Biziminez

BIZIMINEZ
- Stephen Hawking berak deskubritu eta aitortu zuen, hiltzear zela: unibertsoak amaiera bat duela, muga bat. Bidaia guztiak amaitzen direla, alegia.
Negar malkotan hitz egin zenidan. Zure begiek, ur handitan sartua zinela esaten zidaten eta ni, hur behar ninduzula. Urak bere onera etor zitezen ahalegindu nintzen.
- Baina berak ere, esperantzari ate bat irekita mantentzen zion, huts egin zezakelakoan…munduari itxaropenezko leiho bat ireki zion.
Indarge aurkitzen zinen, zure burua ezin topatuz, ahultasunak sendotasunez hartua zuelako zure barrua. Eta zure barrea. Irribarre egitea zer zen jada ahaztu zitzaizun, eta hartaz gogoratzen zinen aldiro, are eta tristeago jartzen zinen.
“Zientziak salbatuko du mundua” esaten zenidan aintzina, baina azken aldian; aintzina egiten zuen bakarra zure itxaropenik eza zen. Unibertsoa eta zerua arakatzen hainbat urte pasatakoa zinen, planetak, izarrak, galaxiak…ikuskatzen, baina jada ez zitzaizun indarrik gelditzen horretarako.
Zulo beltzetan aditua izatetik, zulo beltz batean aritua izatera pasa zara. Esne-bideak jada, zuretzat esna-biderik ekartzerik ez du lortzen; gogaitu egiten zaituelako.
Urteen poderioz metaturiko higadura baten ondorena da. “Emaitzak” eskatzen zizkizuten zure ikerketa beka ordaintzen zuten haiek. Eta zure beka-tua, emaitzak baino emariak eskeintzea izan zen. Beti zeneukan prest lan ildo berri bat ikuspuntu harrigarri batetik edo teorizazio berri bat azaltzeko, baina haiek ez zuten zure hitzik onartzen. Haiek, zenbakiak nahi zituzten.
Ordurako, zuk bazenekien zientzia ez zela matematika, baina esan bezala, hitzen algebrarik ez zuten onartzen. Eta horregatik, zure sentimenduen aritmetikarekin hasi ziren jokatzen.
Ni berriz, zure etxe berean eta aldi berean, beste planeta batean bizi nintzen. Astro eta sateliteen masak bost axola zidan, gure arteko harremanaren masa edo orea, forma galtzen ari zelako. Eta gure harremanaren dentsitatezko bertigoa handitu ahala, elkarrekin egon bai baina batera ez geundenaren jakitun nintzen. Eta gure bizitza, bizia galtzen hasi zen, kometek beren milurtetako ibilbidean isatsak galtzen dituzten bezala. Eta atzean uzten genituen lorratzek, aurrerapausorik egiten ez genuela esaten ziguten.
Eta gure unibertsoak, unibertso paralelo izaten hasi ziren, soilik puntualki elkar ukitzen zuten unibertso paraleloak, elkar laztantzea ere ahazten zitzaigun-eta.
Gure unibertsoek ertzak zituzten, min ematen hasiak ziren erpinak, izkin egitea zailak ziren izkinak.
Gure bizitzetako zulo beltza zabaltzen zihoan, gure gristasuna oso beltza zen jada. Inguruko argitasun eta energia guztia irensten jarraitzen zuen: nire eguneroko lanean, oso present zegoen gaia zen gainbeheraren aparraldi hura. Zure barruranzko ihes-abiadura, ni bidaltzen saiatzen nintzen argi-abiadura baino azkarragoa zen.Nire auto-mekanikari jardunean, kezkak olioztatzen eta gure arteko zein piezek huts egiten zuen pentsatzen pasatzen nuen eguna. Gure adiskideen gertutasuna ere, gure arteko zuloaren grabitateak lagunduta, itzaltzen ari zen. Grabitatea, grabedadea zen honezkero. Izar iheskorrak ziren, gure etsipenetik etsi-etsian ihes egin nahi zuten itsasargiak.
Gehiago ezin nuela-eta, halaxe bota dizut.
- Zure ilargia soilik izango naiz hemendik aurrera.
- Ilargia? Nik eguzkia izan zaitezen behar dut, argitasuna eta goxotasuna igorri diezadazun.
- Ez, hemendik aurrera, zuk igorri dezakezun argia soilik islatuko dut; nik argirik sortu gabe. Zure buruari zor diozu elkarrekin partekatzen dugun bide hau argitzea.
Eta orain, zure depresioak aurrera jarraitzen duen honetan, begi aurreko zapia guztiz kendu duzu. Bizitza, etengabeko mugimendua da, unibertsoa bezala; eta gure harremanaren unibertsoak beste dimentsio bat hartu beharko du, biziraun nahi badugu.
Gure unibertsoaren mugak birfinkatuko ditugu, gure mugen unibertsoak ahazteko. Eta mugak soilik, mugarri izan daitezen.
Zulo beltzetan denborak zentzua galtzen duenez, etorkizuna aurretik jarraika datorkigu, zorionez.

NEBULOSA
  • Visto: 147