Ur hura

Hiltzear nengoela hartu nuen lana uzteko erabakia. Beste edozein une bezain egokia iruditu zitzaidan hil aurreko hura.

Olatu batek harrapatua ninduen, bere zurrunbiloan irentsia eta itsasoaren barrenera ninderaman. Nire birikiek ezin zuten gehiago eutsi, eta barnean gordetzen zuten oxigeno eta nitrogenoa, jadanik CO2 bilakatua, kanporatu zuten. Burbuilek inguratu ninduten eta, goialdea eta behealdea bereizi ezin horretan, hilko nintzela ulertu nuen. Konortea galduko nuela suposatu nuen, eta mingarria izango zela baita.

Baina ez nintzen hil. Eta ez zuen minik egin.

Urak nire birikien barrenera egin zuen eta dena bete zuen, baina ez zituen nire birikiak gelditu. Nola-hala hura prozesatzeko gai izan ziren eta uraren hidrolisia egin zuten, oxigenoa aprobetxatuz eta hidrogenoarengandik bananduz. Uraren oxigenoa arnasten hasi nintzen. Zaila da atomo lotura horiek apurtzea, zaila hiru atomo horiek bata bestearengandik banatzea. Ez da aireko nitrogenoa ez erabiltzearen parekoa, airean nitrogenoa eta oxigenoa ez baitaude lotuta, urak duen hidrogenoa eta oxigenoa ez bezala.

Banaketa horrek, gainera, beroa sortu zuen, bero itzela, eta itsasoaren magalean sentitzen hasi berri nintzen hotza gainditzen lagundu ninduen. Ez dakit nire gorputzak sortzen zuen beroa edota nire biriketan gertatzen ari zen erreakzioak sortzen ote zuen beroa, baina han zen.

Eta uretatik irtetea lortu nuen, eta berriz ere airea arnasteari ekin nion, ezer gertatu ez balitz bezala.

Inor ez nuen zain ur ertzean, inork ez zuen gertatu berri zitzaidana ikusi, baina bizitza aldatuko zidala ulertu nuen. Sinisten nuen guztia, egi zalantzaezintzat nuen hura, gezurra zela.

Gero uretara egin nuen berriz. Ura gerri inguruan izan arte oinez barneratu nintzen, eta orduan ur azpira egin nuen.

Eta ura arnasten hasi nintzen berriz.

***

Ikerketa zentro batean egiten nuen lan. Kimikaria nintzen. Sustantzien arteko loturak ulertu nitzakeen, atomoak haien artean nola lotzen diren nire golko barnean ikus nezakeen, elektroiak protoi eta neutroien inguruan biratzen irudikatu nitzakeen, Schrödinger-en paradoxa ulertzeko gai ere banintzen, Einstein-ek onartu ezin zuen quantum-a uler nezakeen. Eta ez nintzen bakarra: mundu horretan murgilduta bizi ziren askoz inguratua nengoen.

Eta, hala ere, banekien nire lankideetariko batek ere ez zuela gertatu berri zitzaidana sinistuko. Ez edo onartuko. Banekien.

Saiatu nintzen, bai. Ez gehiegi, laster jarri baitzizkidaten trabak, baina ahalegina egin nuen.

–Aurpegi ona duzu! –esan zidan nagusiak atetik sartu bezain pronto. Bere bulego erosoko aulki handi horietako batean nengoen bere zain, gertatutakoa elkar banatzeko asmotan– Zer duzu kontatzeko? Larrituta zenirudien telefonoan…
Eta gertatu zitzaidana kontatu nion. Hurrengo egunetan egindako froga guztiak baita, eta nire gertaeraren inguruan hartutako neurketa guztiak (nire gorputzaren tenperatura zelan aldatzen zen, nire pultsuan egon zitezkeen aldaketa eta halakoak) ere bai. Adi-adi entzun zituen guztiak, eta amaitu nuenean isilik geratu zen. Behera begiratu zuen une batez, eta gero leihotik egin zuen so. Minutu bat behar izan zuen berriz hitz egiteko.
–Ea zelan azaldu diezazuket… Benetan uste duzu gurea bezalako zentro entzutetsu batera etor zaitezkela eta zientziaren mundua hankaz gora jarri?
–Baina… –saiatu nintzen protestatzen.
–Gure zentroa zientziaren barregarri izatea nahi al duzu?
–Baina ni…
–Diru laguntza guztiak galtzea nahi duzu? Hori al da nahi duzuna? Jendeak bere enplegua galtzea al da bilatzen duzuna?
–Baina ezin dut…
–Berdin zait zer ahal duzun eta zer ez. Irten ate horretatik eta har itzazu egun libre batzuk behar izanez gero. Baina honen ingurukoei buruz tutik ere ez ezazu aipatu gela honetatik kanpo, mesedez.

Antzerako erantzunak jaso nituen beste kide askorengandik. "Zerbait edan duzu ala? Mesedez!” zioten zenbaitek, edo “frogak?!? Horrek ez du frogarik behar! Ez, ez dut frogarik ikusi nahi!” “Argitaratu diozu… Halakorik argitaratuko bagenu zentro honen izena zikinduko genuke!" besteek. Baziren “utzi iezaiozu tontakeriak esateari eta hasi lanean!" leporatu zidatenak.

Medikuengana egitea ere alferrikakoa izan zen. Nire istorioa entzun bezain pronto ez ninduten aztertu nahi izan, eta atsedena gomendatu zidaten. Sikologo baten helbidea eman zidan lagun batek. Beste lagun askok zenbait opor-egun har nitzala gomendatu zidaten baita.

Eta hiltzear nengoela hartutako erabaki hari eustea erabaki nion. Agian hasieratik jakin nuen hura gertatuko zela, baina erantzun haiek jaso behar nituen erabateko ziurtasuna izateko.

Lana utzi nuen.

***

Zientziak ezin zuen azaldu gertatu berri zitzaidana, edo ez behintzat nik ezagutzen nuen zientziak, bizitza guztian ezagutu eta ikasi eta ulertu nuen horrek. Horrekin ezin nuen lan gehiagorik egin, jadanik ez bainuen hartan sinisten. Baina aldatzeko egin nituen ahaleginek ere kale egin zidaten: zientzi hark ez zuen egia nahi, subentzioak eta lan egonkorrak eta soldatak nahi zituen zientziaz inguratua nengoen. Errealitateari uko egiten dion zientziaren inguruan ez dut lanik egin nahi, nik beste zientzia batean sinisten nuen.

Eta lana utzi nuen. Eta beste hainbat gauza baita.

Orain gustura bizi naiz hemen azpian. Birikiek sortzen didaten beroak ere ezin du estali zenbaitetan hemen egiten duen hotza, baina inork ez nau molestatzen. Ura geroz eta kutsatuago dago, metalak nabaritu ditzaket, baina kanpoko airea ez dago garbiagoa, eta NOx-ez nazkatu naiz. Berriz hil artean hemen jarraituko dut. Zientziatik urrun, hemen jarraituko dut. Inork aurkitzen banau ere, ziurrenik ukatu egingo du. Zientziaren izenean. Edo haien zientziaren izenean, behintzat.