LAURA


- Hor doana marikoia da!

Xoán maitea:
Herentzian jaso ditudan eskuokin, espazio estalitan plazera bilatzen hainbestetan haztakatu zaituztenokin, hainbeste zauri sendatu eta barruan zeneraman harria azala urratuz atera dizutenokin, zure lehorrean oasiaren bidea marraztu duten esku berberekin idazten dizut agur esateko.

Lehendabizikoz gonbidatu dute Laura nonbaitera, zerbaitera: hitz egiten dion lankide bakarraren ezkondu aurreko agurrera. Orain badaki erabakia behin betikoa dela.

Herentzian jaso ditudan begi hauekin begiratzen dizut; urrun zaude, hurbil aldi berean. Zure iragana ikusten dut igarotzen eta harro nago. Geroa irakurtzea ezinezkoa da jada. Kliska bakoitzean eder bezain lehenaldi ikusten zaitut, ingurua bezain eder eta latz.

Dantzan aritu da etxeratzeko agindua jaso arte: tabernako argiak piztu dituzte. Hirurehun metro eskasetara dauka pisua. Bost minututan dutxaren goxotasunak laztanduko dio azala. Eta hala ere ez dago erabat bare, lasai. Arnasa estutu zaio, bihotz taupadak bizkortu: beldurra. Xoán babesten zuten kale berberak dira Laura mehatxatzen dutenak. Pribilegioak galdutakoan konturatzen gara izan bagenituela.

Ikusi ez ezik ibili ere herentzian eman dizkidazun oin hauekin nabil, urrutian batzuetan, hurbilean bestetan. Banoa itzulerarik gabeko xendan. Oinak zureak diren arren, urratsak nireak hemendik aurrera.

Herriko plaza. Argia. Espazio zabala. Bi neska eta hiru mutil aulkian porroa erretzen. Inoiz ez dakizu zein larru jantzi duen otsoak.
- Nola izango da ba marikoia? Emakumea da eta!
- Goazen!

Eman dizkidazun herentzia guztiokin esaten dizut aio. DNAk mutila nintzela zioen, kodetutako informazioa, naturala, berezkoa. Modu zehatz batean jokatzen ikasi nuen irakasle beharrik gabe. Gerora hasi nintzen jokoa jolas bihurtzen, amaren arropa janzten logelaren babesean. Zuk mozorroa deitzen zenion, gizonezkoa emakumearen itxuraz ikusteak zekarren lotsa justifikatzeko edo. Metamorfosi laburra, behin behinekoa, klandestinoa.

Laura oihua entzun orduko hasi da korrika. Etxera daraman kalean sartu da takoiak madarikatuz. Hormek itzultzen dioten oihartzuna berea edo harrapariena den ez daki. Eskua sartu du poltsan giltzak prest izateko. Portalera iritsi denean lehenengoan asmatu du. Etxekoa pixka bat gehiago kostatu zaio. Behin barruan, etxeko leiho guztiak ere itxi ditu. Orduan sentitu da seguru. Biluztu eta dutxan sartu da ur epelaren laztan lasaigarriak jasotzeko. Inoiz ez zuen pentsatuko hainbeste beldurra pasako zuenik jaiotzen eta hezten ikusi duten kaleetan.

Nire izatea azido nukleikoaren agindu, informazio eta patua baino zerbait gehiago zela onartu nuen. Bai, letra batzuk eman zenizkidan: adeninaren A, citosinaren C, guaninaren G eta tininaren T. Ikasi dut lau letra horiek ere ez dutela dena erabakitzen; marka kimikoak gehitzen omen diete bizi ohiturek eta kanpo aldagai desberdinek. Markek geneak hitz egitea, informazioa aktibatzea eragin dezakete. Edo isilaraztea. Gaixotasunak piztea, adibidez, edo lozorroan mantentzea.

“Ez da jaiotzen, emakumea egin egiten da”. Familiak ulertu ezin duen esaldia. Eskerrak lagun gutxi batzuei! Nekeza suertatzen ari zaio hala ere Laurari.

A, C, G eta T-k osatzen duten alfabeto mugatuarekin gorputza berridazteari ekin nion. Ordu-arteko gizon eta emakume kategoria biologikoak esaldi berriekin idatzi nituen. Esanahi berria eman nien nire baitan, erraietan bizi nuen guda faltsuari bukaera emanez. Armistizioren kronikak dio genetikak amore eman zuela zoriontasunaren aurrean.

Urteak zeramatzan sindikatuan Laura onartuko zutela pentsatu zuen. Txisteak izan ziren hasieran: ea inauteriak aurreratu ote zituzten galdetu zion Etorkin Departamendua konpartitzen zuenak. Lanak banatzeko egiten zituzten bileran lankideekin elkartu arte itxaron zuen txistea botatzeko. Txantxa ulertu behar zuela, halakoxea zela Alberto, ez zuela intentzio txarrarekin egin.

Ni ukatzearen ordainetan maite zintudala konturatu nintzen: ez zitzaidan olerkia gustatzen. Pentsatu, egin eta batez ere sentitu eta sentitzen ez nituenekin idatzi eta kateatu ditut bertsoak. Liburua osatu arte, liburu bakarra, originala, nirea.

Erabakiarekin tinko jarraitzen zuela ikusirik irainekin hasi zitzaizkion oldartzen. Kirurgiarengatik ari zela uste zuen aldaketa mingarria suertatu zitzaion galdetu ziotenean. Zehaztapena argia izan zen: “Ez, ez, zerebroa txikitu dizutenekoaz ari gara”.
Taldean eraso, ausart. Banaka hotz, mutu, begietara begiratzeko ezgai.
Azpikeriaren ondorio edo ezjakintasunaren memelokeriak bultzatuta ote zen jakin gabe, mingarriena egin zitzaiona: berarekin hitz egitea beste erremediorik ez zutenean abizenez deitu, izena ukatu.
Laura izateko bezain irmoa zirudien maltzurkeri berria: hitza ere kendu. Ez, ez zizkioten ezpainak josi, bortitzegia litzateke, salagarria, epaileek kondenagarria. Horren ordez, hitz egiten zuenean lankideen belarriak argizariz estaltzen zituzten: iruzkinik ez, iritzirik ez, jaramonik ez. Erabakiak hartzen ziren bileren berri ematea ahazten hasi zitzaien gero, edo geroraezinak ziren lanak agintzen ordu bera eta leku desberdinean.
Jazarpena salatu zuenean histerikotzat jo zuen sekzioko arduradunak.
Su etena agindu behar izan zion bere buruari, Xoán izatera itzuli. Ezkondu aurreko festarako gonbidapena Laura izenarekin jaso zuen arte. Pozik, eroso sentitu da galdetu diotenean ezkonduta dagoen edo seme-alabarik duen komuneko ispiluan ezpainak margotzen zituen bitartean, emakumeen konplizitatea sentitu duenean, emakume onartu dutenean.

Hemen naukazu orain zurearen epilogoa eta nirearen hitzaurrea izan litekeena idazten. Eskerrak eman nahi dizkizut Xoán, eskutitz hau idazteko letrak ere zuk eman dizkidazulako eta letra horiekin nik nahi eta behar nuena idazten utzi nauzulako.
Agur, betiko.
Laura

Dutxatutakoan boligrafoa eta papera hartu ditu Laurak. Idazten ari den eskutitzak ez du zigilurik eramango, hozkailuan itsatsiko du bere buruari egindako zinaren oroigarri.






  • Hits: 168

ESCOLA D'ESCRIPTURA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

EDITORIAL GALAXIA

AEELG

METODE

RESIDENCIA D'INVESTIGADORS

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

AELC

IDATZEN

EL HUYAR

EUSKAL ETXEA

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA