Inspiratu

Inspiratu eta jarri da ordenagailuaren aurrean Irene. Zabaldu du laneko postontzia. Hara, lehiaketa baten berri ematen duen berria dago botilan: http://www.inspiraciencia.es/eu/. Arnasa hartu du, inspiratu. Segituan irudikatu du ipuina. Azken boladan, zenbait ikerketa zientifikoren harira, buruan darabiltzan zenbait ideia orriratzeko nahiz burua husteko aukera paregabea. Aurreko hitzak idatzi ondoren, berriro itzuli da helbidera, sarien berri jakitera, saria sari, idazteko aitzakia ere badela jakinean. Gainera, batek daki, izan liteke denboran bidaiatzea: Julio Verne-k urpeko itsasontzi elektrikoaz idatzi zuen, oraindik asmatu gabe zegoela. Bestalde, maite ditu zientzian inspiratutako filmak, Tú que sabes, kasu; orobat, esperimentu zein ikerketa zientifikoen berri ematen dituzten dokumentalak, bideoak, Masaru Emotok urarekin egindako esperimentu biziki inspiragarria, besteak beste, aurrerago azalduko dena atzera. Ideia horiek ehunduaz, neurona konexio harrigarrien bidez, ea zer nolako ipuina sortzen duen. Meta literaturarako joera duenez, erabaki du meta literaturarekin ere jolastea, hizkera zientifiko xamarra ere tartekatuaz han hemenka.
Aurkeztuko duen ideia denboran aurreratzen den horietakoa izango ote da? Horrela izanez gero, zenbat urte barru egiaztatuko edo frogatuko da?
Galderak aurreko paragrafotxoan idatzita, azken aldian aurkitutako berri zientifikoen berri emateari helduko dio, gogoan dituen beste bizpahirurekin batera, berak gauzatu nahiko lukeen esperimentu-ikerketaren aurrekariak nahiz osagarriak izan litezkeenak zelanbait. Bukaeran azalduko du bere ideia; ipuinetan, jakin minari, misterioari eustea komeni dela diote-eta. Ipuinarekin ere esperimentatu egin nahi du.
Ipuinak 800 hitz izan behar duenez gehienez, inspirazio iturri izan diren ikerketen berri ematen duten artikulu zein bideoen lauzpabost esteka erantsiko ditu: laburtzen eta ideiarekin duten lotura azaltzen hasiz gero, 800 hitzetik gora idatziko bailituzke. Irakurleak egin beza bere lana, otu zaio, beti ere jakin mina baleuka, jakina. Hona ikerketa zientifikook:
https://www.youtube.com/watch?v=gUyqfUut8lA
http://www.livescience.com/43250-mind-controlled-quadcopter.html
http://www.nature.com/news/quantum-physics-what-is-really-real-1.17585
https://www.youtube.com/watch?v=01gYfRr4boI
http://hipertextual.com/2014/05/teletransportacion-cuantica
Arnasa hartuz sakon, atseginez, ideia ipuina ipuinean txertatutako ipuin hiper labur gisa aurkeztearen hautua egin du azken unean; Béla Tarr zuzendariaren antzera, zeinaren filmetan inprobisazioa zein esperimentazioa badiren protagonista (Tarr, d.g.), baita matriuskaren irudiaren ohorez ere, eta, nola ez, bizitza lasaiarekin (slow life) fusiona daitekeen “less is more” esaerarekin bat eginik.
“Sartu da Penelope interneteko mare magnumean igeri egitera, gainontzekoek ehuntzen diharduela pentsatzen dutelarik; aurkitu ditu, argi ibilita, zenbait ikerketa-perla. Egin du perla-diadema. Diadema bihurtu da ikerketa zientifikorako galdera. Autoa gidatzerik egongo litzateke, gasolinarik bota gabe, pentsamenduaren bidez? Aipatu dio Telemakori burutazioa. Erantzuna izan da bat-batekoa: horretarako autoak gasolina gabe dabiltzan mundu batean jaio beharko luke pertsona horrek. Eureka! Bota du Arkimidesek legez. Ondoko galderak piztu zaizkio jarraian itakarrari: ustekizunek badute eraginik, pentsamenduek edukiko dute horretarako indarrik? Galdera-hipotesia egin du: pentsamenduak izango dira etorkizuneko energia berriztagarriak? Bururatu zaio agian norbaiti bururatuko zaiola haurren bat haztea autoak gasolina gabe mugi daitezkeela simulatzen duen mundu batean. Penelopek egin du tupustean jauzi unibertso paralelo batera: gizakiek auto gabe telegarraiotzen dituzte euren buruak.”
Irenek azkenengo aldiz goitik behera idazlana birpasatuta, du inspiratu.

BIBLIOGRAFIA:
Tarr, B. (d.g.) Béla Tarr Regis dialogue with Howard Feinstein.(Bideoa).
Hemendik jasoa: https://www.youtube.com/watch?v=K104Srbj7h0