Bidaia

Aireportutik irtetean ama aurkitu dut nire zain. Elkar besarkatu eta kotxez etxeranzko bidea hartu dugu.

- Zer moduz bidaia?
- Ondo, beti bezala - esan orduko ohartu naiz hanka sartzeaz.
- Beti, beti, ez dakit ze betiri buruz ari zaren, garai batean bezala esan nahiko duzu. Urte bete pasa zoaz etorri gabe, seme.

Gaiak irten beharra zuen. Entzun beharrekoa entzun eta gero, gaiz aldatu eta kito.

- Zer moduz dago?

Amak hasperen egin du erantzun aurretik.

- Nik oso gaizki ikusten dut. Hilabeteak doa etxetik irten ere egin gabe. Garajean sartzen da eta han ematen ditu orduak, bere gailu eta tresna artean galduta. Nik zaratak entzuten ditut, batzuetan bera ere entzuten dut, bakarrizketan, baita haserre edo pozezko oihuak eginez ere.

Buruarekin ezetz egin du eta isildu egin da une batez. Indarrak hartu eta gero kontakizunarekin jarraitu du.

- Arduratuta nengoen oso eta bere lagun minei deitzea erabaki nuen.
- Jokin eta Anderri?
- Hori da.
- Eta zer esan zenien? - galdera jakin minezkoa balitz bezala saiatu naiz egiten, nahiz eta berez ardurazkoa eta gaitzespenekoa den, bai baitakit erabaki horrek anaiari ez ziola batere graziarik egingo.
- Zer esango nien ba? Zure anaia gaizki dagoela, laguntza behar duela, hilabeteak doala etxetik irten ere egin gabe, bakarrik hitz egiten duela eta horrela jarraitzen badu erabat jota amaituko duela. Ez al zaizu lagunei deitzeko nahikoa arrazoi iruditzen?
- Eta zer gertatu zen? Etorri al ziren etxera?
- Etorriko ez ziren ba! Baina zure anai egoskor horrek ez zien kasurik egin. Proiektu garrantzitsu batean lanean ari zela eta bakarrik uzteko eskatu zien, lasai egoteko, proiektua amaitutakoan joango zela eta bera beren bila. Jokin eta Ander etorritako bidetik itzuli ziren, eta orduan zuri deitu nizun.

Hortik aurrerakoa nik dakit amak baino hobe. Etxera etortzeko eskatu zidan, hegaldiak merke baleude bezala, baina nik lehenengo anaiarekin telefonoz hitz egin nahi izan nuen. Egia esan hizketaldiak arduratuta utzi ninduen, aztoratuta sumatu nuen oso. Berebiziko proiektua gauzatzear omen zegoen, erabateko sekretuan eraman zuena, amari ere ezer esan ez ziona. Egun batzuetan amaituta izango omen zuen eta, ni etxera itzuliko banintz, nire itzulera probestuko omen zukeen proiektuaren emaitza guri erakusteko. Ea ondoren beste proiekturik zegoen galdetu nion, ama arduratuta zegoela oso, kalera irten beharra zuela lagunengana haize pixka bat hartzera. Ez omen zegoen beste proiekturik, momentuz, eta mesedez etxera itzultzeko eskatu zidan, urte bete pasa nindoala eta etorri gabe. Beraz, hemen nago.

Etxerako falta den zatia isilpean egin dugu. Heldu garenean garajeko atea zabalik topatu dugu, argia piztuta eta anaia zutik gure zain, lan mahaiz, tresnaz eta gailuz inguratua. Mahai gainean zapi zuri batez estalitako zerbait dagoela ohartu naiz. Elkar besarkatu dugu, indartsu, luze. Barre egin dugu. Bata besteari begira geratu gara, eta hitza hartu dut:

- Ez al didak hilabeteetan zehar garaje zahar horretan giltzapetuta eduki hauen proiektu madarikatu horren emaitza erakutsi behar?
- Ze pazientzia eta glamour gutxi duan, motel.
- Ozeano oso bat gurutzatu diat hori ikusteko, txo!
- Ondo zagok, hator garajera. Etorri zu ere ama, zuri ere asko zor dizut eta, orain arte ez baitizut ezer esan. Prest al zaudete?

Izugarrizko zirrara sentitu dut. Ez dakit anaiaren hilabeteetako lanaren emaitza ikustear nagoelako izan den, edo burutik sano ala erabat jota dagoen juzgatzear nagoelako izan den. Irribarretsu, zapia altxa du. Gailu bat azaldu da, ispilu batzuekin, pantaila digital txiki batekin eta zertarako diren antzematen ez dudan erdi borobil itxurako mekanismo batekin. Zeharka, amari begiratu diot. Ni bezala ikusi dut, irribarretsu, bere buruari parean duen gailu hori zer demontre den galdetuz; bere buruari seme gazteena erabat jota dagoen edo ez galdetuz. Hitza hartu dut.

- Itxura ederra zaukak horko gailu horrek, baina badakik ni horrelako gauzetarako ez naizela batere abila. Zer demontre da?
- Sestante digitala.

Sestantea. Zer dakit nik sestanteei buruz? Mendeetan zehar nabigatzeko erabili izan direla, baina horiek aspaldiko kontuak dira, zertarako digitalizatu gutxienez mende bat zaharkitua dagoen gailu bat? Galdera hauek buruan ditudala amak hartu du hitza.

- Eta zertarako balio du tresna horrek?
- Distantziak neurtzeko. Labur esatearren, sestante batek bi punturen arteko angeluak neurtzen ditu; informazio hori ondo erabilita, bi puntu horietarako batera dagoen distantzia neurtu daiteke bere bitartez, edo itsas almanaka erabiliz, neurketa egin den latitudea ere jakin liteke. Kontua da orain arteko sestanteek angeluak gradu eta minututan eman zitzaketela baina ez segundoetan; nire hobekuntzari esker, digitalizazioari esker, sestantea askoz erabil errazagoa da, baita askoz zehatzagoa ere, angeluak gradu, minutu eta segundoetan ematen baititu!

GPSaren garaian, Google Earth bitartez etxeko teilatuan okertuta dituzun teila kopurua jakin dezakezun garaian, anaiak sestantea digitalizatu du, hilabeteak garajetik irten gabe eman eta gero. Eta ikaragarrizko irribarrea du aurpegian. Ziur naiz gainera gailuak bere egitekoa ondo betetzen duela, bestela oraindik ere garaje barruan baikenuen jeinu artaburu hau. Egia esan, badu meritua deabruak. Ozeanoa gurutzatu dudala oroitu dut, hogeita lau ordutik gorako bidaia eginaz. Ohartu naiz nirea ez dela benetako bidaia izan ordea, toki aldaketa soil bat baizik. Hemen inor badago bidaia egin duena hori anaia izan da, fisika, elektronika eta mekanikaren trenean egindako bidaia.
  • Visites: 215

ESCOLA D'ESCRIPTURA

ESCUELA DE ESCRITORES

ESCUELA DE ESCRITORES

EDITORIAL GALAXIA

AEELG

METODE

RESIDENCIA D'INVESTIGADORS

INVESTIGACIÓN Y CIENCIA

AELC

IDATZEN

EL HUYAR

EUSKAL ETXEA

BIBLIOTEQUES DE BARCELONA