Auto zaharrak

Lehen mementotik oso ondo moldatu ziren elkarrekin. Tabernaren giro beroaren artean, beren solasaldia. Ia mozkortuta zebiltzan. Hosto hori-horiek bidea estaltzen zuten. Alfonbra leun eta busti baten gainetik zihoazen, errekatxo baten albotik. Ihintz tantek ilaran zeuden autoen gainean lo egiten zuten. Behin-behineko aparkalekua argiantzetan aurkitu zuten amoranteek: farolatxo bat nekaturik, oherako bidean. Zerua egusentiak lilaz tindatua. Elkarrizketa bizi-bizia, baten eskuak bestearen gerriari heltzen. Barrez hordiak, bikotearen batek armonia astindu nahi zuen:

- Nirekin lo egitera geratuko zara nire autoan, zein den asmatzen baduzu.
- Txantxetan ari zara!... Benetan?
- Bai, noski! Begira, nirea hemengo autorik zaharrena da.

Han 15 auto zeuden gutxi gorabehera. Ez markarik, ezta modelorik ez zuen ezagutzen, orduan, matrikulek lagunduko zioten.

- Ba, erraza da! Han dagoen gorria da: bere matrikula Bilbokoa da eta AB batek amaituta. Honek hemengo kotxerik zaharrena izan behar du.
- Ba ez. Oker zaude! - burla egin zion.
- Nola ezetz? - irribarre egin zuen - Adarra jotzen zabiltza!
- Ezetz!! Imajina ezazu: hain da zaharra, non zenbaki erromatarrak dauzkan matrikulan. Horretaz gain, zenbaki horiek palindromoak dira eta haien batuketa egiten baduzu, zenbaki lehen bihurtzen dira.

Orduan, bere amorantea barrez hasi zen auto batengana hurbiltzen zen bitartean: Vitoria-Gasteizko matrikula eta V batek amaituta...