ZAPLAZTEKOA

ZAPLAZTEKOA
Juliak arnasestuka ireki du aldageletako ataria. Squash partidak leher eginda utzi du, agian gaur ez zen egun egokiena kiroldegira joateko. Erraketa aulkian utzi, besoak hanken gainean pausatu eta burua makurtua arnasaren erritmoa normaldu arte egarriak itxoin dezakeela erabaki du. Partida eskasa, gaurkoan, Alfredok nahieran ibili du kantxan. Orain, irabazlearen nagusikeria jasatea tokatuko zaio.

Jasangaitza suertatzen da horrelakoetan. Ariketak sortutako serotoninak, dopaminak eta endorfinak gehi lehiaketan garaile suertatzeak gizonezkoei sortzen dien euforiak etengabeko berriketa eragiten dio. Orojakileak berea botatzeko eta solaskidearen hitzei entzungorrarena egiteko duen gaitasunaren laguntzarekin, maisutasun intelektuala erakusten saiatuko da.

Oinak txankletetan sartuta eta bainu-bata jantzita, badoa saunara. Ia ehun gradutan egoteak atsegina dela sinesteak lanak ematen baditu ere, maite du hamabosten bat minutuko saioa egitea. Atsegina zaio bai, ura harrien gainera botatakoan, azalean sentitzen duen mina eta biriketako estutasunaren ondoren dena bere onera etortzen denaren sentsazioa.

Atea ireki duenean Alfredo albo batera mugitu da, ondoan esertzeko gonbidapena luzatu nahian edo. Desesperazioz konprobatu du Juliak ez dagoela beste inor. Bakarrik eutsi beharko dio hitz-etorriari.
Ez dio aurreikuspenak huts egin:

- Ederra gaur eman dizudan jipoia, eh? – esertzeko betarik ere ez dio eman- Gaurkoan geldiezina nintzen! – taktikaz hasiko zaio orain- Pilotari abiadura eman diot, kantxan mugiarazi dizut, txotxongiloen pare ibili zara !

Juliak zurezko ontzitik burruntzalia hartu eta ura gutxika-gutxika bota du harrien gainera. Lurrunak jarioa eteteko balio izan du behintzat. Etenaldi laburra hala ere:

- Gainera arnasa hartzen ikasi dudanetik, nabaritzen dut errendimendu muskularra biderkatu egin dudala- bota du Alfredok, hitzok lepoko ezker-eskuin mugimendu azkarrarekin lagunduaz.

- Hogeita hamar urte eta ez zenekien arnasa hartzen? Zorionak Alfredo! Zein da hurrengo urratsa? Esfinterren kontrola? Begiak kliskatzen ikastea? – ironiak ez du hizketa-laguna kikildu:

- Frogatu beharko zenuke Julia! Meditazio saioetara joaten naizenetik sekulako aldaketak nabaritu ditut; zerbait espirituala da. Begira, meditazioak benetako nia aurkitzen lagundu dit. Beti presaka, inoiz baino gauza gehiago egiten nituen; eta aldi berean, inoiz baino gauza gehiago egin gabe uzten nituenaren sentsazioarekin bizi nintzen. Estresatua, depresioak jota; erratutako txorien antzera nenbilen, Julia. Etxea nahi nuen, lana, bikotea, arrakasta, dirua … nahi, nahi eta nahi! Dena nahi izate horrek sufrimendua baino ez zidan sorrarazten, frustrazioa! Ez nintzen zoriontsu.

Juliak lehenengo izerdi tanta nabaritu du bekainetik masailerako bidea egiten. Besoan erori denean, distiratsua duela konturatu da; gorputza bero, burua irakiten! Ohikoa baino laburragoa izango da gaurko saio; badoa:

- Bueno Alfredo, gaur ez nago oso katoliko …

- Ba zuk ere meditazioarena landuko bazenu aldaketa sentituko zenuke- Alfredok ez du tregoarik eskaintzeko inongo asmorik- Zientifikoki demostratuta dago gainera, arnasketak odol zirkulazioa hobetzen duela eta bihotzaren lana errazten duela; gihar tonua erlaxatzen du, egoera emozionala orekatu … – etsita, Juliak burruntzalia hartu eta ura brastakoan bota du harrien gainera- Gaur egun zientziak demostratzen du hori, baina budismoak milaka urte ditu, pentsa!

Zer edo zer esan beharra sentitu du Juliak:

- Aizu, Alfredo, gauza bat da …
- Eta ez hori bakarrik, zientzia berresten ari da ZEN filosofiak intuizioaren bidez aspaldian aurkitu zuena!
- Ah bai?!?- lepoa biratuta, idi begirada eskaini dio Juliak. Keinua ez zaio oharkabean pasa Alfredori; garailearen harrokeriaz mintzo da orain:

- Harrituta eh? Bada arnasketarena ez da zientziak ZEN filosofiari buruz balioztatzen duen datu bakarra. Azken ikerkuntza zientifikoek diote atomoa osatzen duten partikulen artean hutsunea nagusitzen dela; hau da, espazio hutsak materiak baino gehiago okupatzen duela! Konturatzen zara Julia! Materian bertan, hutsunea da nagusi! Buda-k aspaldi aurkitu zuen hori nahiz eta hitzez ezin adierazi: munduaren hutsaltasuna! Errealitatea ez da existitzen, gure buruen asmakuntza besterik ez da! Hutsuneak inguratzen gaitu! Ilusio batean bizi gara! eta horregatik sufritzen dugu hainbeste Julia, horregatik. Sufrimendu hori erauzi egin behar dugu. Ez gara gai existentziaren benetako izateaz jabetzeko.
- Hutsunea da nagusi beraz. Errealitateak ez duela existitzen, hori esan nahi duzu?
- Bai bada Julia, horixe!

Juliak besoa luzatu du hirugarren burruntzalia ur goritutako harriei botatzeko intentzioz. Zerbait gertatu da orduan Juliaren burmuinean. Zer edo zer arraroa, ez ohikoa: disfuntzioa. Juliaren neuronek alarma abisua jaso dute; sistema linbikoaren aktibitate indizea disparatu egin da. Amigdalak garunaren erabateko kontrola eskuratu du: estatu kolpea! Neokortexak ezin izan du ezer egin: motel, motelegi ibili da.
Giharrak itxiz burruntzaliari eusteko agindua zuten neuronek kontragindua jaso eta eskua zabaldu egin dute; burruntzalia gora jasotzekoa zutenek abiadura handitzekoa; besoa goian mantentzekoa zutenek ezkerrera jotzekoa, ziztu bizian!

Agindu eta kontraginduen emaitza hauxe izan da: Juliaren eskuineko ahurrak talka egin duela Alfredoren ezkerreko masailaren kontra orduko ehun eta hamahiru kilometrotako abiaduran.

- Eta? hauxe zer izan da? Hutsunea? Zaplaztekoa ez da erreala izan? Zure buruaren asmakizuna agian?

Julia zutitu egin da. Aterantz egin du. Ez du kulpa sentimendurik. Kopeta-hezurreko lobuluen arteko lehian, ezkerrekoa nagusitu da, emozio negatiboei bidea itxiz. Atea ireki baino lehen, Alfredo eskutik hartu du. Garunaren alde primitiboak soilik funtzionatzen dio, arnasteko eta bihotzaren taupadak mantentzeko balio diona. Elkarrekin egin dute, mutu, gizonezkoen eta emakumezkoen aldagelak bereizten dituzten ateetarainoko bidea.