Dardarka

DARDARKA
Emozioz dardarka esnatu nintzen. Diagnostikoaren oihartzuna nire barnean durunda jasan ezina bilakatu zen. Ondo esnatzeke, ametsen eta errealitatearen mugan, amildegiaren ertzean ikusi nuen aita. Ni haren atzean nengoen, inpotentzia lagun, erorketaren energia potentziala kalkulatzen: masa bider grabitatea bider altuera. Emaitzaren balore altuak zirrara sortu zuen nire barnean.

Amaren deiak erabat esnarazi ninduen. Berak ere ez zuen lo handirik egin.

-Zer dun dardarina? Behin eta berriro aipatu zinan sendagileak hitz hori eta ez ninan ezagutzen. -Dardarina LRRK2 izeneko geneak sortzen duen proteina bat da- erantzun nion zalu. -Gene horrek anomalia bat duenean, dardarinak ez du behar bezala funtzionatzen eta mutazio genetiko jakin hori izateak parkinsona garatzeko arrisku handia dakar.

- Baina aitak ez din mutazio hori, ez?
- Ez.
-Orduan ez dun Parkinsona.
-Ez.
- Zer gaitz din ba?
-Ez dakite. Egindako probek ez dute ezer arrarorik adierazten baina gaixotasuna aurrera doa. Ezezagunaren erreinu zabalean murgildurik gabiltza.- Hortxe bukatu zen gure elkarrizketa.

Atzera begira jarrita, badakit dardarinarena izan zela inflexio puntua. Handik aurrera egindako ikerketa guztiek emaitza berbera eman zuten: ezer ere ez. Aitaren gaixotasunak aurrera jarraitu zuen, etengabe, errukirik gabe, gure esperantzak banan-banan suntsituz. Boteretsua zen oso eta gure ezjakintasunak are boteretsuago bilakatu zuen.

Aita ere, bere gaixotasunean gero eta gehiago murgildu eta errealitatearekin, gurekin, ordu arte bere izan zen guztiarekin moztu eta aingura askatuz, berak bakarrik ikusten zituen itsaso zabal eta ilunetara abiatu zen. Orduak ematen zituen hasieran ur haietan. Ondoren, orduak egun eta aste bilakatu ziren eta itsasoa ozeano.

Berak itsaso hura nola, nik zientzia besarkatu nuen hala. Ezin nuen atsedenik hartu. Ikusten nuen ezezagunak aita nire ondotik zeramakiela, egunero-egunero aldentzen zuela niregandik eta munstro horri aurre egiteko prestatu nintzen. Entzimak, proteina ezberdinen metabolismoa, neurotransmisoreak, neuronak, botika umezurtzak, sindromeak, sintomak, tratamendu esperimentalak … Ez nuen ezer alboratzen. Gaixotasun hark eduki behar zuen zirrikituren bat eta nik aurkituko nuen.

Ez zen horrelakorik gertatu ordea. Ezta nire amak sinesten zuen mirakulurik ere. Gaixotasunak tristura ekarri zuen gure bizitzetara eta horrek etsipena.

Neguko eguerdi eguzkitsu batean, itsasoaren haserrea ikustera eraman nuen. Malekoiko banku batean eseri eta olatu handi eta zakarrei begira jarri ginen. Itsasoren sinfonia itzela zen. Atzera eta aurrera, atzera eta aurrera. Etengabe sortzen eta desegiten ziren olatuak. Txikiak, handiak, apartsuak, aparrik gabeak, ahulak eta boteretsuak. Denen patua berbera zen. Sortu, itsasertzean lehertu eta berriro ere sorburura itzuli. Hipnotizagarria zen guztiz. Bizitzaren parabola. Mekanika eta metafisika DNAren helize bikoitza bezala kiribildurik. Beso bakoitzaren izatea ezin bestearena gabe ulertu.Ez dakit zenbat denbora eman genuen fenomeno harri begira, isilik, bakoitza geure pentsamenduetan murgildurik.

-Itsasoak garuneko alfa uhinak aktibatzen omen ditu- esan nion halako batean aitari. Irakurri berri nuen artikulu batean horixe aipatzen zuten. Aita nire ondoan nuela jabetu nintzen berehala.
- Alfa uhinak?- galdetu baitzidan apur bat harriturik.
-Bai, uhin hauek erlaxaturik gaudenean sortzen dira, lokartzera goazenean, hondartzan edo mendian eguzkia hartzen ari garenean …
A! izan zen aitak erantzun zidan gauza bakarra eta gustura geundenez, itsasoari begira jarraitu genuen.

Ez da erraza betirako agur esatea. Ez gaude prestaturik, ez ni behintzat. Sendagileak aita azkenetan zela eta bere eta gure esku zegoen guztia egin genuela esan zigunean, zulo beltz batean ondoratu nintzen. Ezin nuen sinetsi. Zientziaren eta teknikaren aurrerapen izugarriak eskura izanik, nola zen posible egiteko guztiak eginak izatea? Ez zen posible. Egon behar zuen egoera aldatuko zuen zerbait. Sendagilearengana joan nintzenean, ordea, lasaigarri eta antidepresibo errezeta bat izan zen eskaini ahal izan zidan laguntza bakarra. Etxera joan eta negar egin nuen. Inoiz ez bezala negar.

Azken aldera, gau eta egun egoten ginen aitaren jiran. Ama eta biok txandanaka pasatzen genituen gauak bere ohe inguruan. Agur esan aurreko egun haiek bazuten azal ezina den zerbait berezia. Agurraren berehalakotasunak ordu arte inoiz bizi gabeko intentsitatea ekarri zuen.

Gau haietako batean, goizaldera, ezinegona nitaz jabetu eta lorik ez nuela egingo jakinda, jaiki eta zaratarik atera gabe, gurasoen saloiko apalategiak miatzen hasi nintzen. Ez nuen ezer berezirik topatzerik pentsatzen, aurkitu nuenak, ordea, zirrara bortitza sortu zuen nigan. Beheko apalean, liburuen aurrean, mila bider ikusia nuen argazki bat zegoen: ni haurra nintzela, aitarekin hondartzan. Aita irribarretsu zegoen nire ondoan makurturik, ni berriz, eguzkitik babesten ninduen txapela buruan, serio nengoen. Harritu ninduena markoan kateaturik zegoen paper zatia zen. Esku dardaratiz hartu nuen eta begien aurrean jarri. Listua irentsi nuen. Arkatzez eginiko hiru ikur zeuden idatzirik: alfa, omega eta hauen azpian olatutxo bat zirudien marra oker bat. Aitak egina zen zalantzarik gabe.

Alfa eta omega, hasiera eta bukaera. Negarrez hasi nintzen eta handik gutxira ama azaldu zen beldurra aurpegian zizelkaturik.

-Zer dun?

Paper pusketa eta argazkia erakutsi nizkion hitzik egin gabe.

- Aitak idatzi zinan orain denbora bat eta argazki horretan jartzeko eskatu. Ez nekinan zer esan nahi zinan, baina beretzako garrantzitsua zela zirudinan eta eskaturikoa egin ninan.

Aitak nik baino erantzun gehiago lortu zituela pentsatu eta malkoak lehortu nituen. Argazkia eta papera bere lekuan jarri eta aitaren ondora itzuli ginen biok.

Handik egun batzuetara hil zen gure malko eta dardara artean.
  • Visto: 447