Bi heroiak


Bazen behin, zientzia asko maite zuen gizon bat, txikitatik gustukoa zuena. Ibiltzen ikasi zuenetik denbora guztian zebilen gauzak behatzen eta ukitzen, eta mundua deskubritzeko irrikaz zegoen. Hazten joan zen heinean, handitzen joan zitzaion zientziarekiko zuen pasioa eta horrek zientziarekin erlazionaturiko ikasketak egitera eraman zuen. Jendeari laguntzea asko gustatzen zitzaion eta horregatik mundu osotik bidaiatzen ibili zen. Batez ere hirugarren munduko herrialdeetara joan zen, kultura eta bizimodu berriak deskubritzeko asmoz, eta jendeari egunerokotasunean zituen arazoekin laguntzeko ideiarekin. Mundua deskubritzea ikaragarri gustatzen zitzaion.

Hirugarren munduko gaixotasunei buruzko lanak egin zituen, botika berriak deskubritu eta haien jatorria nondik zetorren jakitea helburu zuena. Bere bizitzako lanik garrantzitsuena tuberkulosiari buruzko ikerketekin lotura izan zuen, baita gaixotasun hau sendatzeko botika mundu guztiarentzako eskuragarri izatea ere, dirurik ez zutenen eta bizitza gogorra zeramaten pertsonei eskuragarri izateko eta ahalik eta bizitza gehien salbatzeko asmoz. Gaixotasun horri buruzko lanak egin izanak, bere bizitzan oso garrantzitsua izandako pasarte batengatik izan zen, pasarte honengatik hain zuzen:

Gaztea zenean, bere bizitzako unerik latzena pasa zuen, hau da, bi urte gehiago zituen anaia gaixotasun batez hil zen. Bere anai nagusia asko maite zuen, beti edozertarako laguntzen zion eta harentzako bere lagunik onena zen. Bera galtzean hutsune handi bat sortu zen familian. Bere gurasoak oso gaizki zeudela ikustean, egoera hori konpontzeko zerbait egin behar zuela erabaki zuen,horregatik, indar guztiak atera eta bere gurasoak Nepalera eraman zituen, bertan heriotzaren ikuspegia desberdina zelako eta horrek bere gurasoak hobeto egotea egingo zuelako.

Nepalen, heriotzaren ikuspegia ez da hemengoa bezalakoa. Bertan hiletak ez dira hemen tristeak diren bezalakoak; han, norbait hiltzean festa bat egiten dute haien ustez heriotza ez delako bizitzaren amaiera, bizitzaren beste etapa bat baizik. Haien ustez hil ondoren bizitza berri bat hasten da, aurreko bizitzan ikasi ez ditugun gauzak ezagutzea egingo diguna.
Gizona, haurra zela, bere gurasoek ikuspegi hori jaso zezaten eraman zituen Nepalera, eta pentsatzeko modu horrek heriotzaren kontua errazago egitea lagundu zuen familia osoa.

Arratsalde batean, buelta bat ematen ari zirela, bost urteko ume bat hurbildu zitzaien, eta haiekin jolasean hasi zen. Mutiko jatorra zen, ia ez zekien gaztelaniaz hitz egiten, bi hitz soilik zekizkien espainiarrez eta beste bi hitz italiarrez, eta zekien horrekin komunikatzen saiatu zen familiarekin. Umeak Nepaleko toki berezienak erakutsi zizkien, egunero familiarekin elkartzen zelako lauretan herriko plazan. Espainiara bueltatzeko eguna iritsi zenean, familiari pena asko eman zion ume hartaz banantzea, hark erakutsi zielako bizitza gogorra izan arren pozik bizi zitekeela.

Espainiara iritsi zirenean familiak bere zereginekin jarraitu zuen. Galdutako senideaz gogoratzen jarraitu ziren, baina ez aurretik zuten tristurarekin. Bestalde, gizonak zientziaren munduan jarraitu zuen lanean eta egunero gogoratzen zen Nepalen ezagututako ume hartaz. Gau batean, lotan zegoela ume harekin amestu zuen, baina ez zen amets gozoa izan, gazia baizik. Esnatutakoan, sentsazio arraro bat zuen gorputz barnean, amestutakoaz ez zen guztiz gogoratzen, bakarrik Nepaleko ume hari buruz amestu zuela oroitzen zen. Sentsazio arraro horri esanahia bilatu nahian, Nepalera bueltatzea erabaki zuen, eta hala egin zuen, hurrengo goizean hegazkin bat hartu eta Nepalerantz abiatu zen. Duela zenbait urte ezagututako ume hura aurkitzeko asmoa zuenez arropak eta jostailu batzuk eraman zizkion hari oparitzeko. Bertara iritsi eta segituan herriko plazara abiatu zen, han jolasten egongo zela pentsatu zuelako, eta hala zen, han aurkitu zuen. Umearengana hurbildu zen eta umeak gizona ikustean emozioagatik negarrez hasi zen. Bost urte pasata haurra asko hazita zegoen, baita aldatuta ere, baina osasunaren aldetik ez zegoen egon behar zuen bezala, garuneko tuberkulosia baitzeukan. Gizona, egoera hartaz jabetu zenean, zerbait egin behar zuela erabaki zuen, bestela ume hori, bere herrialdeko egoera eta bizimodua zela eta ezin izango zuelako aurrera jarraitu eta urte batzuen buruan gaixotasun horrek heriotza ekarriko liokeelako. Horregatik, zegoen irtenbide bakarra Espainiara harekin eramatea zen, bertan teknologia aurreratua zegoelako eta gaixotasun harentzako botika eskuragarri izango zutelako pentsatuz. Espainiara iristean, gaixotasun hartaz informatu egin zen gizon hura, baina ez zituen hark espero zituen emaitzak lortu, garuneko tuberkulosiarentzako botika oraindik aurkitzeko bidean zegoelako. Emaitza hauen ondorioz, ume horren eta egoera berdinean zeuden pertsona gehiagoren bizitza salbatu nahian, gau eta egun lanean jarri zen gaixotasun harentzako botika bilatzeko. Hiru urtez denboraren aurka ibili behar izan zuen, umearen bizitza jokoan zegoelako eta hura zelako salba zezakeen bakarra. Lan gogorraren ostean, botika bat egitea lortu zuen, baina ez zekien baliagarria izango zen edo ez, horregatik, umeari eman baino lehen, laborategi batera eramatea erabaki zuen, botika horrekin probak egiteko, pertsona bati kalteak sortu aurretik. Bi hilabeteren ostean, botika baliagarria izan zitekeela esan zioten eta horrenbestez umeari eman zion. Hasieran efekturik egiten ez zuela iruditu arren, denborarekin umearen egoera hobetuz joan zen eta ondorioz umea sendatu egin zen. Emaitzak hain onak zirela ikustean, botika gehiago egitea erabaki zuen, horretarako umearen laguntza izanez. Ondoren, Nepalera bueltatu ziren berriz gaixotasun hau zeukaten pertsonak laguntzeko. Pixkana pixkanaka botika hau aurkitu izanaren berria munduan zehar zabaltzen joan zen, ondorioz, diru asko jaso zuten eta lortutako guztiarekin mundu osotik bidaiatu zuten bizitzak salbatuz. Bi heroi izan ziren.

  • Visto: 76