BIZITZAREN INERTZIAK

Ohetik jaiki, eta lehenengo pausua eman bezain pronto, makulu harturik eta ordezko hortzak ahoan ipiniz, leihora abiatu naiz. Bizitzea gogaikarri bihurtzen ari zaidan bizitzaren etapa honetan, egunsentiaren lehen arnasa dastatzera irten naiz, eguzkiak mendiko baserri guztiak banan-banan argiztatzen dituen bitartean.
Hor, arnasarekin batera etorri zait pentsamendua burura, ez ote nauen korronteak gehiegi eraman. Bai, bizitzak sortu dizkidan egoerak aurrera eraman ditut, ezertan pentsatu gabe. Korronteari kasu egin diot, inertzia hutsa izan da nire bizitzaren zentzua. Konformismoak urteak aurrera azkar pasatzearen madarikazioa ekarri dit.

Urteak pasatu dira, baita hamarkadak ere, baserria aurrera eramaten jarraitu dut, baina seme-alabek ihes egin didate hirira. Eta nik zer egin dut horren kontra? Jada zelai osoko belarra jatea kosta egiten zaie ditudan lau ardiei. Orain konturatu naiz, nahiz eta inertzia izatez ez den ezer, eta berataz gauza asko esan ezin den arren, une batez pentsatzen jarrita, bizitzan aurrera jarraitzeko joera zikina besterik ez dela. Inolaz ere gelditu gabe, izan ere, inertziak harrapatzen bazaitu, zureak egin du, nirekin egin duen bezala. Horregatik botatzen diot errua berari, orain, nire begiekin ikusten dudan pertzepzioak, inertziaren eragin indartsua frogatzen duelako. Horretan erreparatzeak, gauza asko azaltzen dizkit.
Egunero amestu izan dut, eta ametsak izan ditut buruan. Bai, ameslaria izan naiz, inoiz betetzen ez diren ametsen ameslaria. Nire barnean ez da inoiz ilusiozko helmugarik egon, oinak betik lurrean eduki ditudala esan daiteke. Ametsez gain, izan ditut borrokak ere buruan, baina nire ahoa ez omen dago injustiziak salatzeko edo barreneko egonezina azaltzeko egina. Emaztea maitatu izan dut, maitasuna izoztu eta denboran galdurik gelditu zen arte, eta nik, nire konformismo ustelagatik, aurrera segitu dut, trenean zutik doan bidaiari bezala, trena gelditu eta gorputza aurrera eramateko mugimendu kontrolagaitza jasaten duenean bezala. Eta bai, oraingoan trenaren kristalarekin bete-betean jo dut, kristala apurtu da eta trenbidearen errailetan botata gelditu naiz. Momentu batean hausnartu, eta geltoki egokian jaitsi izan banintz, zer litzateke nitaz? Ausarta banintz, eta trena nik gidatzearen ardura hartuko banu, zer litzateke nitaz?
Makulua erortzen sentitu dut, lurra geroz eta hurbilago, egunsentiaren lehen arnasa motz geratu zait, eta trenak jada ez nau inora eramango. Inertziak ordea, toki zehatz batetara heltzen lagundu dit, inoiz ezagutu ez dudan tokira, amaierara.