Neure espirala

Ez dakit zergatik testu hau idazten ari naizen, beharbada neure ordenagailuan geratuko da betiko, ez dakit, baina, idazteko daukadan gura hau ezin dut geldiarazi.
Nire sorbaldetan pisu ikaragarria sentitzen dut momentu hauetan, ni neuk eraginda, nire ingurumenak eraginda, nire lagunek eraginda… Ez dakit, baina, orain, guztiarekin akabatzea baino ez dut nahi; motxila bat hartzea, lau arropa zahar sartzea bertan eta alde egitea.
Aske izatea, bai, aske. Sentitzen ditudan kate guzti hauek haustea eta uso baten eran hegan egitea. Nire gorputza aske sentitzea eta norabiderik gabe edonondik joatea, baina azkar batean hitz horiek zerbait gogorarazten dit.
Nire norabidea espiral bat dirudi orain, dagoeneko saiatu naiz espiral hori zeharkatzen nire buruko mapan, baina guztietan galdu egiten naiz amaieran irteera kartela ikusten dudanean.
Lasaitasuna behar dudala esaten didate nire buruko pentsamenduek, baina hots batzuk etortzen zaizkit burura: fisika. Ene! Bihar indarren azterketa daukat, oraindik gogoratzen dut gaur irakasleak egindako erakustaldia: aulki bat klase aurrean jarri eta pisuari buruz hitz egiten hasi da, bere ahotsak horrela zihoen: “Gorputz bat altxatzeko, Pisu indarra gainditu behar dugu, hau da pisuak eragindako indarra gorputz honetan 1.22 newtonekoa balitz, indar hori gainditu beharko dugu, bestela ez dago gorputza altxatzerik”. Egia da ez zaidala asko inportatzen biharko azterketa, nire bizitzan zehar egin ditudan azterketa guztien artean, gutxi batzuk baino ez naute kezkatu; lasaitasunez hartzen ditut azterketak horiek hasiera batean, baina, bat batean, nire neuronek nerbio bultzada azkarregi transmititzen hasten dira, nire buruak ezin du sinetsi eta, dena kontrolpean dudala pentsatzen dudanean, nire eskuineko hanka dar-dar egiten hasten da.
Egoera hori hastean, hurrengo prozesua gertatzen zait guztietan: hanka gero eta arinago doa, burua gero eta arinago doa, hanka gero eta arinago doa, burua gero eta arinago doa… Eta horrela dena kalkulatzen saiatzen naizen arte: hankaren abiadura, zenbat denbora gehiago egongo naizen horrela… Baina azkenean, betiko eran zerbait falta zait, ezin ditut kalkuluak amaitu eta konturatu naizenerako nire hanka gelditu eta azterketa hasi da.
Beti berdin, denbora falta, beti denbora faltan dago. Denbora falta azterketa egiteko, denbora falta nire hankaren azelerazioa neurtzeko, denbora falta nire bizitza neure egiteko eta denbora falta espiral amaigabe hori zeharkatzeko.


Gaur berriz ere nekatuta nago. Fisika azterketak ez nau nekatu, egia esaten badut, oso egun ona neramala pentsatzen nuen, txirrinak bosgarren aldiz jo eta azkenaurreko klasea hasi den arte. Institutuko orientatzailea etorri zaigu gaur, eta lehengo ostiralean bezala hizketan hasi da: batxilergoa, unibertsitatea, ponderazioa… Eta berriz ere, dar-dar hasi da nire eskuineko hanka.
Berriro denbora falta. Batxilergoa aukeratzeko denbora falta, marrazketa edo biologia aukeratzeko denbora falta, aske izateko denbora falta...
Berriz saiatu naiz aske izaten neure buruaz baliatuz, baina berriz ere nire pentsamenduen espiralean amaiera gertu dagoela ustean, inoiz baino okerrago sentitzen naiz. Nire espiralean zehar korrika jarraitzen dut nahiz eta jakin espiral hori ez dela inoiz amaituko, baina espirala infinitura arte luzatzen den bitartean nire pentsamenduetan galtzen naiz.
Neure mihiak zerbait dastatzen hasi da, ez dakit zer den baina hori espiralak argituko didala uste dut, nire pentsamenduak infinitura arte luzatzen diren bitartean.
  • Visto: 134