Denboraren makina

Denboraren makina

Azkenean, heldu zitzaion Joneri bere etorkizuna markatuko zuen aukera egiteko unea: unibertsitateko matrikula egin behar zuen. “Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua” egitea pentsatuta zeukan, molekulen mailako prozesu biologikoen ezagutza lortu eta osasunean izan zezakeen eragina ikertzeko, baina ez zuen etorkizuna oso argi ikusten. Gainera oraindik ez zuen unibertsitateko onarpen-gutuna jaso. Txikitatik bazekien ondo asko zientziaren alorrean lan egin nahi zuela; zientziaren abantailak gaixotasun larriak sendatzeko erabiltzea zen bere ametsa. Baina, hala ere, bazegoen atzera botatzen zuen zerbait: horretara bideratzen ziren baliabide ekonomikoak oso urriak ziren, eta, urtetik urtera, gobernuak murrizketak handiagotzen zituela ikusten zuen etsipenez. Zenbat ikerketa geratu ote ziren bidean interes ekonomikoak zirela eta! Gainera, entzuna zuen ikerlarien lana oso gogorra zela, gehienetan, emaitzarik gabeko lana baitzen. Amak dudarik ez egiteko esaten zion; zientzia gustuko bazuen, zientziari loturiko zerbait ikasteko. Ikertzailea izatera ez iritsita ere, irakaskuntzan edo beste hainbat alorretan ere aritu zitekeela esan ohi zion. Eta oso ondo zekien zer zioen; izan ere, Joneren amak, zuzenbidea ikasi zuen bere gurasoen ilusioa betetzeko, eta urte askotan abokatu lanetan aritu ondoren, loradenda bat ireki berri zuen orain hilabete. Hori baitzen bere pasioa: loreak. Ez zuen Jonek akats bera egiterik nahi.

Bor-bor sentitzen zuen burua, nahasmena eragiten zioten neuronak elkarren artean talkaka zeudela zirudien. Lo kuluxka bat egiteko etzan zen egongelako sofan, eta telebistako berriak entzunez logura sartu zitzaion. Begiak ixtearekin batera horrela hasi zen aurkezlea: “ Ardashir Bazag zientzialari iraniarrak denboraren makina asmatu duela baieztatu du Espaziotik izeneko zientzia aldizkariak egin dion elkarrizketan. Makina honi esker gai izango omen gara denboran aurrera zein atzera egiteko. Ardashir Bazagen hitzetan… “ Zzzzzzzzzzzz.

Bat-batean zerbaitek aztoratu zuen. Begiak irekitzeko saiakera egin zuen, baina egongelako leihotik sartzen ziren eguzki-izpiek ez zioten horretan askorik laguntzen. Nagiak ateratzeko besoak luzatzean zerbait bota zuen lurrera. Gutun bat zirudien. Eskuetan hartu eta bere izenean zetorrela ikusi zuen baina ez zen agertzen igorlearen daturik. Nork bidali ote zuen? Jakin-minez irrikan, eta oraindik ere begiak erdi itxita zituela, ireki zuen kartazala. Honela zioen:

“ Jone maitea:

Atrebentzia handia izan dut zugana zuzentzean. Gauza askoren berri izan dezazun idazten dizut, inoiz hitz hauek iritsiko zaizkizun ziurtatu ezin dudan arren.

Ni naiz idazten ari natzaizuna, edo zu urte batzuk beranduago… Ez dakit ongi nola azaldu.

Harri eta zur geratu zara, ezta? Oraintxe zeure buruari galdetzen ariko zara nola arraio ote den posible zuk zeuk idatzitako gutun bat jasotzea. Ez da magia kontua, badakizu denak duela azalpen zientifikoa. Etorkizunetik ari naiz, noski.

Urte hauetan guztietan, buruan bueltaka izan dut zuri idazteko ideia, eta, azkenean, eman dut pausua. Labur-labur azalduko dizut esan nahi dizudan guztia:

Hamaika kontu konta diezazkizuket zure bizitzari buruz; dena den, labur esateko, aipatuko dizut osasun arloan ikerketak egiten ari den zientzialari preziatua bihurtu zarela, baina ez dizut etorkizunean biziko duzuna gehiago argituko.

Azken finean, eskerrak ematea da gutun honen xedea. Hemen nago, eta zugatik da guztia; erabaki onak hartu dituzu bizitzan. Harro nago zutaz. Entzun beharreko jendeari entzuteak eta hartutako erabaki zuhurrek bide onetik eraman zaituzte .

Amaitzeko aholkutxo bat emango dizut: egin ezazu beti bihotzak eskatzen dizuna, buruari kasu handirik egin gabe, eta bizitzak berak eramango zaitu amesten duzun lekura. Ustez zarena eta izan nahiko zenukeena gaur egun zarenetik ez dabiltza oso urrun, beraz, argi izan, nahi duzun hori izatera iritsiko zarela.

Muxu handi bat!

Jone

Etorkizunetik, 2035eko maiatzaren 2an.”


Telebistatik zetorkion iragarki baten musika ozenak iratzarri zuen. Ametsa izan zen guztia; arinegi desagertu zen ametsa. Gogoan zuen denboraren makinaren berria entzun izana eta horrek eraman zuela amets arraro horretara! Gutun hark hain erreala zirudien! Benetan jakingo bagenu etorkizunak zer ekarriko digun, beste modu batera jokatuko genuke… Nagiak ateratzen hasi zen eta eskuarekin zerbait ukitu zuen. Gutun bat zen. Amak utziko zion magalean. A zer kasualitatea! Ia zer zioen, bada:


Zientzia eta Teknologia fakultatea

Jone Agirre Etxebeste:

Atsegin handiz jakinarazten dizut hurrengo gradua egiteko onartua izan zarela:

Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua

Matrikula egunak: Maiatzaren 20, 21 eta 22

Adeitasunez,

Maite Bengoa Zurutuza
Harrera koordinatzailea

Pozez txoratzen sentitu zen Jone! Onartu egin zuten unibertsitatean. Gutuna irakurtzearekin batera amaren hitzak ekarri zituen gogora; baita ametsetako gutuna ere. Seinale bat izan zen: erabakia hartzen lagundu zion etorkizunetik iritsitako seinalea. Zientziaren bidea jarraituko zuen, bai horixe! Gehienetan emaitzarik gabeko lana izango zen, bai, baina aurkikuntza txiki bat nahikoa zen alferrikako lana ez zela frogatzeko . Agian bera izango zen minbiziari irtenbidea aurkituko zion ikerlaria. Eta, ze demontre! Bestela, beti izango zuen atzera egiteko aukera zientzialari iraniarrak asmatutako denboraren makinari esker.