Hitzak

Eta besterik gabe, hasiera emango diogu lehiaketari! Gogoratu, gure bi lehiakideek handiagorantz egin behar dute. Handiena zer den adierazten duenak irabaziko du, eta lehen hitza nik botako dut. Adi, hemen doa-eta: quark!
–Mesoia.
–Barioia.
–Elektroia.
–Protoia.
–Neutroia.
–Nukleoa.
–Orbitala.
Adi! Epaileek diote eztabaidatu behar dutela! Orbitala nukleoa baino handiagoa dela onartu daiteke? Barreiatuagoa dago bai, baina… Adi… Baietz diote! Aurrera jarraituko dugu beraz!
–Atomoa.
–Elemen… Ez, barkatu. Molekula.
–Partikula.
–Zelula.
–Organismoa.
–Ehuna.
–Organoa.
–Gorputz-adarra.
–Gorputza.
–Pertsona.
–Familia.
–Arraza.
–Gizartea.
–Espeziea.
–Planeta.
Eta nahiko! Honekin heltzen gara atsedenaldira! Lehiak bide interesgarria hartu du, ezustekoren bat tarteko! Epaileek ez moztea erabaki dute, jokatzen uztea, zenbait hitz polemiko azaleratu diren arren. Bestalde, bazirudien materiaren edota materialen egituretatik joko zuela bideak baina ez, izaki bizidunetatik egin du. Herrialde edo kontinente modukoak atzean geratu dira jadanik, orain handiagoen bila egin behar! Zer izango dugu bigarren txanpa honetan? Zer aurkituko dute planeta baino handiagoa? Laster jakingo dugu, bueltan baitira gure bi lehiakideak. Besterik gabe, aurrera! Gogoratu, abiapuntua planeta da!
–Eguzkia.
–Sistema.
Kontuz berriz! Oso hitz anbiguotzat jo du epaimahaiak sistema erabakia… Hausnarketan dabiltza… Gogoratu: hitza ez bada zuzena, hots, hitzak ez badu aurrekoak baino zerbait handiagoa adierazten, galdu egingo du gure lehiakideak. Ea zer gertatzen den… Ba ez! Beste behingoz onartzea erabaki dute. Aurrera beraz!
–Konstelazioa.
–Galaxia.
–Unibertsoa.
–Dimentsioa.
–Errealitat… Ez, barkatu: erlijioa.
Beste behingoz jokoa gelditu dute epaileek! Esateko asko sor ditzake erabaki honek… baina aurrera jarraitzeko diote! Hortaz, segi! Baina nondik segi daiteke? Isiltasuna egin da gelan, zalegoa urduri eta isilik dago, ea, badirudi zerbait esango duela gure lehiakideak…
–Fedea.
Hori bai hori kolpea! Fedeaz haratago zerbait al dago?
–Zientzia.
Ez genuen hori espero! Hau da hau erantzuna! Aurre egingo al dio gure jokalariak? Adi, badirudi zerbait esatear dagoela…
–Ezagutza.
Eta epaileek amaiera deitu dute, amaitu da lehiaketa! Hau erabaki polemikoa!
  • Visto: 206