ZER GERTATU OTE ZAIO TXITARI?

Bazen behin 8 urteko umetxo bat Julen deitzen zena. Julenek aiton amonaren baserrian ematen zuen uda osoa, animaliak zaintzen, baratza lantzen eta aitonarekin istorioak asmatzen. Izugarri ondo pasatzen zuen! Gehien gustatzen zitzaion lana animaliei janaria ematea zen, goizero egunsentiarekin batera esnatu eta gosaldu ondoren aitonarekin joaten zen ukuilura. Aitonak dena txukuntzen zuen bitartean bera oiloekin jolasten zen, txitak oso barregarri iruditzen baitzitzaizkion; eta horrela, egunak joan egunak etorri pasatzen zuen uda Julenek.
Goiz batean umea oiloekin baserri alboan zegoen gari landara atera zen– hainbeste janarirekin, hemen zoragarri egongo dira!- pentsatu zuen. Hala izan zen, oiloek gariz ase bukatu zuten. Hurrengo goizean ukuilura heltzean iskina batean txita txikitxoa etzanda ikusi zuen eta azkar batean bere ondoan makurtu zen. Txita gaixoak ez zuen ezer jaten, tripako mina zuen eta baita beherakoa ere. – Zer gertatu ote zaio? Zergatik gaixotu da txita?- galdetu zion bere buruari. Txitaren gaixotasuna zela eta ez zela bazkaltzeko ordua heldu zen eta Julen etxera sartu zen amonari gertatutakoa azaltzeko. Amonak arreta handiz entzun zion eta azalpena amaitzerakoan galdetu zion – Eta zein uste duzu zuk izango dela kausa?-. – Ez dakit amama, baina saiatuko naiz zure galderari erantzuna topatzen!-erantzun zion umeak. Arratsalde horretan bertan lanari ekin zion eta aurreko eguna aztertzen hasi zen.
- Txita txikitxoa gaixorik dagoen bakarra al da? bai, bakarra da.
- Oilo guztiak leku berdinean egon dira? Bai, guztiak batera daude beti.
- Atzo osasuntsu zegoen, gaur, aldiz, gaixorik… Beraz, zer egin zuen txitak atzo beste egun batzuetan egiten ez duena? ba… atzo landara joan ginen, eta han gari pilo jan zuen! Baina… egunero jaten du garia, ezta?
Azken galdera horretarako erantzunik ez zuela ohartu zenean, aitonarengana hurbildu zen erantzunaren bila. – Aitita, zer jaten dute gure oiloek?- galdetu zion Julenek aitonari, – artoa maitea, zergatik?- erantzun zion aitonak. – Eskerrik asko aitita, jakin-nahia besterik ez- esan zion Julenek. Ziztu bizian egongelara abiatu zen ordurako bere buruan zuen informazio guztia patxadaz antolatzeko.
- Orain arte oilo guztiek egunero artoa jan dute eta osasuntsu egon dira, atzo berriz garia jan zuten eta txita txikitxoa gaixotu egin da, beraz zereal aldaketa gaixotasunaren kausa izan daitekeela pentsa dezakegu... baina, zergatik gaixotu da txita bakarra?- Bazuen bere hipotesia: garia artoaren ordez jateak txita gaixotzea eragiten zuen, beste oilo guztiak ordea ez ziren gaixotu.
Gakoa zerealetan zegoela jabetu zenean, aitonaren laborantza liburura jo eta zerealen inguruan informazio asko topatu zuen. Zerealak talde desberdinetan sailkatzen zirela ikasi zuen. Zereal batzuen hazietan glutena zegoela irakurri zuen, hala nola garian, garagarrean, zekalean edo oloan. Beste batzuetan, berriz, ez zen agertzen glutena, artoan, arrozean edo artatxikian adibidez.
Entzunda zeukan “gluten” hitza, ikastolan zerbait azaldu zioten horretaz, baina nahiko berritsua zen Julen eta ez zuen arreta handirik jarri irakasleak azaldu zuen egunean. Hortaz, amamarengana joan zen eta gertatutakoa kontatu zion: aurreko egunean gari landara egindako txangoa, txitaren gaixotasuna, egindako bilaketa guztiak eta, noski, baita bere hipotesia ere. Azalpena bukatzerakoan esan zion:
– Amama, artoa gluten-gabeko zereal taldean kokatzen dela konturatu naiz eta garia berriz glutendun zerealen taldean, beharbada glutena hartzeak min egin dio txitari? Baina, zergatik gaixotu da txita bakarrik? Zergatik jarraitzen dute osasuntsu gainerakoek?
Orduan, amonak, zeliakia zer zen azaldu zion.
- Begira Julen,gaixotasun zeliakoa glutenarekiko jasanezintasun jarraia da. Zeliakoek ezin dute glutena duten elikagairik jan euren heste-paretan kalte larria eragiten baitie, eta ondorioz, gaixotu egiten dira. Sintoma ohikoenak beherakoa, sabelaren hantura, tripako mina eta egonezina dira. Ideia bat izan dezazun, Julen, gozoki gehiegi jaten duzunean daukazun antzeko egoeran aurkitzen dira.
- Ba nik ez dut pertsona zeliakorik ezagutzen amama!- esan zion Julenek.
- Ziur zaude Julen? Zeliakoek glutenik gabeko dieta zorrotz bat jarraitzen dutenean hestearen egitura normala berreskuratzen dute, eta aipatutako sintomak desagertzen dira. Beraz, haientzako egokia eta segurua den dieta jarraitu ezkero ez dira gaixotuko, osasuntsu biziko dira.
- Eta zuk uste duzu gure txita zeliakoa izango dela? – berriz Julen.
- Baliteke. Zergatik ez zara ukuilura jaisten txitak aipatu ditugun sintomak dituen ala ez egiaztatzera?- Amonak ez zuen esaldia bukatu ere egin umea eskaileratik behera korrika hasi zenean. Ukuilura heltzean bertan zegoen aitona.
-Zertan zabiltza, ume? esan zion gizonak Julen txitaren alboan makurtuta animaliaren tripa ukitzen ikusi zuenean.
- Tripa puztuta dauka aitita, gainera begira, botaka egin du eta ez da batere ondo sentitzen … txita hau zeliakoa da!-. Aitonak ez zuen ezer ez ulertzen eta Julenek, berriz ere, istorio osoa azaldu zion.
Azkenik! bazuen txitaren diagnostikoa. Tratamendua jartzea zen hurrengo pausua. Amonak azaldu zion zeliakoak diren pertsonek osasuntsu bizitzeko gluten gabeko dieta jarraitzea besterik ez dutela egin behar. Beraz, Julenek txitaren eguneroko dieta zaindu zuen, gluten gabekoa izan zedin, eta, jakina, txita txikia guztiz sendatu zen.
Harrezkero gari-landara txangoak bukatu ziren, txita txikiak egunero jaten zuen baserrian ematen zioten artoa. Poliki-poliki txita handitzen joan zen eta udaren amaierarako ukuiluaren oilorik politena bihurtu zen!