Musika eta Pitagoras

Musika eta Pitagoras

-Begira, dena proportzio kontua da, matematika da.
Nire aurrean nuen Larre alaba, kristalezko botila mordoarekin, denak urez neurri ezberdinetan beteta.
- Pitagoras bera ohartu zen matematika proportzioak jarraituz, musika nota batzuk politak eta erakargarriak iruditzen zitzaizkigula eta beste batzuk ez.
Arretaz entzuten hasi nintzaion. Interesgarria zirudien kontuak. Niri behintzat erakargarria iruditzen hasia zitzaidan.
-Berak sokekin egin zuen froga: soka bat hartu eta tenkatzean, bibrazioaren soinuak nota bat eman zuen. Hura erditik zatitu eta nota bera zortzidun bat beheragokoa zela ohartu zen.
Hau esan eta bi botila jarri zituen mahaiaren alde batan. Batek bestearen ur kopuru erdia zuen, edo alderantziz esanda, besteak bataren bikoitza.
- Aurreneko soka hartu zuen eskutan berriz eta haren luzera bikoitza zuen beste bat tenkatu zuen: bibrazioaren soinua nota berdina zen, baina zortzidun bat goragokoa.
Denen artean ur gehien zuen botila hartu eta mahaiaren iparraldean jarri zuen.
- Honela ohartu zen Pitagoras, musikan errepikatzen zen neurri bat zegoela. Hots, oinarri-neurria bikoiztu edo zatituta, nota berdina lortzen zuela, zortzidun bat gorago edo beherago izanagatik. Hura zen neurria edo eskala.
Larrek, pentsatzeko une bat hartu zuen.
- Ondoren, beste proportzio ezberdinekin egin zituen frogak eta honetaz ohartu zen: gure garunak gehien estimatzen dituen notak matematika-proportzio sinpleak betetzen dituztenak dira.
Esaterako, hasierako soka zatiaren bi heren 2/3 luzerako soka tenkatu eta nota atsegina iruditu zitzaion: SOL nota zen.
Beste botila bat hartu eta mahaiaren erdian jarri zuen Larrek. Honek 2/3 ur kopurua zuen.
- FA izena jarri zion hasierako soka zatiaren hiru laurden 3/4 luzerako soka tenkatzean sortutako notari. Lau notetako eskala eskuratu zuen honela. Do, Fa, Sol eta Do.
Laugarren botila ilaran jarri zuen. Lau botila zituen orain errenkan eta iparraldean bosgarrena. Azken honek zuen Do notarik garaiena.
Larrek bere azalpenarekin zerraien.
- Pitagorasek, Fa eta Sol noten tartean dagoen distantzia edo proportzioa finkatu zuen notaren neurritzat. Hots, hori zen tonua. Tonua erantsi zion Do soka luzerari eta bibratzean RE nota lortu zuen. Honi berriz ere tonua erantsi eta MI nota lortu zuen.
Bi botila mugitu zituen mahai erdira: RE eta MI. Orain, do, re, mi, fa eta do botilak ikus zitezkeen mahai gainean, txukun-txukun ilaran.
- FA nota, hiru-laurden 3/4 proportzio bidez lortua zuena aurretik, ez zegoen Mi notatik tonura, tonu erdira baizik. Hau argitu zuen eta falta zitzaizkion neurriak zehazten jarraitu. Tonua erantsi zion SOL soka luzerari eta bibratzean LA nota eman zion eta azken honi, berriz ere tonua erantsi eta SI nota lortu zuen. SI notatik DO notara, tonu erdia zegoela ohartu zen Pitagoras.
Notei zegozkien botila denak zituen ilaran dagoeneko Larrek.
- Aita, aspalditik frogatu nahi izan dut proportzionaltasun kontu hau. Entzun dezagun.
Eta makilatxoekin botilak banaka, eskalako norabidean jotzeari ekin zion: bai, notak horiek ziren eskalakoak, lortu zituen.
- Bai, aita, funtzionatu du! - gehitu zuen aitari begira. Eta orduan bertan botilak grinaz jotzeari ekion zion, musika sortu nahian, baina benetan, erritmo kaskarraz eta musikalidade eskasarekin. Gelditu egin zen Larre.
- Beno, aita. Dena ez da matematika kontua, musika-sentiberatasunak ere izango du zerikusirik, ezta? - esan zidan begi zeharka,
- Bikain! - esan nion, eta besarkada estua eman nion alabari, aspaldian entzun gabeko hitzaldirik gogoangarriena iruditu zitzaidalako.

  • Visto: 56

ESCOLA D'ESCRIPTURA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

EDITORIAL GALAXIA

AEELG

METODE

RESIDENCIA D'INVESTIGADORS

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

AELC

IDATZEN

EL HUYAR

EUSKAL ETXEA

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA