"ETA TONTOA NI NAIZ"

“ETA TONTOA, NI NAIZ!”
Abene inspektorea kopilotuaren eserlekuan zegoen. Ez zion begirik kentzen errepidearen bestaldean zegoen etxetzarraren burdinazko ateari. Harrapakina bertan egongo zen?
Furgoneta txuri bat errepidetik atera zenean hasi zen dena; herenegun. Isurkariz betetako kristalezko ontzitxo marroiak zeramatzan. Komisarioak, berari, Abeneri, propio deitu zion bulegora goiz hartan. Lankideek entzuteko moduan esan zion, ozen:
- “Furgoneta txuria” kasuaren ikertzaile izendatzen zaitut! – Emozioak ez zion, Abene gizajoari, lankideen irribarre txikiak entzun eta elkarri bota zizkioten begirada konplizeak ikusten utzi.
Furgonetaren jabea aurkitu behar zuen. Gidaria ospitalean egonda, beste informazio iturri batzuk esploratu zituen. Matrikulari esker iritsi zen zirkulazio zergaren ordaintzailearengana. Ezaguna zuen: hilabete batzuk lehenago, lagunak aholkatu zion petrikiloa, Samuel.
- Desorekatuta zaude Abene …
- Hara!
- Bizi-indarra lehengoratu behar duzu …
- Indarra sobera daukat! Eta bizitzeko gogoa ez, grina!
- Ez naiz horretaz ari, Abene, organismoaren potentzial erreaktiboa orekatu beharraz, baizik – Berrogeita hamarna euroko zortzi kontsulta, alferrik. Abeneri, okulistak graduatutako betaurrekoek sendatu zizkioten buruko minak.
Mendekuaren unea etorri zitzaion. Plana: iruzurgilea atxilotzea. Bakarrik ezin zuen, ordea. Komisarioari, Jorge, polizia-etxean praktikak egiten ari zen ikaslea, laguntzaile izendatzeko eskatu zion:
- Zertarako?
- Susmagarriaren etxean sator-lana egiteko – Komisarioak bi eskuekin estali zuen aurpegia. Ikasle gogaikarria paretik kenduko zuen behintzat!
Jorge, informazio biltzaile bikaina suertatu zen.
- Gaixotasunak ez direla existitzen? Nola da posible hori?
- Halaxe da, nagusi! – Jorge, zerbait garrantzitsua aurkitu zuelako, harro – Gaixotasunak ez, gaixoak daudela esan zidan Samuelek, eta mediku alopatak oker daudela azaldu.
- Alo … zer?
- Sendagile alopatak, ofizialak. Eritasunak deskribatu, konparatu eta klasifikatzea alferrikakoa omen da, sintomak eta zeinuak pertsona bakoitzarenak direlako, espezifikoak, propioak – Jorgek segapotoa atera zuen eta Abeneren belarrira hurbildu – “Pertsona bakoitza singularra, errepika-ezina bada, gaixo bakoitza gaixotasun diferentea da; beraz, gaixo adina gaixotasun dago” – Grabatuta daukat dena, nagusi!
- Arranopola! Gure harrapakinarendako, birusak, mikrobioak eta bakteriak ikertzea alferrikakoa da. Txertoak, anestesiak, DNA, edota pilula antikontzeptiboak sortu edo aurkitu dituen metodo zientifikoa alferrikakoa da. Lan bikaina Jorge!
- Eskerrik asko nagusi!
- Ez pentsa ni arpa jotzen ibili naizenik. Badakit zer den kristalezko ontzitxo marroiek zeramatena!
- Zer?
- Ezin dizut ezer esan – Abenek ez zuen ikerketaren protagonismoa galdu nahi – Goazen alproja hori atxilotzera!
Hantxe zeuden, metroko harresiz inguraturiko etxearen aurrean, automobilean sartuta, susmagarria bertan ote zegoen konprobatzeko. Jauregi ere dei genezakeenaren burdinazko atea apaintzen, Jorgek ulertzen ez zuen leloa:
- “Similia similibus curantur”?
- Ez nazazula despistatu! Adi! Etxeko ataria irekitzen ari da!
Samuel zen, txabusina eta etxeko zapatilak jantzita haiengana zihoan. Iniziatiba hartu zuen Abenek kotxetik jaitsita:
- Samuel, atxilotuta zaude! Jorge! Irakurri iezazkiozu eskubideak! – Moldakaitz, lortu zuen susmagarria atzeko eserlekuan eseraraztea.
- Polizia-etxera, azkar! Eta orain – Abenek, lepoa biratuta – Esplikatu iezadazu zertarako sartzen duzun ura eta alkohola kristalezko ontzi horietan.
Atxilotuak ez zirudien urduri. Komisarioak, aspaldiko pazienteak, esana zion, agian, agente baten bisita jasoko zuela. Berehala ezagutu zuen Abene eta paziente plantak egiten agertu zen polizia-gaia. Hitz egiten hasi zen, denbora pasatzearren:
- Botika da botilatxoetan dagoena.
- Botika? Laborategiko analisietan ura eta alkohola besterik ez dira agertzen eta!
- Anduia homeopatiko zatitxoa diluitzen dut alkohol eta uretan. Diluzio hori behin eta berriro egiten dut alkohol eta ura besterik ez duten beste ontzi batzuetan, disolbatzaile eta solutu kopuruaren arteko zatidura infinitesimala lortu arte. Hots, eta zuk ulertzeko, botika nahasten dut ura eta alkohola duen isurkian; nahasketa hori ura eta alkohola duten ontzi berrietan botatzen dut berriz, prozesua behin eta berriro errepikatzen dut. Ondorioz …
- Ondorioz, solutua edo dena delakoa erabat diluitua, ura eta alkohola besterik ez den likidoa lortzen duzu ...
- Ez!
- Ah! Ez?
- Ez, urak memoria duelako! Ura botika izan duela akordatzen da! Eta propietateak gordetzen ditu!
Abenek eta Jorgek kotxean egin zituzten algarak mututu egin ziren polizia-etxeko sarrera zeharkatu orduko:
- Abene, inozo halakoa, ergela, tuntuna! Ez nuen uste horrelako petralkeriarik egiteko gai izango zinenik! Aska ezazu oraintxe bertan Samuel Christian Hahnemann doktorea – Komisarioa sutan zegoen, deiadarka, orroka – Utz ezazu plaka mahai gainean!
Abene, lana eta soldatarik gabeko hirugarren egunean, liburua ari da irakurtzen parkean. Jorge hurbildu zaionean, ozen hasi da:
- “Similia similibus curantur: Pertsona sanoan hainbat sintoma sortzeko kapaz den sustantzia orok, sintoma horiek sendatuko ditu pertsona gaixoan, eta alderantziz. Gaixoaren sintoma bat sendatzeko, pertsona osasuntsuan sintoma hori eragiteko gai den sustantzia erabili behar da” – Abenek liburua itxi zuen – Hau da, antzekoak antzekoa sendatzen du. Sukarra sendatzeko, sukarra eragin behar, paludismoa sendatzen duen botikak, paludismoa eragiten du, edo, loezina sendatzeko, anfetaminaren diluzio infinitesimala hartu behar!
- Ea ulertu dudan nagusi. Bizi-indarra deitzen dioten zerbait ikusezin eta antzemanezinak gaixotzen du pertsona; gaixotasunak ez dira existitzen; urak memoria dauka eta buruko mina sendatzeko, burukomina eragin behar da?
- Eta ni naiz tontoa, Jorge; ergela eta leloa, ni naiz!
- Ez nagusi, zu azkarra zara, baina homeopatia, legala.
Jorgek eskuarekin egin zion gonbidapena onartu eta liburua poltsan sartu ondoren, elkarri sorbaldatik helduta, norabide jakinik gabeko pasiera hasi zuten.




  • Visto: 159