Euli ikertzailea

Platerkada makarroia irentsi ondoren, ogi zati handi batekin ezabatu ditu Mikelek tomateak platerean utzitako arrastoak. Horren zain nengoen, bada, ni, inguruan, hegan … Alferrik, ordea, ogia makarroien bidelagun egin duenean, edalontzian zeukan freskagarria edan, eta korroskada ozen batez eman baitio amaiera bazkariari. Sofan etzan eta aharrausika hasi da. Traganarrua zirudien aharrausietako batek xurgatu nau. Neu izan behar Mikelen bazkariari falta zitzaion proteina!
Murtxikatu ez, baina listuaz mela-mela eginda utzi nau; orduantxe etorri zait gogora, behin, eskola hartan, irakasleak digestioaz zer esan zien ikasleei, eta, bat-batean, larritu egin naiz, neure burua Mikelen digestio-prozesuan ikusi baitut, bete-betean sartuta.
Lagun bat eraikuntza bat eraisten aurkituko bazenute, eta, eraistearen arrazoiaz galdetuta, erantzungo balizute eraiki zenean erabilitako materialak – zementua, harea, ura, burdina, egurra, pintura … − berreskuratu nahi dituela, beste zerbait eraikitzeko, zer pentsatuko zenukete lagun horretaz? Zoratuta dagoela, ezta? Bada, antzeko zerbait egiten dugu guk, egunero, elikagairen bat ahoan sartzen dugun bakoitzean.
Elikagai oro mantenugaiz osatua dago; hau da, karbohidratoz, proteinaz, gantzez, bitaminaz edota mineralez − horiek dira mantenugaiak −. Eta digestio aparatuaren egiteko nagusia elikagai oro mantenugairik sinpleenetan deskonposatzea (apurtzea, ez eraldatzea) da, gure gorputzak horiek erabiliz bere beharrak bete ditzan.
Elikagaia ahoan sartzen denean hasten da digestioa …
Hara! Hortxe nago, bada, ni, eta, teoria egiaztatzen bada, txikituta amaituko dut.
Listuaz blaituta irristadan igaro ditut Mikelen faringea eta esofagoa. Urdailean harrapatu ditut makarroiak ore bihurtuta – irakasleak bolo deitzen zion ore horri −; ni ere boloaren parte egin naute; gero, urin gastrikoekin dutxatu gaituzte eta irakasleak kimo deitzen zion ahi bihurtu. Duodenoan hango eta hemengo urinekin eta behazunarekin beste dutxa bat hartu, eta birrinduta heste meharra zeharkatzera; handik, odolera pasatzen joan gara, poliki-poliki: karbohidratoak glukosa bihurtuta, eta proteinak aminoazido. Gure taldean denek amaitu dute glukosa izaten neuk izan ezik.
Odolera iritsi bezain pronto basokada kafesnea jariatu digu pankreak. Argi samarra begitandu zait, esnetan kafetan baino gehiago duena, alegia. Gero, irakasleak esandakoa gogoan, ohartu naiz ez dela kafesnea izan, baizik eta pankreak ekoizten eta jariatzen dituen hormona biren nahastea: intsulina (esnea) eta glukagoia (kafea).
Pankreak modu orekatuan ekoizten eta jariatzen dituenean intsulina eta glukagoia, oso ondo konpontzen dira elkarrekin; ezin hobeto kontrolatzen dute apetitua, eta pozik mantentzen dute garuna. Intsulinaren zeregin behinena odolean dagoen glukosa maila jaistea da eta glukagoiarena, berriz, igotzea. Intsulinak odolean atzemandako glukosa gibelean metatzen du, eta glukagoiak gibeletik askatu, garunak haren premia daukanean; izan ere, garuna glukosaz baino ez da elikatzen.
Karbohidratoek bultzatzen dute pankrea intsulina ekoiztera eta jariatzera, eta proteinek glukagoiaz beste horrenbeste egitera. Antzeko proportzioan ekoitzi eta jariatuz gero, bata eta bestea, dena doa ongi. Baina zer gertatuko litzateke, digestioan odolera heltzen den glukosa (karbohidrato) kopurua aminoazidoena (proteina) baino handiagoa balitz? Pankreak glukagoia baino intsulina gehiago ekoitzi eta jariatuko lukeela.
Zein proportziotan dauden glukosa eta aminoazidoak odolean, horretantxe daude intsulina eta glukagoia pankreak jariatzeko prestatzen duen kafesnean. Hortik kafesne argia jariatu izana guri, Mikelek jan duen karbohidrato (makarroiak) kopurua, proteina (eulia) kopurua baino askoz handiagoa izan baita.
Ikustekoa izan da ere intsulinaren lan egiteko modua. Intsulinak, glukosa maila jaisteko, gibelera eta giharretako zeluletara jo du, esanez: “Har ezazue glukosa odoletik eta meta ezazue zeuen biltegietan”. Giharretako zelulek eta gibelak bete egin dute mandatua, baina biltegi mugatuak dituztenez, glukosa kantitate bat odolean geratu da; orduan, intsulinak gantzei eman die glukosa hondakin hori metatzeko agindua: hortik, mitxelinak.
Intsulinak bere lana bukatu duenerako, glukosa maila odolean puntu kritiko batetik behera jaisten hasita egon da, eta garuna glukosa eskatzen, hori baino ez baitu hartzen. Glukosa gibelean metatuta eduki arren, hori askatzeko adina glukagoirik egon ez denez − kafesne argiak kafe gutxi −, protestaka hasi da garuna. Ernegatzen eta haserre jaiki da Mikel siestatik, goseak iratzarrita. Molestatzea da garunaren protestatzeko modu naturala.
Horren aurrean, ohiko eran erantzun du Mikelek: karameluak eta galletak janda; hau da, karbohidrato gehiago irentsita. Jaki horien digestioa arina denez, zer apurtu handirik ere ez dagoelako, laster iritsi dira odolera glukosa bihurtuta. Orduan, garunak, eskerronez, baretu egin du protestaldia, eta, une batez, bederen, ongi sentitu da Mikel; baina pankrea hasita dago intsulina jariatzen odolera glukosa maila jaisteko. Beraz, laster izango da, berriro ere, haserre, gose … Eta horrela egun guztian. Jesus, Maria eta Jose, beti jan eta beti gose!
“Beti jan eta beti gose” esaldiak, paradoxikoa dirudien arren, ez du paradoxikotik ezer ere; ez, behintzat, karbohidratoek eta proteinek intsulina eta glukagoi hormonen ekoizpenean eta jariapenean duten eragina ezagututa.
Aspalditik zekiten nutrizioan adituek gramo bat karbohidratotan gramo bat koipetan baino kaloria gutxiago zegoela; orduan, arrazonamendu hau zabaldu zuten munduan barrena: karbohidratoak gehituz eta koipeak kenduz, argaldu egin behar duzu, nahitaez. Hainbat pertsonak jarraitu zuen aholkua; harrezkero, inoiz baino lodi gehiago dago munduan.
Non egin zuten huts adituek? Ez zekiten karbohidratoek zelan eragiten zuten intsulinaren ekoizpenean; ez eta intsulina zela karbohidrato soberakinak gantzetan metatzen zituena ere.
Hurrengo bizitzan gizakia banintz, jakingo nuke zer egin otorduen artean goserik ez izateko, eta, bide batez, mitxelinak saihesteko: karbohidratoak eta proteinak proportzio berean jan, eta kito.