Hor nengoen!

Ai, berriro ere kontatu behar al dut istorio berbera? Beeeeno ba, hona hemen ‘pena merezi duen’ urre pipita bat izateko sekretua.

Egia esanda, sekretu guztiak ezin ditut kontatu, nik antzina sortu bainintzen, Interneta sortu baina askoz lehenago. Dinosauroak baino lehenago, prozesu geologiko batzuen ondorioz, ni neu, primerako urrezko pipita, jaio nintzen. Hala, milioika urtez lurperatuta bizi izan nuen lekuari, Potosi mendixka deitu zioten.

Nire bizitza beste harriena bezalako zen. Aspergarria, baina lasaia. Besteak bezalako egun batean, inork ez abisatu gabe, pala golpe izugarri batzuk sumatu genituen ni eta nire kideek, beste urre pipitak, handiago eta txikiagoak. Ez pentsatu garabi batekin etorri zirenik, ez. Hori oso asmakizun modernoa da. Garai horretan gizon haiek esku hutsekin egin zuten beraien lana, eta nik denbora osoan entzuten nuen ‘¡somos ricos!’ eta ‘¡viva de Villarroel!’ garrasiak. Bizitza aspergarria neraman, baina ni aldatzeko gogorik ez neukan. Gainera, palazo horiek sekulako burumina eman zidaten. Beraz, imajina ezazue zer egingo nukeen nik pala eta gizonarekin!

Nahiz eta ni pentsatu pala-emaile hauek laster gutaz nekatuko zirela, beste harriekin bezala, oso oker nengoen. Ez dakizue zenbat. Urteak eta urteak izan ziren han, etengabe, beste urre pipitak ateratzen. Zilar puskei gertatzen zitzaiena niri berdin zait! Desagertuko baziren ere ez nintzateke batere goibelduko.

Hasieran ez nintzen ohartzen ze egiten zuten gurekin. Ez al duzue inoiz sentitu zerbait ezatsegina datorrela, oraindik urrun, baina egunen batean ailegatuko dela? Urte bat barru, hilabete bat barru, egun pare bat barru? Ba hala sentitzen nintzen ni, azkenean Pedro zeritzon gizon batek bere palarekin ni hartu ninduen arte. Une batean milioika urtez izan den zure lur puskatik banatzen dizute. Ze egingo zuten nirekin?

Berehala zaku zikin batzuetan sartu ninduten. Eskerrak zilarrik ez zegoela zaku horretan, bestela nire ekimenez ez nintzen arduratuko! Gizon guztiek gaztelania hitz egiten zuten nire ingurunean.

Lurretik atera bezain azkar, hilabete batzuetan zehar ez nintzen ia puntu berean bi egun segidan pasa. Potosi mendixkatik atera, eta berehala mando batzuetan itsasorantz garraiatu gintuzten. Zakuetan, mendixka osoan zehar ateratako beste urre eta zilar puskak zeuden, batzuk handiagoak, besteak txikiagoak.

Portura ailegatzean, beste poltsatan sakabanatu gintuzten. Nik ‘¡puro!’ eta ‘¡no puro!’ hitzak entzuten nituen, baina zer esaten zuten momentu hartan ez nekien. Niri zer axola. Kasua da horietako galeoi batean ontziratu zidatela.

Eta ah, ze zortea nirea. Nazka-nazka nengoen jadanik, ezta harriek ere ez zidaten nire umorea jasaten, baina oraindik ez ziren nire problemak akabo. Karibe portutik atera, eta handik hiru egunetara, ‘¡piraaaaataaasss!’ garrasia entzun nuen. Ozen baino ozenago, eta ez zen ospatzeko, baizik eta arrisku deialdi bat zen. Kakazaharra! Mutiko traketsak eta ahulak bakarrik zeuden gure galeoiaren kanoien arduradun. Baina ze nagiari okurritzen al zaio horrelako gauzak? Ah, ze desastre. Eskerrak gu, urre altxorra, kubiertatik urrun geundela, bestela inozo horiek ziur bala bezala nahastuko gintuztela. Eta noski, gertatu zen gertatu behar zena. Pirata horiek harrapatu gintuzten. Baina ez uste oraindik nire abenturak amaitu direnik.

Berriro ere beste zaku garraioak eta mugimenduak, Jainkoaren izenean, nik mareatzen naizenarekin! Eskerrak bakarrik itsasontzi batetik bestera eraman nindutela. Pirata horiek ingelesak zirela. Erasmus ikasle bat baino hizkuntza gehiago ikasiko ditut erritmo honetan! Baina beno, nire bahiketa hau ezinbestekoa da kontatuko dizuedan istoriorako.

Aste batzuk ozeanoan igaro ondoren, beste erasorik gabe, azkenean Ingalaterrara ailegatu nintzen. Ez dakit nola egiten duten gaur egun paketeria enpresak aste batean bide berbera betetzeko! Nire kasuan, portura ailegatu eta minutu gutxietara, jasan dudan minik handiena gertatu zidan.

‘Eh, eh eh, zer egin behar duzu horrekin, eh ezezezezez! Ez sartu labean! Eeeezzzzz!!

Urtuko naiz, ergel hori! Eh, nora zoaz? Ez ez ez, ez nazazu jarri mailu horren azpian, eeezzzz!’

Pum- pum – pum –pum

Ze miiiiinaaaa!! Nire itxura guztiz deformatua zegoen. Urre pipita bat izateaz, txanpon batean bilakatu nintzen. Aaaaarrggghhhh!

Hilabete batez mareatuta ibili nintzen, beraz, epe honetan zer gertatu zen ezin dizuet kontatu. Baina justu berreskuratu nintzenean, horietako egun batean, historiaren klimaxa gertatu zen. Nire ingeles - euskara itzulpen abilidadeak erabiliko ditut zuek ondo ulertzeko:

- Hona hemen zure asmakizuna garatzeko dirua, Watt jauna.
- Eskerrik asko, Boulton jauna. Goiz emaitzak izango dituzu.

Eta ni momentu horretan, bitartekari bi gizon horien artean, historiako momenturik garrantzitsueneko batean. Ez dut ezta argazki, margo edo Instagram profil bat ere momentu hori aldarrikatzeko, baina ni hor nengoen, eta ziur, beraiek baino gehiago sufritu nuela hara iritsi arte! Neke gaberik, ez da bizitzerik.
  • Visto: 124

ESCOLA D'ESCRIPTURA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

EDITORIAL GALAXIA

AEELG

METODE

RESIDENCIA D'INVESTIGADORS

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

AELC

IDATZEN

EL HUYAR

EUSKAL ETXEA

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA