Eskolako bidea

Astebete baino gehiago pasatu da azkenekoz Mariak Gabriel ikusi zuenetik. Amari behin baino gehiagotan eskatu dio laguntza. Ospitalera joan nahi du, gauza bat dauka esateko. Azaldu dio garrantzitsua dela, baina amak ez dio sinesten. Sekretu bat dauka.

Mariak egunero egiten du eskolatik etxerako bidea. Gehienean bere 4 urteko anaiarekin batera egiten du bidea, baina egun hartan, Gabriel azkenekoz ikusi zuenean, ez zen eskolara joan gaixotu egin zelako. Batzuetan bere lehengusua ere etortzen da, baina egun hartan ez. Etxerako bidean ez dago gauza askorik, zuhaitz bakan batzuk tarteka-marteka, zabor mendixka batzuk ere badira handik eta hemendik. Oso jende gutxi bizi da Mariaren auzoan, noizean behin autoren bat pasatzen da, hautsa harrotzen du eta Mariak begiak babesten ditu, baina horrez gain, nahiko aspergarria litzateke bidea, geldialdirik ez balitz.

Egunero gelditzen da Maria ordea, Gabrielen etxetxoaren parera iristean, bisita egiten dio agureari. Mariak entzun zuen behin, zientzialaria izandakoa zela, eta gobernuarentzat lan egiten zuela, zahartu eta Mariaren auzora etorri zen arte. Baina hori duela urte asko izango zela pentsatu zuen Mariak, bera jaio aurretik han baitzegoen Gabriel, eta baita Gabrielen tramankuluak ere.

Egunero bezala iritsi zen Maria Gabrielen ondora. Hondartzako ahulki horietako batean topatu zuen, egunero bezala. Ondokoa eskaini zion Mariari.

-Bakarrik zatoz gaur?- Galdetu zion agureak.

- Bai, anaia gaixo dago. – Mariak erantzun.

Errutina markatua dute jada, aspaldi hasi zen eskolatik bueltako errutina. Maria esertzen da hondartzako ahulki zahar horietako batean, eta lehengusua etortzen bada bera ere bai. Anaia ez da aulkian esertzen, normalean lurrean esertzen da, txikia delako. Badakite ezin dutela Gabrielen etxe ingurua betetzen duten trasteetara gerturatu. Mariaren amak dio agureak zaborra biltzen duela etxean eta txatarraz beteta daukala dena. Mariak noski, ez dio inoiz amaren iritzia Gabrieli helarazi.

- Nora bidali duzu oraingoa seinalea?

- Hor nonbait dabil… Gabrielek zerura zuzendu zuen eskua, horrek zerbait zehaztuko balu bezala. Bere esku mugimenduak Mariak behar duen informazioa emango balu bezala. Errutinaren parte da hau ere.

Batzuetan, Gabriel umore onean dagoenean azalpen gehiago ematen ditu. Umore txarrez dagoenean ez hainbeste.

- Gaur zigortu egin naute. – aitortu zion Mariak- irakasleak esan du unibertso osoan lurra dela bizitza izan dezakeen planeta bakarra. Horregatik dela denetan interesgarriena.

Gabrielek barre egin zuen.

- Zer erantzun diozu?

- Ez daukala ideiarik, hori inozokeria bat dela. Guk ez jakiteak ez duela esan nahi ez dagoenik ezer. Bilatu egin behar dela, eta horrek ere ez duela ezer esan nahi. – Irribarre egin zuen Mariak, ama haserretu egingo zen jakiten zuenean irakasleari inozo deitu ziola. Baina Gabriel ez zen haserretuko, harro egongo zen.

- Agian beste norbaitek kontrakoa esango dizu- aitortu zuen agureak- baina nik uste dut ondo egin duzula. – adierazi zion begi keinu batez.

Aparatu errezeptoreri begira jarri ziren biak. Gabrielek esaten du etxe atzean daukan radarrak kanpotik honantz datorren uhinik jasotzen badu argi gorria piztuko dela. Maria ia seguru dago ordea, Gabrielek funtzionatzen ez duen traste bati begira daramala azken hamarkadaren zati handiena.

Ordubetez jardun ziren, argitxoari begira, Mariak ur baso bat edan zuen eta Gabrielek pare bat traste konpontzeko ahalegina egin.

Astebete pasatu da ordea, eta Maria oso kezkatua dago. Amak azaldu dio anbulantzian eraman zutela agurea ospitalera, eta oso gaixorik omen dago. Sekretuak ez dio lorik egiten uzten, baina amak ez dio kasurik egiten, ez da garrantziaz ohartzen. Denbora igarotzen ari zaio eta erabaki bat hartu beharra daukala konturatu da.

Eskolan mesede bat eskatu dio lehengusuari. Esan dio hartzeko anaia txikia eta eramateko etxera.
Mariak autobusa hartu du eskola aurreko autobus geltokian. Ospitalera iritsi denean, asko kostatu zaio Gabrielen zegoen gela topatzea. Han zegoen erizain bati esan behar izan dio galdu egin dela eta bere aitonaren bila zebilela, hark lagundu dio.

Beldur pixka bat sentitu du Gabriel ikusi duenean. Ohean etzanda dago, begiak itxita. Makina bat dauka ondoan. Mariak ez daki esna dagoen hala lo. Saiatu da bere izena esaten, baina badirudi ez duela entzuten. Mariak ezin du denborarik galdu, azkar iritsi behar du etxera. Hurbildu da Gabrielen belarri handira eta badaezpada ahotsa jaitsi du.

- Gabriel- xuxurlatu du- Maria naiz, entzuten didazu? Sekretu bat esan behar dizut, garrantzitsua da.

Gabrielek ez du erantzuten, baina Mariak aurrera egitea erabaki du, sekretuak eztarria erretzen dio. Ingurura begiratu du inor ez dabilela ziurtatzeko, arnasa sakon hartu eta Gabrielen belarrira hurbildu da berriz.
- Gabriel, argi gorria piztu da.

Mariak badaki agureak entzun diola, irribarre bat marraztu baitzaio aurpegian.
  • Visto: 89

ESCOLA D'ESCRIPTURA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

EDITORIAL GALAXIA

AEELG

METODE

RESIDENCIA D'INVESTIGADORS

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

AELC

IDATZEN

EL HUYAR

EUSKAL ETXEA

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA