Belaunaldi ordezkapena

Azkeneko lan egunean, lankideekin egindako agur-bazkaritik bulegora bere gauzak jasotzera itzuli zenean, Anttonek lankideek mahai gainean utzi zioten opari bat aurkitu zuen: laborategiko azkeneko sagua.

— Zer egiten du Samuel bibotedunak nire mahai gainean?
— Zuk eraman beharko zenukeela pentsatu dugu — erantzun zuen Klarak —. Gutako inork ez du zuk bezain ondo zainduko.
— Horretan arrazoia duzu, edozer animalia zuen eskuetan uztea arduragabekeria izango litzateke — esan zuen Anttonek, txantxetan.
— Azken lan egunean ere horrekin hasteko asmoa duzu? — esan zuen Klarak, amorratzen hasita.
— Bi astez baino ez nintzen joan, eta itzuli nintzenean saguen erdiak gaixo zeuden! — jarraitu zuen Anttonek, pare bat urte lehenago jazotako gertakaria gogorarazita —. Eskerrak organ-on-chip teknologiara aldatu zareten. Horiek behintzat ez zaizkizue hilko.
— Aizu, txip horiek ere bizirik daude — erantzun zuen Klarak.
— Bizirik, komatxo tartean — Anttonek eskuekin komatxoen ikurra egin zuen —. Izaki bizidunen definizioa aldatu nahi duzue, zuek ere bizidunak zaintzeko gai zaretela erakusteko.

Klarak hasperen egin zuen, baina gaia umore onez hartzea erabaki zuen.

— Zuk ba al dakizu izaki bizidun bat zer den, hala? — galdetu zion Anttoni, irribarre maltzur batekin.
— Galdera hori zer da, biologikoa, hala filosofikoa? — erantzun zuen honek.

Klarak sorbaldak altxatu zituen.

— Zuk erantzun — esan zion.
— Besteak beste, homeostasi, antolakuntza, metabolismo, hazkuntza, egokitze eta ugalketa funtzio fisiologikoak mantentzen dituen prozesu bat da — esan zuen, buruz ikasitako definizio orokorra errepikatuta.
— Gure txipek funtzio guzti horiek betetzen dituzte! — adierazi zuen Klarak, irribarre handi batekin.
— Txip horietako bat ugaltzen ikusi nahiko nuke, orduan.
— Askotan ikusi duzu, laborategian — esan zuen Klarak.
— Ez, ez, bere kabuz, giza parte-hartzerik gabe — erantzun zuen Anttonek.
— Landareak ez al dira izaki bizidunak, hala? — galdetu zuen Klarak.
— Horrek zer zerikusi du gure eztabaidarekin?
— Landare askok beste izaki bizidun batzuk erabiltzen dituzte ugaltzeko. Erle-lorea, adibidez, Mediterraneo itsaso inguruan bizi den erle baten laguntzarekin baino ezin da ugaldu.
— Ezin dituzu bi fenomeno horiek konparatu — esan zuen Anttonek —. Lore hori erlea erakartzeko eboluzionatu da ziurrenik. Txipa, ez.
— Txipak ez? Ziur al zaude? Orduan zergatik berritzen ditugu txip modeloak urtero? Ez al da gurekin duten erlazio sinbiotikoaren eragina? — esan zuen Klarak.
— Ez. Ez, ez, ez. Ezta pentsatu ere. Txiparen zatiak une oro aldatzen dituzue, eta… — Anttonek buruan zituen ideia guztiekin haria galdu zuen —. Eta, gainera, ezin duzu txip batek eboluzionatzeko eta bizirauteko intentziorik duenik esan!
— Lehenari dagokionean, linea zelular asko mantendu eta hautespen naturalera behartzen ditugu — erantzun zuen Klarak —. Eta, bigarrenari erantzuteko: lore bati ere ezin diozu eboluzionatzeko edo bizirauteko intentziorik inola ere atzeman.

Amorratuta, Anttonek etsi egin zuen.

— Zurekin ez dut eztabaida bat irabazteko modurik! — esan zuen —. Azkeneko egunean ere, ni bezalako zahar bati ezin diozu irabazi txiki bat ere eman!
— Irabazten utzi? Ezta pentsatu ere! Burmuina ahuldu egingo litzaizuke! — erantzun zuen Klarak, barrez.
— Galera hori hartzeko prest nago — erantzun zuen Anttonek, barrez.

Lankideei agur esatea uste zuena baino gutxiago kostatu zitzaion. Bere bizitzako fase bat amaitu berri zuen, eta han momentu onak izan bazituen ere, orain beste bizimodu bat eraman ahalko zuen. Etxerako bidea lantoki hartan emandako urteei buruz hausnartzen eman zuen.

Bere amaiera berezia zen, berarekin batera ikerketa zentroko animalia esperimentuak amaitu baitziren. Samuel biboteduna, etxera zeraman sagu hura, ikerketa zentroan egindako azken esperimentuaren ondoren gelditutako sagua zen. Belaunaldi berri batek zaharra ordezkatzen zuen bezala, teknologia berriak ikerketa metodo zaharrak desagerrarazi zituen. Hura zen bizitzaren legea, azken batean. Zentzu hartan, behintzat, Samuel biboteduna eta Antton oso antzekoak ziren.

Charlie eta Antton ia aldi berean iritsi ziren etxera. Sukaldean kafe bana prestatzen ari zirela, elkarri eguneko berriak eman zizkioten.

— Beraz, erretiratua zara jada.
— Bai, bazen garaia. Orain hurrengoei dagokie ikerketa egitea. Nik orain beste gauza batzuk egiteko denbora izango dut.
— Etxera ekarri duzun sagu hau zaindu, adibidez.
— Bai, noski — erantzun zuen Anttonek, irribarre batekin.
  • Visto: 46

ESCOLA D'ESCRIPTURA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

EDITORIAL GALAXIA

AEELG

METODE

RESIDENCIA D'INVESTIGADORS

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

AELC

IDATZEN

EL HUYAR

EUSKAL ETXEA

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA