-quadcopter.html
http://www.nature.com/news/quantum-physics-what-is-really-real-1.17585
https://www.youtube.com/watch?v=01gYfRr4boI
http://hipertextual.com/2014/05/teletransportacion-cuantica
Arnasa hartuz sakon, atseginez, ideia ipuina ipuinean txertatutako ipuin hiper labur gisa aurkeztearen hautua egin du azken unean; Béla Tarr zuzendariaren antzera, zeinaren filmetan inprobisazioa zein esperimentazioa badiren protagonista (Tarr, d.g.), baita matriuskaren irudiaren ohorez ere, eta, nola ez, bizitza lasaiarekin (slow life) fusiona daitekeen “less is more” esaerarekin bat eginik.
“Sartu da Penelope interneteko mare magnumean igeri egitera, gainontzekoek ehuntzen diharduela pentsatzen dutelarik; aurkitu ditu, argi ibilita, zenbait ikerketa-perla. Egin du perla-diadema. Diadema bihurtu da ikerketa zientifikorako galdera. Autoa gidatzerik egongo litzateke, gasolinarik bota gabe, pentsamenduaren bidez? Aipatu dio Telemakori burutazioa. Erantzuna izan da bat-batekoa: horretarako autoak gasolina gabe dabiltzan mundu batean jaio beharko luke pertsona horrek. Eureka! Bota du Arkimidesek legez. Ondoko galderak piztu zaizkio jarraian itakarrari: ustekizunek badute eraginik, pentsamenduek edukiko dute horretarako indarrik? Galdera-hipotesia egin du: pentsamenduak izango dira etorkizuneko energia berriztagarriak? Bururatu zaio agian norbaiti bururatuko zaiola haurren bat haztea autoak gasolina gabe mugi daitezkeela simulatzen duen mundu batean. Penelopek egin du tupustean jauzi unibertso paralelo batera: gizakiek auto gabe telegarraiotzen dituzte euren buruak.”
Irenek azkenengo aldiz goitik behera idazlana birpasatuta, du inspiratu.

BIBLIOGRAFIA:
Tarr, B. (d.g.) Béla Tarr Regis dialogue with Howard Feinstein.(Bideoa).
Hemendik jasoa: https://www.youtube.com/watch?v=K104Srbj7h0


ZER GERTATU OTE ZAIO TXITARI?

Bazen behin 8 urteko umetxo bat Julen deitzen zena. Julenek aiton amonaren baserrian ematen zuen uda osoa, animaliak zaintzen, baratza lantzen eta aitonarekin istorioak asmatzen. Izugarri ondo pasatzen zuen! Gehien gustatzen zitzaion lana animaliei janaria ematea zen, goizero egunsentiarekin batera esnatu eta gosaldu ondoren aitonarekin joaten zen ukuilura. Aitonak dena txukuntzen zuen bitartean bera oiloekin jolasten zen, txitak oso barregarri iruditzen baitzitzaizkion; eta horrela, egunak joan egunak etorri pasatzen zuen uda Julenek.
Goiz batean umea oiloekin baserri alboan zegoen gari landara atera zen– hainbeste janarirekin, hemen zoragarri egongo dira!- pentsatu zuen. Hala izan zen, oiloek gariz ase bukatu zuten. Hurrengo goizean ukuilura heltzean iskina batean txita txikitxoa etzanda ikusi zuen eta azkar batean bere ondoan makurtu zen. Txita gaixoak ez zuen ezer jaten, tripako mina zuen eta baita beherakoa ere. – Zer gertatu ote zaio? Zergatik gaixotu da txita?- galdetu zion bere buruari. Txitaren gaixotasuna zela eta ez zela bazkaltzeko ordua heldu zen eta Julen etxera sartu zen amonari gertatutakoa azaltzeko. Amonak arreta handiz entzun zion eta azalpena amaitzerakoan galdetu zion – Eta zein uste duzu zuk izango dela kausa?-. – Ez dakit amama, baina saiatuko naiz zure galderari erantzuna topatzen!-erantzun zion umeak. Arratsalde horretan bertan lanari ekin zion eta aurreko eguna aztertzen hasi zen.
- Txita txikitxoa gaixorik dagoen bakarra al da? bai, bakarra da.
- Oilo guztiak leku berdinean egon dira? Bai, guztiak batera daude beti.
- Atzo osasuntsu zegoen, gaur, aldiz, gaixorik… Beraz, zer egin zuen txitak atzo beste egun batzuetan egiten ez duena? ba… atzo landara joan ginen, eta han gari pilo jan zuen! Baina… egunero jaten du garia, ezta?
Azken galdera horretarako erantzunik ez zuela ohartu zenean, aitonarengana hurbildu zen erantzunaren bila. – Aitita, zer jaten dute gure oiloek?- galdetu zion Julenek aitonari, – artoa maitea, zergatik?- erantzun zion aitonak. – Eskerrik asko aitita, jakin-nahia besterik ez- esan zion Julenek. Ziztu bizian egongelara abiatu zen ordurako bere buruan zuen informazio guztia patxadaz antolatzeko.
- Orain arte oilo guztiek egunero artoa jan dute eta osasuntsu egon dira, atzo berriz garia jan zuten eta txita txikitxoa gaixotu egin da, beraz zereal aldaketa gaixotasunaren kausa izan daitekeela pentsa dezakegu... baina, zergatik gaixotu da txita bakarra?- Bazuen bere hipotesia: garia artoaren ordez jateak txita gaixotzea eragiten zuen, beste oilo guztiak ordea ez ziren gaixotu.
Gakoa zerealetan zegoela jabetu zenean, aitonaren laborantza liburura jo eta zerealen inguruan informazio asko topatu zuen. Zerealak talde desberdinetan sailkatzen zirela ikasi zuen. Zereal batzuen hazietan glutena zegoela irakurri zuen, hala nola garian, garagarrean, zekalean edo oloan. Beste batzuetan, berriz, ez zen agertzen glutena, artoan, arrozean edo artatxikian adibidez.
Entzunda zeukan “gluten” hitza, ikastolan zerbait azaldu zioten horretaz, baina nahiko berritsua zen Julen eta ez zuen arreta handirik jarri irakasleak azaldu zuen egunean. Hortaz, amamarengana joan zen eta gertatutakoa kontatu zion: aurreko egunean gari landara egindako txangoa, txitaren gaixotasuna, egindako bilaketa guztiak eta, noski, baita bere hipotesia ere. Azalpena bukatzerakoan esan zion:
– Amama, artoa gluten-gabeko zereal taldean kokatzen dela konturatu naiz eta garia berriz glutendun zerealen taldean, beharbada glutena hartzeak min egin dio txitari? Baina, zergatik gaixotu da txita bakarrik? Zergatik jarraitzen dute osasuntsu gainerakoek?
Orduan, amonak, zeliakia zer zen azaldu zion.
- Begira Julen,gaixotasun zeliakoa glutenarekiko jasanezintasun jarraia da. Zeliakoek ezin dute glutena duten elikagairik jan euren heste-paretan kalte larria eragiten baitie, eta ondorioz, gaixotu egiten dira. Sintoma ohikoenak beherakoa, sabelaren hantura, tripako mina eta egonezina dira. Ideia bat izan dezazun, Julen, gozoki gehiegi jaten duzunean daukazun antzeko egoeran aurkitzen dira.
- Ba nik ez dut pertsona zeliakorik ezagutzen amama!- esan zion Julenek.
- Ziur zaude Julen? Zeliakoek glutenik gabeko dieta zorrotz bat jarraitzen dutenean hestearen egitura normala berreskuratzen dute, eta aipatutako sintomak desagertzen dira. Beraz, haientzako egokia eta segurua den dieta jarraitu ezkero ez dira gaixotuko, osasuntsu biziko dira.
- Eta zuk uste duzu gure txita zeliakoa izango dela? – berriz Julen.
- Baliteke. Zergatik ez zara ukuilura jaisten txitak aipatu ditugun sintomak dituen ala ez egiaztatzera?- Amonak ez zuen esaldia bukatu ere egin umea eskaileratik behera korrika hasi zenean. Ukuilura heltzean bertan zegoen aitona.
-Zertan zabiltza, ume? esan zion gizonak Julen txitaren alboan makurtuta animaliaren tripa ukitzen ikusi zuenean.
- Tripa puztuta dauka aitita, gainera begira, botaka egin du eta ez da batere ondo sentitzen … txita hau zeliakoa da!-. Aitonak ez zuen ezer ez ulertzen eta Julenek, berriz ere, istorio osoa azaldu zion.
Azkenik! bazuen txitaren diagnostikoa. Tratamendua jartzea zen hurrengo pausua. Amonak azaldu zion zeliakoak diren pertsonek osasuntsu bizitzeko gluten gabeko dieta jarraitzea besterik ez dutela egin behar. Beraz, Julenek txitaren eguneroko dieta zaindu zuen, gluten gabekoa izan zedin, eta, jakina, txita txikia guztiz sendatu zen.
Harrezkero gari-landara txangoak bukatu ziren, txita txikiak egunero jaten zuen baserrian ematen zioten artoa. Poliki-poliki txita handitzen joan zen eta udaren amaierarako ukuiluaren oilorik politena bihurtu zen!

AMOENUS

Atzera egin dezagun 1.600.000 urte, non giza espeziea Homo erectus deituta, lurran bizi zen. Han ekialdeko Asian, Amoenus izeneko mutiko bat bizi zen. Amoenus, mutiko oso berritsua zen, baina aldi berean oso azkarra ere bazen. Gauza berriak aztertzea gustatzen zitzaizkion, baita kobazuloetan ikertzera sartzea ere.
Homo erectusak talde txikietan bizi ziren 20 edo 30 pertsona inguru. Amoenus beti zerbait aurkitzen zuenean, beraiekin partekatzen zuen, baina haiek, ez zioten inoiz kaso egiten. Esaten zuten Amoenus arraroa zela eta ez zuela ezertarako balio. Bakarrik gauza alferrak aurkitzeko balio zuela.
Amoenus pertsona ez ulertu bat sentitzen zen. Berak gauza berriak aurkitu nahi zituen beraien espeziea garatzeko, baina inoiz ez zuten funtzionatzen.
Egun batean, Amoenus triste zegoenean , kobazulo batera joatea aukeratu zuen, pertsonetatik isolatzeko. Iritsi zenean, beti bezala gauzak bilatzen hasi zen, zulo txiki txikietatik sartzen. Egun hartan, dena desberdina izan zen. Zulo txiki batetik sartu eta ateratzerakoan, toki oso handi batekin aurkitu zen. Toki hartako sabaian, zulo handi bat zegoen non izarrak ikusi ahal zitezkeen. Toki hura, Amoenusen lekua bihurtu zen, han aurkitzen zituen gauzak gordetzen zituen eta triste zegoenean hara joaten zen.
Denbora asko pasatzen zuen kobazuloan eta gorputzan zeukan poztasun hura, norbaitekin banatzea aukeratu zuen. Pertsona hori bere aita izan zen. Aita kobazuloan sartu bezain laister, konturatu zen aurkikuntza oso handi bat zela eta pozez bere semearekin jolasten hasi zen.
Baina bere aita ezin zuen denbora asko pasa, herrialdean lagundu behar zuelako txabola berriak egiten. Txabola horiek denbora behar zituzten, teilatuak zuhaitzeko adarrekin egiten ziren, forma obalatua zeukaten eta harriez inguraturik zeuden.
Hurrengo egunean, Amoenus bere aitarekin geratu zen kobazuloan, baina bere aita ez zen geratutako denboran azaldu. Amoenus han zegoen bitartean, harri bat hartu eta bere indar guztiekin beste harri baten kontra jo zuen. Hori egiterakoan txinparta bat atera zen eta Amoenus berriz ere, harrituta geratu zen. Behin eta berriro harriak botatzen zituen eta gero eta indar gehiegorekin bota, gero eta txinparta handiagoa ateratzen zen.
Halako gauza bat aurkitzean bere taldearen bila joan zen. Joaterakoan, haiek aurpegi arraroak jartzen hasi ziren, baina orain Amoenuseri ez zitzaion inporta, denak aho irekiarekin geratuko zirela ziur zegoelako.
Horrela gertatu zen eta lehenengo aldiz Amoenusen aurkikuntza txalokatu zuten. Sua egiten zekiten, baina orain sua iraun behar zuen, zaila zelako berriz ere piztea. Horretarako, argi-zuziak egiten zituzten eta beraien bizitzarekin zaintzen zituzten.
Horren ondoren beraien bizitzeko modua aldatu zen. Sua hainbat gauzetarako erabiltzen zuten: beroa emateko , garai hotzak oso gogorrak baitziren, janaria egiteko, honekin konturatu ziren janaria gehiago iraunten zuela, defendatzeko, animalia bat hurbiltzen zenean sua erakutsi eta joaten zen eta azkenik borrokarako tresnak gogortzeko.

BIZITZAREN ARRAKASTA EZ DAGO BETI IRABAZTEAN, BAIZIK ETA INOIZ EZ AMORE EMATEAN.

Iluntasunaren aztarnak

Kanpoan ekaitza zebilen arren, bero itogarria sentitzen nuen hezetasuna zela eta. Edo ez. Agian sentitzen nuena ez zen beroagatik, baizik eta nire barnean pizten ari zen ekaitz bortitzagatik. Agian eguraldia nire pentsamenduak antzeman zituen eta nire egoera areagotzeko asmoz ekaitza bidali zuen. Agian, agian… Hipotesi gehiegi eta baieztapen gutxi.
Ezin dut horri buruz pentsatseari utzi. Izan ere, hiri gris eta goibel hartatik joan egin nintzen nire beldurretaz eta nire iragana betetzen zuen iluntasunaz ihes egiteko asmoz, bizitza berri bat eraikitzeko asmoz, baina ez dakit erabaki egokiena izan zenik.
Momentuz, ez dut uste ezer aldatu denik. Aitzitik, badirudi nire iraganeko mamuek nirekin etortzea erabaki dutela. Beharbada iluntasunak eta nik bat egiten dugu, eta hori aldaezina izan liteke, ekaitz honek gogorarazten nauen bezala.
Euria udan kokatzen ez den bezala, baliteke nik ere ezin izan kokatu inon, ez hirian, ez kostaldean, ez bizitza honetan. Baliteke soberan egotea. Izan ere, inor ez da konturatu Bilbotik joan naizela. Norbaitek ohartuko luke nire falta, gaur bertan nire buruaz beste egiten badut? Ez dut uste.
Gogorik gabe, soka ikusezin batek tiratuko banindu bezala, sukalderantz abiatu naiz. Ez dakit zergatik, gutxitan sartzen naiz gela honetan eta. Bidetik nire burua ikusten dut ispiluan. “Gero eta lodiago zaude. Utz ezazu jateari.”- esaten diot ispiluan islatzen den neskari. Gorrotoz beteriko hitzak dira, pozoitsuak, mingarriak. Munstro baten bihurtu naute, eta orain guztiz bakarrik nago, bai fisikoki bai psikologikoki. Ezin dut nire burua irainik gabe deskribatu, eta amorru ematen dit hain depresio larria pairatu behar, amorrua eta mina ez dudalako merezi. Filmetako printzesa zoriontsuak bezala izatea gustatuko litzaidake behingoz, baina hori dira, filmetako printzesak. Hori ez da benetakoa. Hori errealitatean ez da existitzen. Filmetan printzesek ez dute ez anorexia, ez bulimia, ez depresioa. Filmetan dena printze baten musuarekin konpontzen da.
Irribarrea sorrarazten dit pentsamendu honek. Izan ere, ni egoera honetan nago “printze urdin” bati esker. Izan dezagun zintzoak; errealitatean, edo borrokatzen duzu zure ingurunekoekin eta, batez ere, zure barnean dauden etsaiekin, edo jai daukazu.