AMONA, SAKELAKO TELEFONOA ETA METODO ZIENTIFIKOA

Abuztuko lehen egunetan hasi zen dena, Gasteizko jaietako egun batean. Tren geltokira heldu eta amonaren etxera joateko bidea hartu nuen. Dato kalea jendez gainezka zegoen eta Andra Mari Zuriaren plazatik geroz eta hurbilago egon, orduan eta jende gehiago pilatzen zen kaleetan. Erasmus proiektuarekin Estatu Batuetan urte bat ikasten pasatu nuen eta, dena berdin-berdin jarraitzen zuela zirudien. Hasieran ez nion garrantzirik eman aurrean gertatzen ari zenari, baina kaleko pertsonak behatuz konturatu nintzen guztiek sakelako telefonoarekin zeudela, heldu nahiz gazte, denek zeukaten mugikorra eskuetan. Batzuek argazkiak ateratzeko, besteek pasa den egunean deskargatu berri zuten jokoan jolasteko. Gazteenek ondoko lagunarekin hitz egiten zuten txat bitartez, helduagoek seme-alabei grabatutako azken bideoak edo aitaginarrebak bidalitako bideo txotxoloak erakusten zizkieten ondoko guztiei.

Amonaren etxera hurbiltzen nintzen bitartean nire burua milaka galderaz erasotua izan zen. Etengabeko bonbardaketa bat jasan nuen. Galderaz josita nengoen eta ez nuen bat bera ere erantzuteko gaitasunik. Zergatik jendeak ez du burua sega-pototik altxatzen? Zer ikusten dute plastikozko pantaila horien atzean? Igortzen dituen uhinek eta bateria osatzen duten elementu toxikoek burua xurgatu edo desegingo al zieten? Ez al dira konturatzen makina malapartatu horrek bizitza kentzen diela? Horrelako galderak etengabekoak ziren nire garunean eta nire buruak eztanda egingo zuela nabaritu nuenean, heldu nintzen amonaren etxera. Amonak beti laguntzen ninduen, eta egun horretan ere, bere janari goxoekin eta bere umore onarekin, nire burua erantzunik gabeko galderetatik aldentzea lortu zuen.

Bazkal ostean, etxeko sofan eseri nintzen eta goizean ikusitakoari erantzunak bilatzen hasi nintzen. Nik eskuko telefonoa eduki arren, kalera ateratzen nintzenean ez nuen denbora osoan eskuan eramaten. Komunikatzeko oso tresna egokia eta baliagarria iruditzen zitzaidan, baina sortzen zuen menpekotasuna izugarria zen. Asko pentsatu ondoren, hipotesi bat planteatzea lortu nuen. Mugikorrak menpekotasuna sortzen du eta horrek jendea bizitzeaz ahaztarazten du.

Huskeria iruditu arren, gai honi buruz interesatzen hasi nintzen eta, esperimentu erraz batzuei esker, planteatu nuen hipotesia frogatzea erabaki nuen. Jende desberdinaren erreakzioak, leku desberdinetan aztertu nituen. Kaletik paseatzerakoan, autobusa, trena edo beste garraio publikoa hartzen nuenean, tabernetan… Aste pare bat eman nuen kaleetan zehar jendearen telefonoaren aurreko portaerak aztertzen. Hurrengo pausoa jendearen erreakzioak, eskuko telefonorik gabe behatzea eta aztertzera izan zen. Horretarako lagunekin proba egin nuen. Asteburua pasatzera landa-turismo batera joan ginen, aldez aurretik lagunei eskatuta sakelako telefonoak ez eramatea. Horrela, bi esperimentuen emaitzak aldera nitzakeen.

Nire ondorio guztiak garbira pasatzen nenbilen etxeko txirrina entzun nuenean. Atea ireki eta bertan amona azaldu zen. Berak egindako sagar-tarta goxo-goxoa ekartzen zuen. Biontzat kafesnea prestatu nuen eta berarekin eseri nintzen.Tartaz goxatzen genuen bitartean nire gradu amaierako lanari buruz galdetu zidan. Orduantxe konturatu nintzen, proiektua hasi gabe neukala eta aste bat barru entregatu behar nuela. Zakurraren putza! Interes gehiegi jarri nuen mugikorren gai malapartatuan eta, guztiz ahaztu zitzaidan hain inportantea zen lana. Oso urduri jarri nintzen. Amonak, nire larritasunaz ohartuta, bere ahots lasai eta gozoarekin gradu amaierako lana salbatuko zuen ideia proposatu zidan. Sega-potoekin egindako ikerketa, gradu amaierako proiektu gisa erabiltzea. Hasieran txoroen ideia bat zela pentsatu nuen, baina azkenean, ideia hori aurrera eramatea erabaki nuen, datorrena datorrela. Egun horretan ere amona nire amabitxi bilakatu zen.

Amona arratsaldero etortzen zen laguntza behar al nuen ikusteko eta, buru belarri aritzen ginen ikerketaren datuak komentatzen, horrela lana aurrera zihoan. Lagunekin pasatu nuen asteburuan lortutako emaitzak izan ziren lanaren oinarri nagusia. Argi eta garbi ikusi nuen jendea mugikorrik gabe bizitzeko beldurra zeukala eta hori gertatzen zenean sintoma ugari jasaten zituztela: urduritasuna, beldurra, samintasuna… Umeetan aldiz sintomak eta beraiengan sortutako ondorioak okerragoak ziren. Txiki-txikitatik mugikorra eskuetan izateak mugikorrik gabeko bizitza bat ezinezkoa dela pentsatzea sortzen zien eta, horregatik oso gaizki pasatzen zuten. Gainera, mugikorrak irudimena, jolasteko eta kirola egiteko gogoa errotik kentzen ziela ikusi nuen. Hasierako hipotesiak esperimentuen bidez egiaztatu ondoren teoria zientifikoa borobildu behar nuen. Amonaren hitzetan, “gogozko tokian aldaparik ez”

“Mugikorrak menpekotasun handia sortzen du pertsonengan eta menpekotasun horrek gaixotasun izatera heldu daiteke. Menpekotasuna daukaten pertsonek beldurra daukate aparatu hau gabe geratzeko eta, horregatik sakelako telefonorik gabe geratzean sintoma hauek jasaten dituzte: urduritasuna, samintasuna, ezegonkortasuna… Hau ume txikiengan okerragoa da.”

Gradu amaierako proiektua aurkezteko egunean oso urduri nengoen. Baina aurkezpena egiten hasi nintzenean amonaren hitzak gogoratu nituen: “zu honetan jantzita zaude beraz urak egingo du bide!”. Dena ongi baino hobeto jardun zuen eta noski, kanpoan amona zegoen zain.

Leku askotan jendea gaixotasun honetaz diagnostikatzen hasi zen eta nire lana eredu izan zen. Nik egindako aurrerapen eta aurkikuntzei esker jende asko laguntza jaso zuen.

Hurrengo ikerketa lanari ekin nion. Egiaztatzeko hipotesia: “amona eduki” atsotitza, egia ote? Horretarako esperimentu bat diseinatu, emaitzak jaso, aztertu, ondorioak atera eta hipotesia egiaztatu edo baztertu… Baina teoria dena eta egia borobila: amona bikaina dut.
  • Visto: 296